Irati Sarasua Arabaolaza
«Nire iritziz inork ez du egun bat merezi emakumeek baino gehiago» dio Luis Elizegik, Emakumeen Egunaren antolatzaileak. Garai batean emakumeek festak etxean pasatzen zituzten, eta gaur egun ere ohitura hori Goizuetako adineko jendeak bizirik mantentzen duela diote festaren antolatzaileek; bazkaria prestatu, antolatu eta senideetaz arduratzen. Gizona kalean, etxera ia azaldu gabe, parrandan ibiltzen zen bitartean, emakumea zen etxearen ardura zuena Elizegiren hitzetan. Egun bat lasai hartzea, behintzat, merezi zutela pentsatuta, eurentzako egun bat antolatzea okurritu zitzaion, «gazteen eta peñen egunak ospatzen dira, eta zergatik ez emakumeena? pentsatu nuen». Izaskun Bakero Udaleko zinegotziak hori baieztatu eta azaltzen du: «emakume helduenak dira etxean geratzen direnak. Horri buelta eman nahi izan diogu, eta emakume horiek omendu».
«Etxeko lanak egin nahi dituzten emakumeek festa ez galtzeko, Diana atzeratu dugu» azaltzen dute antolatzaileek; 08:00etan egingo da, 10:00etan egin beharrean. Txaranga eta Diana batera aterako dira buruhaundiez lagunduta eta herriari bira emango diote jendartean. Bidean balkoi eta leihoetara ateratzen diren emakumeei txarangarekin garai bateko kantuak abestuko dizkiete, esaterako, «Que guapa estás Maria, Maria».
Ondoren, 10:30ak aldera pilota partidu bereziak egingo dira, antzerki-joku modukoak. «Epaile bereziak egongo dira bertan eta baita istripuak eta gauza xelebreak ere, berezia izango da» dio Elizegik.
Hori guztia amaitzean, herri bazkaria egingo dute; bertara emakume guztiak kapel zuriarekin joango dira. Bazkarira joan nahi duenak aukera izango du: oraindik ez dituzte sarrerak salgai jarri, eta beraz, ez dakite harrera zein izango den, baina jende asko animatzea gustatuko litzaieke antolatzaileei.
Halere, uste dute aurten baino jende gehiago elkartuko dela datozen urteetan, lehenengo urtea izanik, ezezaguna den horren aurrean izaten den jarrera dela-eta. Gainera, herrian mota guztietako harrera izan du egunak. «Badaude egunaren alde eta antolatzearekin gustura daudela azaldu diguten herritarrak, baina baita hasiera batean honen aurkako jarrera izan dutenak ere. Nazioarteko Emakumeen Eguna badagoela esanez, ospakizunaren aurka azaldu ziren hasieran. Baina egia da, hasierako jarrera soilik izan zela; gauzak benetan nola diren azaldu diegunean, eta errebindikazioa baino gehiago emakumeak festaren parte sentitzeko saiakera dela azaldu diegunean, ulertu, eta onartu egin dute», diote Pili Apezetxea eta Izaskun Bakero zinegotziek.