Zeberio IIak eta Utergak finalerdiak jokoan dituzte gaur, Buruz Buruko Kutxa Torneoko bosgarren partiduan. Bi aurkariek hirugarren partidua jokatuko dute eta erabakigarria izango da finalerdietara pasako diren edo ez jakiteko. Izan ere, Zeberiok 30-25 galdu zuen herenegun Urrizaren aurka eta gaurko eta asteleheneko partiduan (Urrutia I-Urriza) erabakiko da zein bi erremontista sailkatuko diren finalerdietara, Ezkurra eta San Miguelekin batera.
Zeberiok aukera gehiago ditu Utergak baino. Honi, 30-23 irabaziko balio, zuzenean sailkatuko litzateke. Utergak aurrera egiteko, berriz, Zeberiori erraz irabazi beharko lioke gaur eta astelehenean, Urrizak Urrutiari. Eta hala ere, tanteoaren zain geratu beharko luke.
Partidua bigarrena izango da, 16:00etan Galarretan hasiko den jaialdian. Honakoak, gaurko partidu guztiak: Juanmartiñena-Zubiri/Matxin VI-Saldias; Zeberio II/Uterga; Ezkurra-Agirrezabala/Endika-San Miguel; eta Matxin IV-Olazar/Etxabe II-Ion.