«Herrenoça»ko olako zergak, Martinez de Ayerbe eta Pertantyguiri eman zitzaizkien 1465ean

Kronika - Erredakzioa 2011ko abu. 15a, 02:00

Henrike IV erregeak, 1465­eko idatzi batean agindu zuen, «Herrenoça»-ko (Ere­ño­­tzu) bur­­­niolako zergak zeini or­dain­du behar zi­tzaizkien: Juan Martinez de Ayerbe batxile­rra­ri, eta Pedro de Pertan­ty­guiri. Horrek adie­razten du, or­du­rako bazela burniola Ere­ño­tzun, eta irabaziak zituela.

Burniolek sekulako ga­rran­tzia izan zuten Erdi-Aroan hasi, eta ia gaur eguneraino. Indus­trializazio aurretik izan zen aktibitate ekonomiko haun­dienetakoa zen, eta Uru­mea bailarak asko daki horri buruz. Garai hartako testigu ixil asko dauzkagu, oraindik, Uru­mea bazterretan. Ereño­tzun, elkarren ondo-ondoan di­tugu, adibidez: Ereñotzu Etxea (Txilibita), Ereñotzuko Ola, Bazterrola, eta garai har­tako Zubi-zaharra.

Ereñotzu Dorretxea
Hernaniko familia aberatsene­tako bat izan zen Ereñotzu familia XVI. mendean. Juan Martinez Ereñotzu da eza­gu­ne­na, Agustinetako konbentua egin zuena. Bereak zituen, baita ere: Ereñotzuko Do­rre-txea (gaur Txi­libita izenez eza­gu­tzen duguna, bertako ai­to­nak txili­bitua jo­tzen omen zue­lako), bi burniola (Chabi edo Ola nagusia, eta Bazterrola), Por­tua eta Lonja. Osiñagako olan ere ba omen zuen partea. Etxe hori XV. mendean bazen, eta Dorretxearen arrastoak oraindik bistan ditu: leihoak eta atea (erdi-puntuko arkua dutenak), ixkin-harriak, eta abar... Etxe horrek eman zion izena, familiari, eta auzoari.

Burniolak eta Zubi-zaharra
Ereñotzu auzoaren erdi-erdian bi burniola zaharren arrastoak ditugu. XVII. mendean Es­trada Dukearen bi semeenak omen ziren, eta aingurak (an­cla)  egiten omen zituen (Fa­go­llagakoak geroago bezala). 8.000 kintal produzitu omen zitzakeen Ola nagusiak.

Bi olen artean zubi bat ze­goen, eta gaur egun erdiko han­ka bakarrik dago zutik, noizbait, uholderen batek go­gor kaltetu omen zuelako. Uholde gogorrak izango ziren orduan Ereñotzun. Auzokoek kontatzen dutenez, urte batean uholde haundi batek enbor bat utzi omen zuen hanka horren gainean... hu­rrengo uholdea ere ez zen kax­karragoa izango, enbor hura eraman egin omen zuen-eta!

Urumea bailarako burniolak (ezagutzen direnak)

  • Aparraingo burniola
  • Pagoagako burniola
  • Pikoagako burniola
  • Urruzuno/Olazarko burniola
  • Olaberriko burniola
  • Huerratuako burniola (Ubarreto)
  • Abillasko burniola
  • Lasako burniola (Latxe)
  • Ereñotzuko burniolak
  • Fagollagako burniola
  • Epeleko burniola
  • Zeagako burniola (Eziago)
  • Osiñagako burniola
* Iturria: Hernaniko Udal Artxiboa, Antton Aguirresorondoren Hernani eta hernaniarrak liburua, eta Urko Apaolazak egindako Kronika (2010-04-18).
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!