SAN Marko Mankomunitatea hasi da Hernaniko Garbigunea egiten. Ibarluze poligonoan, Hernaniko Udalak utzitako lurretan egingo du Garbigunea, arraun elkarteko lokalaren ondoan. Abuztuaren erdialdera hasi ziren obrak eta mankomunitateak aurreratu duenez, 4 hilabete inguru iraungo dute; beraz, urte bukaera alderako, Hernanik bere garbigunea izango du.
Obrak bukatzean, bertako Garbigunera eramango dira gaur egun Garberako Garbigunera eramaten diren hondakinak, hau da, Atez Ateko sisteman bildu ezin diren hondakinak: altzariak, etxe-tresnak, disolbatzaileak, pilak, bateriak, traste zaharrak, bideo-zintak, CDak, bonbillak, plastikozko jostailuak, pinturaz edo disolbatzailez zikindutako trapuak... Horrez gain, kimaketa adarrak ere Garbigunera eraman litezke. Garbigunea dohainik izango da, Garberakoa den bezala.
Hernaniko Garbigunearentzat 2.487,12 m2 utzi ditu Udalak. Hernanikoa Garberakoaren antzekoa izango da, zertxobait haundiagoa.