Latxe, 97 urte, egurrari alkohola eta binagrea ateratzen, auzoko langileekin

Kronika - Erredakzioa 2011ko abu. 25a, 02:00

Latxeko fabrika 97 urtez egon zen martxan. 1887an ireki zuten, lehengo Latxeko burni-ola zaharraren gainean (La­sa­ko-ola, artxiboetan azal­tzen de­nez). Hasieran Lekum­berri y Cia gisara azaltzen bada ere, 1889tik aurrera Alkoholera Puig y Cia gisara azaltzen da. Egur destileria zen. Alkohola eta bi­na­­grea produzitzen zituzten, egur errearen kea kondentsatuta; pagoa eta ha­ritza erabil­tzen zituzten ho­rretarako. Fa­bri­karen kartelak horrela zioen: Aritzarenak - Fábrica de productos químicos - hijos de Jaime Puig.

Langile gehienak auzotarrak
Auzoko jendea aritzen zen lanean Latxen. Oraindik badira auzoan fabrika hura ondo ezagutu zutenak, bertan lanean arituak ez badira ere. Joxe Antonio Etxeberriak bere aita hantxe ezagutu zuen lanean, fabrika itxi zen arte. Florian Oiarbidek berriz, Latxe ondoko Abillats baserrikoa izaki, betitik ezagutu zuen fabrikaren martxa. Gaur egun egoera kaxkarrean dagoen fabrika orduan bezalaxe gogoratzen dute biek. «Fabrika haundia zan. 26 langile ere izan zituen, eta ia denak bertako baserritarrak. Erreleboetan lan egiten zuten, eta enkargatua Pron­txio Miner zen», dio Oiarbidek.

Binagrea eta alkohola
baino gehiago

«Kaldera haundi batzutan sar­tzen zuten egurra. Gero tapa bat jarri eta zirrikituak buztinarekin ixten zizkioten. Bur­nizko karril batzuetan eramaten zuten barrura. Han eskuzko grua batekin heldu eta zulora, labera. Hiru kaldera batera kabitzen ziren, eta 12 orduz egosten zuten egurra. Egu­nean 6 kaldera inguru egiten zituzten. Taparen gainean zulo bat zuen, eta handik kea ateratzen zen. Urarekin konden­tsatu, eta hortik atera­tzen zu­ten alkohola eta binagrea, edo azidoa. Azidoa zen gehiago, eta binagrearen esen­tzia bezala zen; errebajatu egin behar izaten zen patata irinarekin eta abar», dio Etxeberriak. Oiar­bi­dek horrela dio: «Baina alkitrana ere atera­tzen zuten, eta kaldera azpiko ikatza ere oso estimatua zen. Ikatz txia (xehea) finena, Or­be­gozok eramaten zuen. Alki­tra­na Pasaira joaten zen, barkuetarako. Alkohola bi eratakoa egiten zuten: gorpu­tzerako, eta erretzeko. Bina­grea edo azido hori, berriz, gehiena kontserberek eramaten zuten».  

Debekuek itxi zuten fabrika
Suarekin kalderak, eta urarekin gainerako guztiak; horrela funtzionatzen zuen Latxek, hidraulikaren bidez, inguruko erreketako urak bideratuta. Azkenean itxi egin zuten, egurra ateratzeko debekuak eta binagre klase hori erabiltzeko debekuak eraginda. Egoera kaxkarrean badago ere, babestuta dago Latxe, RED Natura 2000 Lic legearen barruan.
----------------------------------------------------------------------------------------------------------
«Prontxio Miner enkargatuak goizeko 08:00etan puntuan kanpaia jotzen zuen. Eta orduan egunezko erreleboa hasten zen lanean». Azpian, Florian Oiarbidek Latxeko fabrikari jarritako sei bertsotatik bat.

Goizeko zortzitan xuxen
jotzen zuten kanpana
Orduan hartu aizkora
zerra edo arpana
beste batzuk bizkarrian
bakoitzak borra bana
burni-ziriz egur hausten
bazuten nahiko lana.


--------------------------------------------------------------------------------------------------------
60 urte inguruko argazkia azaltzen da. Bertan ageri dira Latxeko fabrikako langileak, laguntzaileak, eta nagusiak (Puig familia). Behean, argazkiko kideen izenak, Kronikari eman bezala.
1-Iñaxio Arretxe (Alkatxuin)
2-Markos Gorrotxategi (Arriurdineta)
3-Juanito Santa Kruz (Akola)
4-Zelestino Izagirre (Akarregi)
5-Patxi Perurena
6-?
7-Tiburzio Izagirre (Akarregi)
8-Jose Miel (Txabola)
9-Altxotarra
10-Antonio Mª Izagirre
11-Santiago
12-Antonio Erroizenea (Ubarreto)
13-Joxe Mari Etxeberria (Latxe)
14-Rafael Izagirre (Ubarreto)
15-Juan Mari Artola (Alkatxuin)
16-Rafael (Altxusta)
17-Jose Izagirre (Aparrain)
18-Juan Domingo Erroizenea
19-Juanito Aranburu (Aparrain)
20-?
21-Seberiano Etxegoyen
22-Xanti Irazusta.
23-Agustin Oyarzabal (Larrats)
24-Dionisio Zabaleta (Etxolaberri)
25-Esteban Izagirre (Askatsu)
26-Lola
27-Gregorio Santa Kruz (Akola)
28-Luis Izagirre (Aparrain)
29-Leandro Irazusta.
30-Prontxio Miner (Latxe)
31-Eusebio Izagirre (Akarregi)
32-Luis Mª Puig
33-Kontxita Puig
34-D. Pepe Puig
35-Montserrat
36-Dolores Puig

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!