Irati Sarasua Arabaolaza
Suziria da festa guztien hasiera adierazten duen tresna. Azken 30 urteetan Iturralde anaiek piztu izan dute Portu auzoko jaietako lehenengoa. Hasiera haietan 70 kalibrekoa erabiltzen omen zuten, baina gerora Eusko Jaurlaritzak debekatu ostean, Zaragozatik ekarritako 50 kalibrekoa erabiltzeari ekin zioten.
Urteroko ohitura da Portu auzoan, trenbidearen albo batean bi anaiak elkartu eta jaien hasiera adierazten duten hamabi suziriak botatzea, eta baita jaietako ekintza garrantzitsu edo jendetsuenak hastear daudela adierazten dutenak botatzea ere. «Suziria, Hernaniko herritarrak auzoan berezia den zerbait egiten ari garela jakinarazteko erabiltzen dugun tresna da», diote Iturralde anaiek. Asto lasterketa, haurren jokoak eta Sagardo Eguna hasi aurretik, esaterako, suziriak botatzen dituzte.
Baina suziriek jaiei hasiera eman eta ekintza garrantzitsuenak hastear daudela adierazteaz gainera, hauen amaiera ere azaltzen dute. Soberan izaten dituzten etxaferoak eta koloretako su artifizialak botatzen dituzte zezen-suzkoaren ondoren, eta jarraian, amaitzeko, 150 metroko luzeera izaten duen trakaren txanda izaten da.
Iturralde anaien bizitzan, suziriak ohitura
Jai batzordeko kide dira bi anaiak eta eguneko ordu guztietan auzoan ez daudenez, batzuetan jai batzordeko beste kide batzuk izaten dira suziria botatzeko arduradunak, nahiz eta orokorrean euren lana izaten den.
Duela 30 urte suziria jai batzordeko norbaitek bota behar zuela argi izan zuten eta eurei egokitu zitzaien eginbeharra. Juan Iturraldek gainera, San Juan jaietako suziria ere botatzen du eta baita Realak gola sartzen duenean botatzen dena ere.
San Juan jaietan eta Portuko festetan suziri mota bera botatzen dela diote, Portukoek soinu gehiago egiten dutela dirudien arren, hots bera da, eta ozenago entzutearen arrazoia herriaren eta auzoaren arteko distantzia omen da. Herria auzoa baino gorago dagoenez, zenbait kaleren alboan eztanda egiten baitu.
«Oso arriskutsua» dela argi dute, eta behin baino gehiagotan izan dute horren berri; Antziola inguruan dagoen Jose Antonio taldearen 50garren urteurrenean esaterako, Juanek suziria piztu zuen eta begiaren ondoan egin zion eztanda, eta honek beti gogoratzeko moduko bi puntu eragin zizkion. Hori halere ez da orain arteko ezusteko bakarra izan, Portuko festetan ere izan baitute ezbeharrenbat edo beste. Baina argi dute Iturraldetarrek lan hau egiten jarraitzeko asmoa dutela eta urtero egitea ohore bat dela eurentzako.