Irati Sarasua Arabaolaza
Goizuetako festak hastear daude, lehenengoak dira alkate postuan zaudenetik, nola bizitu dituzu orain arte? Eta hemendik aurrera?
Goizuetan ez da festetan bezainbeste jende inoiz biltzen. Festetan jende asko egoten da eta herrian sortzen den giro hori da gehien gustatzen zaidana.
Lehen, ordurik gabeko egunak izaten ziren niretzat, baina aurten aldiz, beste ardura batzuk izango ditut eta pentsatzen dut beste era batera biziko ditudala. Goizetan alkate moduan zenbait ekintzatan parte hartuko dut eta gauean gazte naizen aldetik parranda pittin bat egingo dut; biak uztartu beharko ditut aurten.
Festak antolatzeko prozesua nolakoa izan da?
Aurreko legealdiko Udalak gauza asko lotuta zituen lehenagotik. Kontzertuak esaterako uda osoan egiten dira eta horiek jada antolatuta zeuden. Dantzariak eta Sagardo Eguna bezalako ekitaldiak ere bai.
Lotzeko geratzen ziren zezenketak egiteko ardura nork izango zuen, eta jokalari profesionalen pilota partiduetan nor arituko zen. Zezenketena pittin bat airean zegoen arren, urtero pertsona bera izaten denez aurten ere bera izango da. Jolakari profesionalen pilota partiduak ere egin nahi genituen, lehengo urtean ere egin ziren, eta aurten ere eskatzen ari ziren. Horretaz gain Emakumeen Eguna antolatu dugu. Antolatzen dugun lehenengo urtea da eta ilusioz ekin diogu lanari.
Zer suposatzen du zuretzat, alkate postua hartzeak? Nola sentitzen zara?
Ohore bat da niretzako. Hamar urte bete nituenetik kanpoan bizi naiz, baina beti Goizuetara etorri izan naiz asteburu guztietan, uda guztietan eta abar... koadrila ere bertakoa dut, nire herria Goizueta da nahiz-eta bertan ez bizi. Arraroa egiten zait Hernanin bizi eta Goizuetako alkatea izatea, baina niretzako ohore bat da. Espero dut herritarrek orain arte beren esker ona eta laguntza eskaini didaten bezala eskaintzea lau urte barru ere.
Zein asmo dituzue herrirako? Zein proiektu?
Garrantzitsuena herriko gazteak bertan geratzeko aukera izatea da. Gazte askok gaur egun ez dute etxebizitza erosi edo alokatzeko aukera izaten. Gure lehenengo erronka etxebizitzak egin eta gazteei bertan geratzeko aukera ematea da. Asteburuetan jende asko herrira etortzen den arren, etxebizitza lortzea ezinezkoa denez, eta lana ere bertan egiten ez dutenez, asko Gipuzkoako edo Nafarroako beste herri batzuetan erroldatzen dira. Ondorioz, populazioa gero-eta baxuagoa da.
Beste helburu batzuk ere baditugu: ia prest dagoen albergea irekitzea, eta herriari loturiko turismo plana martxan jartzea, adibidez; edo bide gorri bat egiteko asmoa ere badugu.