Bukatu dira Ergobiko festak, lau egun eder pasa ondoren, eta azken urteetan bezala, larunbatean, Kabila edo Gurutzeta auzoan izango da egun pasa, azken txupinazoa botatzeko. Idi-probak izan ziren atzoko eguneko ardatza, eta Telleria lasartearraren idi-pareak irabazi zuen, 76 plaza eginda. Ginda, herritarrek egindako antzerkiak jarri zien festei. Eta zer esana eman dutenak, bi desafio: zaldia pertsonen kontrakoa, eta bi lagunek 900 kg-ko harriarekin egindako bi plazak.
Idi-probetan, Telleria
Ergobia Saria bereziki ezaguna da idi-proben munduan, eta atzo, Telleriaren idi-parea nagusitu zen, beste behin, 76 plaza eginda. Lasartearraren markatik urruti geratu ziren beste hirurak. Hernaniko Intxaurbururen idi-pareak 63 plaza egin zituen; Olasagasti igeldoarrarenak 62; eta Izeta aiarrarenak 61. Ez zen berriketarik. Azken postuan geratzen denak aukera galtzen du hurrengo urtean berriz Ergobin izateko, eta postu horri ihesean ibili ziren Telleria ez, besteak. Intxaurbururen pareak lan ederra egin zuen, azken tandan. Lopene buruan zela eta Telleria bultzaka, 63 plaza ondo bete zituzten, eta gustora hartu zuen Intxaurburu hernaniarrak bigarren saria.
Aurreko egunetako desafioek ere eman zuten zer esana. Oiartzungo 9 gizonek irabazi zuten apustua, Imanol Paollaren zaldiaren kontra. 25 minutuan 65 plaza egin zituzten oiartzuarrek, 900 kg-ko harriari tiraka. Zaldiak bikoiztu egin behar zuen marka, eta 111 plazatan geratu zen. Aurretik ordea, bi mutil-gaztek heldu zioten 900 kg-ko harriari, eta 2 plaza egin zituzten, 17 minutuan. Olasagastik bota zuen desafioa hurrengo urterako, berak bakarrik marka ondu baietz.
50garren Sagardo Lehiaketa Alorreneak irabazi zuen, Irigoien eta Gurutzetaren aurretik. Errifako zenbaki saritua, 020 zbkia.