Astelehenean, Amabirjin egunean, festa eguna izan zuten Astigarragako Santiomendi auzoan. Giro ederrean ibili ziren beste behin ere. Goizean dianarekin esnatu ziren eta oilasko biltzaileak baserriz baserri atera ziren.
Baina batez ere jendea, eguerdi partean bildu zen, izan ere, orduan jarri zen saltsa gehiena sagardo probaketa, tortila patata lehiaketa, txorixo pintxo eta zaldi demarekin.
Plazaetxeko sagardoa eta Begoña Mujikaren tortila
Sagardo probaketan, Santiomendiko 7 baserritako sagardoa izan zen aukeran. Guztiak maila onekoak ziren eta zaila izan zen bat nagusitzea, baina azkenean, baten batek irabazi behar eta Plazaetxeko sagardoa nagusitu zen. Tortila patata lehiaketan ere zailtasun bera izan zuten epaimahaikideek. 13 tortila aurkeztu ziren. 5 oso onak zirela azaldu zuten eta 3kin zalantzak izan zituzten. Azkenean, Begoña Mujikaren tortilak irabazi zuen.
Zaldi deman, ez zen zalantzarik izan. Zerainen zaldia nagusitu zen 78 plaza eginda, ordu erdian. Imanol Paollaren zaldiak 72 plaza egin zituen.
Zaldi demaren ostean, auzo bazkaria egin zuten Larrarten. 47 lagun bildu ziren.
Arratsaldean, herri kirolen txanda izan zen eta, besteak beste, auzoko trontzalariek erakustaldia eman zuten. Igandean, Ergobiko trontzalarien aurka jokatuko duten desafiorako sasoi betean daudela erakutsi zuten.
Egun osoan, Xapre trikitilaria eta Furriela panderojolea ibili ziren auzoa girotzen eta eguna ere, haien doinuekin bukatu zuten.