Ez dira gutxi izan urteetan zehar entzun ditutan proposamenak: baten batek zeruaren kolorea ozeanoen kolorearen islada besterik ez dela zioen; beste batek espazioaren beraren kolorea zela urdina. Sarritan azkar samar aurki daitezke azalpen sinpleeegien gabeziak: basamortuetan, ozeanoetatik milaka kilometrora ere, zerua urdin-urdina da, eta espazio hutsera bidalitako satelite guztiek ateratako argazkiak belztasun mugagabe batek betetzen ditu. Gaurkoan, fisikaren eta biologiaren eskutik saiatuko gara galdera honi erantzuna ematen. Murgil gaitezen ba, zientziak eman diezazkiguken azalpenetan.
Eguzki argia: zer da kolore bat?
Imajina ezazu gitarra bat. Soketako bat kolpatzean honek bibratu egiten du eta dardara horrek soinu jakin bat sorrarazten du. Behatza trasteetako batean jarriz gero, sokak azkarrago bibratzen du eta entzuten den soinua zorrotzagoa da. Bibrazio uhinen luzera aldatuz (behatza trasteetan gora eta behera mugituz), edo bestela esanda, bibrazioen maiztasuna aldatuz (geroz eta soka motzagoa, geroz eta azkarrago egiten du dardara sokak), musika nota desberdinak sor ditzazke instrumentuak: do-tik si-ra eta tartean geratzen den guztia.
Argia, funtsean, gauza bera da. Apur bat korapilatsuagoa agian, izan ere, bibratzen ari den gauza ez da soka bat, baizik eta eremu elektromagnetikoa bera. Horrela, guk kolore deitzen duguna ez da argi-izpi baten maiztasuna baino. Sokaren maiztasuna aldatu: do, re, mi; argiaren maiztasuna aldatu: gorri, berde, urdin. Gure begiak kolore batzuekiko soilik dira sentikorrak, gure belarriak soinu-frekuentzia tarte jakin bat bakarrik entzun dezaketen moduan. Ikusgai zaigun maiztasun tarte horren barruan, kolore gorriak du maiztasun txikiena (horren azpitik argi infragorria dago) eta kolore urdin-moreak du maiztasun handiena (horren gainetik, argi ultramorea dugu).
Eguzkitik datorkigun argia, zuria dirudiena, benetan ortzadarraren kolore guztien nahasketa bat da. Beste modu batean esanda, zuria ez da kolore puru bat, baizik eta gainontzeko kolore guztiek sortutako anabasa elektromagnetikoa. Analogia musikatuarekin jarraituz, Eguzkia piano bat balitz sortuko lukeen soinua ia tekla guztiak aldi berean zapalduz lortzen den nahaspila sinfonikoa izango litzateke.
Orduan, Eguzkitik ortzadarraren kolore guztiak iristen bazaizkigu, zergatik gailentzen da urdina gure buruen gainean?
Atmosfera eta Molekulak: Talkak eta sakabanaketa
Lurraren atmosfera zeharkatu bitartean, Eguzkitik datorkigun argiak aire molekula zein partikula txiki ugarirekin egiten du topa. Topaketa hauek Rayleigh-ren sakabanaketa izeneko fenomeno fisikoa eragiten dute: motzean esanda, argiak talkak jasaten ditu eta horrek bere norabidea aldarazten du. Rayleigh-ren sakabanaketa urdin eta more koloreekin eraginkorragoa da, maiztasun handiagoa dutelako; bestalde, sakabanaketa ez da hain eraginkorra maiztasun txikiagoekin, hau da, kolore gorrixkekin. Hau hala zergatik den ulertzeko atmosfera osatzen duten molekulen egitura atomikoa eta elektroi eta argi-izpien arteko elkarrekintza elektromagnetikoa ulertu beharra dago, baina gaur behintzat ez dut inor asperkeriak jota hiltzeko asmorik…
Azken batean fenomeno hau izango da zeruaren urdin kolorearen erantzulea. Argi urdina atmosfera osoan zehar sakabanatzen da, jasaten dituen talka eta desbiderapen ugariak direla eta; ondorioz gure begietara norabide guztietatik iristen da. Maiztasun txikiagoko koloreen nahasketa (gorri, hori, berde), ordea, eragozpen handiegirik gabe iristen da gugaino. Atmosferarekin elkarrekintza gutxiago dutenez, maiztasun hauen ekarpena txikiagoa da zeruaren kolorean. Ikuspuntu musikaletik, pentsa genezake eguzkiko soinu nahasiak atmosferako molekulak dantzan jartzen dituenean hauek si nota dutela beriziki gustuko, gainontzeko tonuei apur bat entzungor egiten diete. Horrela, zerua “entzuten” dugunean, badirudi gehienbat si nota abesten duela.
Ilunabarrean eta egunsentian, egoera nabarmen aldatzen da. Eguzkia zerumuga ertzean dagoenean bere argiak atmosfera zati handi eta luzeago bat zeharkatu behar du gugana heltzeko. Argi urdin-moreak hainbeste talka eta desbiderapen jasaten ditu bere ibilbidean non ia ezinezko zaion hain atmosfera zati luzea gurutzatzea: pinball erraldoi baten antzera, argi urdina espazio hutsera edo lurrazalera desbideratzen da ilunabarrera begira dagoen pertsona baten begietara heldu baino lehen. Argi gorri, hori eta laranjek, bestalde, ez dute hainbeste arazo topatzen, jasandako sakabanaketa ez da hain handia. Horrela, atmosfera guztia zeharkatu eta tonalitate epelagoz janzten dute zerua.
Azalpen honek arazo txiki bat du, ordea. Kolore moreak urdinak baino maiztasun handiagoa duenez, Rayleigh-ren sakabanaketa eraginkorragoa izan beharko litzateke lila kolorearekin urdinarekin baino. Baina orduan, zergatik ez da zerua morea egunean zehar? Erantzuna gure begietan dago.
Gure Begiak
Sudur gainean daramatzagun bi bola zurixkak eboluzioaren mirari handienetako baten emaitza dira. Egitura biologiko konplexu samar bat medio, inguruko objektuen forma zein distira antzemateaz gain, heuren koloreak desberdintzeko gaitasuna ematen digute. Neurri handi batean, ahalmen horren erantzule gure erretinan aurki daitezkeen makila eta kono deituriko zelula fotorrezeptore batzuk dira. Zelula hauek argi-izpien energia seinale elektriko bihurtzen dute, eta seinale horiek gero garunera bidaltzen dira, ikusmena eraginez.
Kolore desberdinak hautemateko gaitasuna konoengandik datorkigu, hain zuzen ere. Hiru kono mota dauzkagu: normalean L, M eta S letrak erabiliz sailkatzen dira (Long, Medium, Short). Kono mota bakoitza argi-espektroaren zati ezberdin batekiko da sentikorra. Hala, L motako konoak maiztasun txikiko argiarekin aktibatzen dira gehienbat (hau da, argi gorrixkarekin), M motakoak maiztasun ertaineko argiarekin (berdea) eta azkenik S motakoak oso sentikorrak dira argi urdinarekiko (maiztasun handiko argia).
Gauza da L motako konoak argi morearekin ez direla kolore urdinarekin bezain erraz aktibatzen, daukaten fisiologia partikularra dela eta. Irudian ikus daitekeen moduan, L motako konoen sentikortasuna oso azkar gutxitzen da urdinetik tonu moreagoetara pasatzean. Gauzak horrela, gure begiek objektu bat moretzat identifikatzeko erretinara iristen diren argi-izpien gehiengo oso handi batek izan behar du morearen maiztasunekoa, urdinaren maiztasunarekin heltzen diren argi-izpi kopuruarekin alderatura. Laburbilduz, gure begiak askoz sentikorragoak dira argi urdinarekiko argi morearekiko baino.
Horra hor, beraz, puzzlearen azken pieza: nahiz eta benetan atmosferaren kolorea apur bat moreagoa den urdina baino, gure garunak eta begiek urdin kolorearekiko duten faboritismoak eragiten du guk zerua urdin kolorekoa ikustea. Eboluzioaren kapritxoengatik izango ez balitz, gizakion begiak bestelakoak izango balira, ziurrenik artikuluaren izenburua desberdina izango litzateke. Nork daki, agian beste animalia batzuen umeek heuren gurasoei zerua zergatik den morea galdetzen diete lotara joan aurretik.