Hernani 0
Cirbonero 2
Hernanik aurredenboraldiko azken partidua jokatu zuen larunbatean Cirboneroren aurka eta 0-2 galdu zuen. Bero sargoria izan zen protagonista eta bi taldeengan eragina izan bazuen ere, zorte gehixeago izan zuten nafarrek.
Cirbonero ere, hirugarren mailako taldea da eta Jon Loran Hernaniko futbol koordinatzailearen arabera, oso ondo etorri zaie partidua, azken erabakiak-eta hartzeko.
Aurredenboraldi positiboa
Orokorrean, Hernanik egindako aurredenboraldiarekin oso gustora daudela dio Loranek, balorazio oso positiboa egin dute, eta orain, denboraldiari begira jarri dira. «Taldea oso ilusionatua dago. Guretzat erronka bat da hirugarren maila eta denok hasteko gogoz gaude».
Liga, larunbatean hasiko da eta Hernanik Vasconiaren kontra jokatuko du, Zubipen, 18:00etatik aurrera. Athletic-eko filiala da Vasconia, Basauriko taldea. Ez da kontrario makala izango denboraldia hasteko.