Goizuetako Amabirjin jai-ak badoaz aurrera eta gaur, Emakumeen Eguna ospatuko dute, aurreneko aldiz. Garai batean emakumeek festak etxean pasatzen zituzten, eta gaur egun ere ohitura hori Goizuetako adineko jendeak bizirik mantentzen duela-eta, egun hau antolatzea erabaki zuten Luis Elizegik eta Udalak. Emakumeek egun bat lasai hartzea, behintzat, merezi zutela pentsatuta.
Eta egunari ekiteko, 10:00etan txaranga aterako da buruhaundiez lagunduta. Bidean balkoi eta leihoetara ateratzen diren emakumeei garai bateko kantuak abestuko dizkiete, esaterako, «Que guapa estás Maria, Maria». Ondoren, 12:30ak aldera pelota partidu xelebreak egingo dituzte, antzerki-joku modukoak. Epaile bereziak egongo dira bertan eta baita istripuak eta gauza bereziak ere. Nahiko barre egin ostean, bazkaria izango da ikastolan, herriko bertsolariekin.
Dantza emanaldia,
arratsaldean
Eguneko ekitaldirik nagusienetakoa, Umore-Ona dantza taldearen emanaldia izango da. Hori 19:00etan izango da plazan (eguraldi txarrarekin, goiko frontoian). Gaurkoan ere, asko eta asko izango dira emanaldia ikustera gerturatuko direnak.
Horrez gain, goiz eta arratsalde, puzgarriak eta elastikoak izango dituzte umeek eta gau partean dantzaldia izango da Dantzaldi taldearekin eta Karaokea gaztetxean.
Pelota partidu ederra, atzo
Atzo, Amabirjin egunez, lehenengo mailako afizionatuen pelota partidua jokatu zen. Bendoiro-Zubiri 29/Urbieta-K. Galarraga 30. Partiduak berez, 25era jokatzen dira, baina 24na berdinduta zeudela, pelotariek 30era luzatzeko eskatu zuten. Partidu ederra izan zen; jendeak asko gozatu zuen.
EGITARAUA
10:00 Txaranga erraldoi eta
buruhaundiekin.
11:00-14:00 Haurrentzako
puzgarriak eta elastikoak eskolan.
12:30 Pelota partidu xelebreak.
14:00 Bazkaria herriko bertsolariekin ikastolan.
16:00-18:00 Haurrentzako puzgarriak eta elastikoak eskolan. Bertan, napolitanak banatuko dira.
19:00 Umore-Ona dantza taldearen emanaldia plazan (eguraldi txarra eginez gero, goiko frontoian).
22:00-02:00 Dantzaldia Dantzaldi taldearekin.
Ondoren, Igandea txaranga.
01:00-03:00 Karaokea gaztetxean.
AUTOBUSAK, 16, 17, 18, 19:
Goizuetatik: 09:00 eta 15:00.
Hernanitik: 12:00 eta 19:00.