Ilusio haundiz daude aurten CD Hernaniko kideak, erronka berriei aurre egiteko. Iaz baino 13.000 euro gehiago beharko dituzte, dena garestitu egin omen delako: bidaiak, arbitrajeak, seguruak... Izan ere, iaz mailaz igo zen mutilen talde nagusia, eta Hirugarren Mailan jokatuko du aurten.
Horrez gain, Hernaniko 14 talde ariko dira konpetizioan, eta futbol basea kontuan izanda, 500 bat neska-mutil izango ditu CDH-k, Hernaniko kirol talde haundienak.
Bazkide berriak egiteko kanpaina martxan jarri dute, 400 bazkide berri egiteko helburuarekin.
Abuztuaren 27an, Zubipen,
Hernani-Vasconia
Astebete falta da denboraldia hasteko. Abuztuaren 27an hasiko da Hirugarren Mailako liga, eta Hernanik Vasconiaren kontra jokatuko du, Zubipen, 18:00etatik aurrera. Athletic-eko filiala da Vasconia, Basauriko taldea, eta ez da kontrario makala, denboraldia hasteko.
Hala ere, aurretik, taldeak pretenporada bukatu behar du, eta gaur izango du azken ahalegina, lehenengo garaipena lortzeko, Cirboneroren kontra, Zubipen, 12:15etan. Hirugarren mailan ari da, Cintruenigoko taldea ere.
Dena garestiago,
eta diru gehiago behar
Erronka berriak, ahalegin haundiagoa eskatuko dio aurten Hernaniri, bai futbol-zelai barruan, eta bai kanpoan. Ricardo Ramos lehendakariak Kronikari jakinarazi dionez, aurten 13.000 euro gehiago beharko ditu Hernanik, gastuak asko igo direlako. Partiduak ikusteko ere gehiago ordaindu beharko da aurten, 12 euro inguru (beste taldeek kobratzen dutena). Horregatik, bazkide egiteko eskatu diote Hernaniko futbolzaileei. «Babesa behar dugu, eta ahalegin bat eskatzen diegu enpresei eta herritarrei. Zubipera jendea etortzea nahi dugu, eta bazkide eginda askoz merkeago ateratzen da, ez baita sarrerarik ordaindu behar».
«Ari da jende gaztea sartzen»
Ekipo indartsua ari da lanean CD Hernanin. 30 bat lagun ari dira kirol arduradun lanetan, eta gero eta gazte gehiago omen daude laguntzeko prest. «Direktiban estimatuko genuke jende berri gehixeago, baina beste alorretan gazteak ari dira sekulako lana egiten. Ilusioz gainezka gaude».
Bazkide kanpaina
-400 bazkide ditu taldeak.-Helburua: 400 bazkide berri egitea. Alegia, bazkide bakoitzak berri bat egitea.
PREZIOAK:
-80 euro helduek.
-40 euro jubilatuek.
NOLA EGIN BAZKIDE:
-Riojanos tabernan eskatu behar dira orriak.
Aurredenboraldia
Hirugarren Mailako taldea- Hernani-Real Union 1-2
- Tolosa-Hernani 1-1
- Hernani-Eibar B 1-1
- Hernani-Cirbonero gaur