«Ez nuen karrera ona egin, baina ahal bezala, aguantatu egin nuen podiumeko postuetan»

Kronika - Erredakzioa 2011ko abu. 23a, 02:00

Peru Alfaro hernaniarrak egin duena oso jende gutxiren esku dago. Europako hirugarren azkarrena da Alfaro, igandeaz geroztik, triatloi luzeetan. Tampere herrian, Finlandian, Europako onenak bildu ziren igandean, eta hernaniarrak bizkarra erakutsi zien, biri ez, beste guztiei, asko sufritu eta gero.

Goizeko 06:30ak. Tampere herria, Finlandia. Europako triatloilari onenak saltatu dira uretara. Hotz egiten du, oso hotz, eta uraren 18º-ek ez dute gorputzik bero­tzen. Her­na­niar bat da tartean: Peru Al­fa­ro. Igerian diferen­tzia atera­tzen die beti aurkariei, eta to­pera atera da, dituenetan. Le­he­nengo taldetxoan iritsi da, uretan 4 km egin ostean. Ha­siera ona. Baina nekatuta dago.

Bizikletan 120 km egin be­har ditu orain. 40 km­/or­duko abiaduran egin ditu 120 km-ak, eta bigarren postuan da.

Korrika ez du hain gustokoa; eta aurrean zain, 30 km gogor. Biga­rren postuari eusten saiatuko da. Sufritzen ari da, eta sen­tsazio kaxkarrak ditu. Hala ere, km bakoitza 3:50 minutuko median ari da egiten. 25 km egin eta gero, Jarmo Hast finlandiarrak pasa du. Hura etxean izaki, eta ani­mo guztiak berekin. Lau kilometro falta. Hiru­ga­rren postua ere ez da txarra. Iaz deskalifikatu egin zuten Al­faro, hirugarren postuan bu­katu eta gero. Dis­gus­to hura kendu ezinda ze­goen hernaniarra. Baina aurten lortu du arantza hura atera­tzea. Majo sufrituta, baina hirugarren postua, podiuma, eta mundialerako txartela, hernaniarrarentzat. Azaroa­ren 5ean izango da, Las Ve­ga­sen. Bejondeiola!

«Intentzioa horixe zen, podiumean sartzea»
Peru Alfarok Kronikari emozioz adierazi dio, gustora da­goela, helburu nagusia beteta: «Podiumean sartu nahi nuen. Mundialerako txartela lortzeko, batetik, eta bekak emateko eskatzen dutelako, emaitzak onak izatea. Nire lorpenik haundiena da, eta pena bakarra daukat, hobeto ere egin ne­zakeelako». Alfarok Euro­pako brontzezko domina lor­tu zuen igandean Finlandian, triatloi luzeko txapelketan, eta Mi­quel Blanchart ka­ta­lanak eta Jarmo Hast finlandiarrak ba­­karrik lortu zuten hernaniarraren au­rre­tik geratzea. Bost ordu eta 38 minutu behar izan zituen hernaniarrak proba bukatzeko eta oraindik denbora hobea egin zezakeela uste du; horixe pena bakarra. «Asko sufritu nuen hasieratik. Denbora ho­bea egin dezaket, eta alde ho­rretatik ez nago erabat gustora. Igerian eta bi­zikletan atera nuen margenari esker, lortu nuen podiumari eustea».  

Hernaniarrak dio, oraindik baduela mejoratzeko margena, batez ere ko­rrika. Hiru helburu ditu bu­ru­an: «Las Ve­gaseko Mun­dia­la, azaroan; Gastei­zen jokatuko den Munduko Txa­pel­keta datorren uz­­­tailean; eta Hawaiko Ironmana, 2013an. Ilusioz nago, oraindik badudalako zer hobetua; korrika, batez ere». Orain­goz, bide onean da hernaniarra!

Europako 10 onenak - ‘Top 10’

1-Miquel Blanchart (CAT)                 05:33:07
2-Jarmo Hast (FIN)                         05:37:32
3-Peru Alfaro San Indefonso (EUS) 05:38:26
4-Petr Vabrousek (CZE)                   05:38:53
5-Emil Dalgaard (DEN)                    05:39:05
6-Matteo Annovazzi (ITA)                 05:39:47
7-Jaroslav Kovacic (SLO)                  05:39:57
8-Richard Calle (CAT)                      05:40:41
9-Nikolay Yaroshenko (RUS)              05:40:43
10-Rasmus Petraus (DEN)                05:41:33
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!