Ergobiko jaiak aurrera doaz eta gaur, Sagardo Lehiaketa eta herri kirolak izango dira nagusi. Sagardo Lehiaketak mende erdia beteko du gaur eta nahi adina sagardo probatzeko aukera egoteaz gain, pintxoak ere izango dira. Goizeko 11:30etan izango da hori, Meza Nagusiaren ondoren.
Herri kirolak, berriz, arratsaldean izango dira, 18:00etan, eta bertan, momentuko harri jasotzaile onenak ikusi ahal izango dira: Perurena aita-semeak, Izetatarrak, Irigoyen eta Urdax.
Desafioak
Harrijasotzaileen ondoren, 20:00etan, Ergobia eta Astigarraga aurrez aurre izango dira trontzan. Ergobitarrak errebantxaren bila dabiltza. Eta gaueko 23:00etan, beste desafio bat: Paollaren zaldia eta Oiartzungo 9 lagun 900kg-ko harriarekin, zeinek buelta gehiago eman.
Igartzabal eta Oiartzabal krosseko irabazleak
Ostiralean, Ergobiko IV. Kross Herrikoia izan zen eta Zumarragako Juango Igartzabal izan zen bizkorrena. 33 minutu eta 44 segundotan egin zituen 10 km. Bigarrena, iaz bezala, Ibai Alba hernaniarra izan zen, 34 minututan bukatu zuen lasterketa. Emakumezkoetan, berriz, Lezoko Lurdes Oiartzabalek irabazi zuen, 41 minutu eta 43 segundoko denborarekin. Aurten, krossa, larunbatean egin beharrean ostiralean egin da eta iaz baino jende gehiagok hartu du parte. Denera, 111 lagun aritu ziren korrika.