Txantxangorriko tiratzaileak fin dabiltza, sariak ekartzen ari baitira, joaten diren txapelketara joaten direla. Uztailaren 29tik 31ra Plater Tiroko Espainiako Txapelketan, Jesus Arrietak irabazi egin zuen Bigarren Mailako txapelketa, eta bere semeak Anderrek, hirugarren saria irabazi zuen, Sailkapen Orokorrean.
200 plater eta 182 tiratzaile, zeinek gehiago joko
Arrieta aita-semeek txapela kentzeko moduko lana egin zuten, Lleidan jokatu zen txapelketan, Port Ainé Rialp-eko tiralekuan, eta Compak Sporting modalitatean. Tiratzaile asko inguratu ziren bertara, 182 guztira, bakoitza punta banatatik etorria. 200 plater pasa zitzaizkien aurrean, eta ia denak bota zituzten bai aitak eta bai semeak. Anderrek 186 bota zituen; Jesusek, 168. Etxeko bitrinak betetzen ari dira arrietatarrak, eta orain badituzte beste bi sari, lehendik irabazitakoen ondoan jartzeko.