Pirritx, Porrotx eta Marimototsen jaialdia, igandean

Kronika - Erredakzioa 2011ko abu. 30a, 02:00

Pirritx eta Porrotx amona Joxefinarekin geratu ziren bazkaria prestatzen eta Ma­rimo­tots bakarrik etorri zen atzo Hernanira, Pupu eta Lorek lagunduta. Hala ere, Mari­mototsek azaldu zuen igandean den denak hemen izango direla; «bai Pirritx, bai Porrotx eta baita Irrien La­gunen Klu­beko lagunak ere: Tiritatxo pediatra, Largabista naturazalea, Marikalanbre zientzialaria, Martinbertso kultura aditua...». Azken horrekin lotuta, kultura zer den jakiteko eta beste gauza asko ikasteko aukera izango dela azpimarratu zuen eta igandean azaltzeko gonbitea luzatu zuen. Denen artean, Ongi etorri Pupu eta Lore ikuskizuna eskainiko dute. Hernaniko kiroldegiko frontoian izango da, arra­tsaldeko 18:00etatik aurrera.
Sarrerak salgai daude Elkar liburu dendan eta Meri goxoki dendan, 6,5 euroan.

Lau Haizeta Akordeoi Orkestrarako dirua
Pirritx, Porrotx eta Marimo­totsen jaialdia Hernani Mu­sika Eskolako akordeoilari taldeak antolatu du, urtero egin ohi duen bezala. Maribel Insausti akordeoi irakasleak atzo prentsaurrean azaldu zuenez, «jaialdia antolatzearen helburua da, dirua biltzea, Lau Haizeta Akordeoi Orkestrarekin ekitaldi ezberdinak eta bidaiak antolatu ahal izateko». Hernaniko Udalak laguntza eman izan du orain arte ikuskizuna antolatzeko eta Insaustik eskerrak eman zizkion Udal berriari, orain arteko dinamikarekin jarraitzeagatik. Pirritx, Porrotx eta Marimototsi ere esker onak eman zizkien urtero Her­na­nira etortzeagatik.
Udalaren izenean, Luis Intxauspe alkatea izan zen atzoko prentsaurrekoan eta akordeoi taldeak musika in­dartzen egindako lana eskertu zuen eta pailazoen lana ere bai, «ondo pasarazteaz gain, balore oso garrantzi­tsuak zabaltzeagatik».

AEK euskaltegiaren
matrikulazio kanpaina

Urtero bezala, oraingo honetan ere, AEK euskaltegiko kideak bertan izango direla gogorarazi zuen Marimo­totsek; izan ere, AEKk matrikulazio kanpainari hasiera emango dio Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunaren ondoren. Bide batez, AEKn apuntatzeko dei egin zuen Marimototsek.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!