Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak eta Basquetour Euskal Turismo Agentziak, Lehiakortasun eta Berrikuntza Plana jarri dute martxan, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako turismoa indartzeko asmoz. Plan hori aurrera eraman ahal izateko, beharrezkotzat jo dute, eskualdeetan, turismo-lankidetzarako erakundeak sortzea eta Buruntzaldean (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil), erakunde hori Behemendi Elkartea izango da.
Bi helburu
Bi helburu izango ditu erakunde honek: alde batetik, turismoa dinamizatzeko planen bitartez, eskualdeko turismoa indartzea; eta bestetik, eskualdeko turismo-sektorearekin zuzenean edo zeharka lotuta dauden eragile publiko eta pribatuekin lan egitea.
Eskualdean dauden eragile pribatuak publikoetara hurbiltzeko, partaidetza-mekanismoak sortzeko asmoa dute. Horretarako, Behemendik, mahai instituzionala, turismo mahaia eta mahai subsektorialak antolatu eta gestionatuko ditu.
Iraila-urritik aurrera osatuko dira mahai instituzionala eta turismo mahaia eta orduan hasiko dira eskualdeko eragile turistiko guztiekin harremanetan eta elkarlanean.
Hiru mahai
Mahai Instituzioanala: Eskualdeko 6 Udalek hartuko dute parte eta Turismo Mahaiko proposamenak jaso, aztertu eta onartuko ditu.
Turismo Mahaia: Eskualdeko eragile turistiko publiko-pribatuek osatuko dute eta iritzi eta proposamenak Mahai Instituzionalera pasako ditu.
Mahai Subsektorialak: Subsektore turistiko pribatu ezberdinetako eragileek osatuko dute eta iritzi eta proposamenak Turismo Mahaira pasako dituzte.