San Joanak

«Kalean ondo lagunduta sentitzen gara»

Erabiltzailearen aurpegia Lide Iraola 2023ko eka. 23a, 00:00

Miguel Angel Gorrotxategi eta Agustin Peña, Kronikarako elkarrizketan.

Danborradarik gabeko San Juan jairik ez dute irudikatzen ez Miguel Angel Gorrotxategik, ezta Agustin Peñak ere. Mende erdi baino gehiagoz ez dute besterik ezagutu, eta gehienetan hartu dute parte. Aurten Gorrotxategik hartuko du berriz ere zuzendari makila. Peñak deskantsua hartuko du, eta etxeko balkoitik biziko du danborrada. Atzera begira jarrita, pixkanaka gogora ekarri dituzte kontatzeko dituztenak.

Noiz eta nola hasi zen Santa Barbara elkartea danborrada antolatzen?

Agustin Peña: 1965ean antolatu zuen lehen danborrada. Orduan, Loiolako kuarteletik zetorren banda militarrak jo ohi zuen San Juan jaietan, eta urte hartan, Udala la Verbena de la Paloma antolatzekoa zen. Horri boikot egin eta herritarrek entretenitzeko beste zerbait izan zezaten, elkarteko asanblada batean erabaki zuten danborrada sortzea.

Hala ere, orduan ez genuen danborradarako ezer, baina segituan hasi ginen hara eta hona bilatzen. Hernaniko Udalak diru-laguntza eskuzabala eman zigun, jantziak Ordiziako elkarte bati alokatu genizkion, eta danborrak merke lortu genituen.

 

Ordutik, urtero egin al da?

A.P.: Ia-ia. Hiru urtetan eten genuen: lehena, 1970ean. Pedro Orbegozo enpresako langileak greban zeuden, eta poliziak gogor egin zuen haien aurka. Horren aurrean, Hernaniko elkarteek poliziaren jokaera salatzeko oharra sinatu genuen, eta horregatik, urte hartan ateak itxi zizkiguten.

Gerora, beste bi urtetan danborrada antolatzeari uko egin genion, udalarekin desadostasunak medio. 

Miguel Angel Gorrotxategi
Pandemia garaian ere, bi urtez ezin izan genituen danborrak hartu. Baina iaz berriro jarri genuen martxan. Beraz, guztira 50 urte baino gehiago baditu danborradak. 

 

Nolatan danborrada bat Hernanin?

M.A.G.: Beste herrietan egiten denean, ikustea gustatzen zaigu. Zergatik guk ez jo?

A.P.: Bai, hori da. Behin batek esan zidan danborrada Donostiakoa dela, eta ea zertarako egin hemen. Nik erantzun nion plazetako dantzak ere ez direla Hernaniko berezkoak, eta hemen ere dantzatzen direla. Donostian egiten da danborrada, baina baita Azpeitian, Tolosan eta beste herri ugaritan ere. 

Santa Barbara elkarteak abian jarri baino lehenago ere, Hernanin antolatu izan zen danborradarik. Uste dut lehena 1929 inguruan egin zutela, eta gerora Luixtarrek hartu zuten beraien esku. 

 

Zuek nolatan hasi zineten?

M.A.G.: Nire aita izan zen sortzaileetako bat. Nik bederatzi urte nituen orduan, baina pare bat urtez jo nuen helduekin. Gero, hemezortzi urte egin arte itxaron behar izan nuen berriz ere parte hartzeko. 

Aitak gogo handiz hartzen zuen danborrada, eta niri ilusio bera sorrarazi zidan. Soldaduskan pasatako bi urtetan ezin izan nuen jo, eta gogoan dut nola entseguetan telefonotik deitzen zidan danborren burrunba entzuteko. 

Bi urte horiez gain, ez dut gehiagotan kale egin, izan danborra jotzen edota zuzentzen. Baina nik gehien danborra joaz disfrutatzen dut.

A.P.: Gainera, gu biok San Juan jaiak musikaren bueltan pasatzen ditugu: San Juan bezperan helduen danborradan, hurrengo goizean haurrenean, eta beste egunetan txarangan. 

Nik 1966an hartu nuen parte lehen aldiz, eta hogei urtez ibili nintzen. Gero, 2003an Gorrotxaren (Gorrotxategi) partez danborrada zuzentzeko eskatu zidaten, urtebete izango zelakoan. Azkenean, sei urte izan ziren. 

 

Nola bizi izan duzue zuzendari izatea?

M.A.G.: Ardura handiz hartzen dut nik. Hasteko, behin danborrada hasita ezin zara despistatu. Errazegia izaten da kantaz nahastea, edota kantak luzeak direnez, doinuan galtzea. Horrelakoetan, musikariak baino segundu erdi mantsoago joan ohi naiz, horien bidez orientatzeko.

Bestetik, zuzendari lana ez da hasten eta bukatzen danborradarekin batera. Lehenagoko antolakuntza lana dago, bilerak eta abar. Eta behin jotzeaz bukatuta, dena bildu behar da eta kontuak egin zer etorri den egoera onean eta zer ez. Gero, sailkatu eta jaso egin behar da. 

A.P.: Ni gustura ibiltzen nintzen, beti korrika eta saltoka. Plazan antzerki txiki bat ere egiten nuen. Baina lana da, bai. 

 

Hala ere, urte askoz ibili zarete horretan.

A.P.: Hasierako urteetan jende gehiagok parte hartzen genuen, eta horien artean elkarteko bazkide gehiagok. Gerora, batzuk hurbiltzeari utzi zioten. Parte hartzaile kopuruagatik ez dugu inoiz bertan behera uzteko asmorik izan. Baina antolakuntza lanetan laguntza falta sumatu dugu. Urte luzez ibili gara hiruzpalau lagun, bakarrik. 

M.A.G.: Bai, askotan eromena izaten zen. Herriko jendeak bazekien nortzuk ginen urtez-urte horretan genbiltzanak. Nik Alde Zaharrean egiten nuen lan, eta San Juan jaiak hurbildu ahala, beti bazen norbait danborradako kontuengatik salmahaira galdezka hurbiltzen zena. 

Duela zortzi bat urte, Pablo Alonsok hartu zuen zuzendaritza, eta horretan aritu zen orain arte. Berak sortu zuen antolakuntza talde handiagoa, eta berari esker orain zortzi bat gara. Alde handia dago.

 

Zein izaten da usadioa danborrada egunean?

M.A.G.: Helduen danborrada San Juan bezperan izaten da. Elkarteak afaria eskaintzen du bertan afaldu nahi izanez gero: normalean, hasierakoak, arraina saltsan eta haragia. 20:00ak aldera biltzen gara horretarako. Afaldu ostean hurbiltzeko aukera ere badago, baina antolatzaileok nahiago izaten dugu ahalik eta gehienak afari orduan biltzea, azken orduko deskuidurik egon ez dadin: txanoko lumak falta direla, zerbait hausten dela... 23:00etan abiatzen gara, eta pare bat orduz jotzen dugu. 

Hurrengo goizean, haurren danborrada izaten da. 1974. urtetik antolatzen dugu, eta 1981tik Etxeberriko elkartearekin batera egiten dugu. Garai batean, ekainaren 24an arratsaldez izaten zen, baina San Juan eguna izanik familiak bazkaltzeko elkartu ohi dira, eta danborradak ez zuen arrakasta handirik izaten. Gure etxean semea zen parte hartzen zuena, eta bazkalorduan ezin urduriago izaten zen. Gerora, goizean ateratzen hasi ginen, eta hobeto. Umeak gustura ibiltzen dira. 

A.P.: Jendearengana iristeko, ibilbidea ere aldatu genuen. Hasiera batean, helduen danborradak Hernaniko beste elkarteetan geltoki bana egiten zuen. Baina bidean ia bakarrik ibiltzen ginen. Orduan, erabaki genuen Kaxkoan barrena bakarrik mugitzea, bai helduena baita haurrena ere. Horrela, kalean ondo lagunduta sentitzen gara. 

 

Bihar aterako da gaztetxoen Danborrada, goizeko 11:30etan.
 
 

Nolakoak izaten dira jantziak?

A.P.: Zalantzak izan ditugu, jantziak militarren uniformeak irudikatzen dituztela-eta. Egia da beste herri batzuetan aldatzea erabaki dutela eta arrantzalez edota baserritarrez janzten direla. Guk, hala ere, hasiera batekoak mantentzen ditugu.

Hasieran, esan bezala, Ordiziatik alokatu genituen. Baina handik gutxira, Alde Zaharrean lan egiten zuen Joxepa Antoni jostunak egin zituen uniformeak, Santa Barbara elkarterako espresuki: hirurogeitik gora. Ordu hartan, gainera, barril-joleek ere trajea eramaten zuten, eta ez sukaldari jantzia. Eurena txaketa zuria zen peto urdinarekin. 

M.A.G.: Oraindik gordea dut Joxepa Antonik eginiko jantzi hura, nik nire aitarena erabiltzen bainuen. Haurrei elkarteak ematen die jantzia, baina helduei txanoa bakarrik. Beraz, gehienak herentziaz jasotzen joan gara, senide edo ezagunen eskutik. 

A.P.: Kantineren jantziak ere ordu hartan egin genituen. Horiena txaketa beltza izaten da, gona zuria eta galtzerdi luzeak. 24 traje egin genituen. Urteren batean hemezortzi kantinera atera izan dira, eta besteren batean, bat ere ez. 

M.A.G.: Urte batean bi banderadun ere atera ziren.  Bestetik, oinetako beltzak ekartzeko eskatzen dugu. Gehienetan kasu egiten digute, baina gogoan dut nola danborrada gau batean etorri zen bat oinetako ilunak zuriz margotuta, alderantziz ulertu zuela-eta. Haurrei ere berdina eskatzen diegu, edozein oinetako ilun, gaur egun zapatak etxe gutxitan baitaude. Pentsa, urte batean izan zen ume bat gurpildun oinetakoekin jo zuena. 

 

Txanoek ere jantziek bezainbeste irauten al dute?

M.A.G.: Ez, ez. Hasieran eskuz egiten genituen gainera. Detergentea danbor modukoetan erosten genuenez, horiek telarekin estali, grapatu, eta pintura zuriarekin margotzen genituen. Gainean luma lotzen genuen alanbrearekin. Askotan urtero egin behar izaten genuen, danborrada ostean parranda egin eta edozein bazterretan uzten baikenuen. Ondo zaintzen zuenak ez zuen berririk egin beharrik izaten. Orain, hala ere, erosi egiten ditugu.

A.P.: Etxeko mahaia kolaz betea dut oraindik, txano horiengatik. 

 

Hasiera batean danborrak eta barrilak lortzea ez zen erraza izango.

A.P.: Lehen urtetan zortea izan genuen, bigarren eskukoak lortu genituelako prezio merkean. Urte luzez erabili ditugu horiek. Barrilak garai hartakoak dira, eta puskatuz gero konpontzera eramaten ditugu. Dendariak harrituta begiratzen gaitu, gureak bezalako barrilak aspaldi ikusi gabeak direlako. Oraingoak askoz ere txikiagoak dira, pisu gutxiago dutelako.

M.A.G.: Orain dela sei-zortzi urte danbor berriak ekarri genituen. Lehen larruzkoak izaten ziren, eta euria eginez gero puskatzeko arriskua zegoen. Kontua da, euria egin ala ez, danborrak kalera ateratzen genituela. Gero lana izaten zen larruzko partxeak konpontzen. Azkenekoz erositakoak, ordea, sintetikoak dira. 

Hala ere, ez pentsa danbor berriak lehen eskukoak direnik. Donostiako elkarteek nahi ez zituztenak erosi genituen, eta gureak Hendaiako danborrada bati saldu. 

Haustea saihesteko, entseguetan ez dugu danborradako materiala erabiltzen. Lehen, egurrezko bankuei buelta eman eta horri joka entseatzen genuen. Orain, tuberiekin egindako danbor modukoak erabiltzen ditugu, eta horrela norberak berea du.

Baina bestela ere hausten dira. Oroitzen naiz nola danbor-jole batek bi aldiz puskatu zuen partxea, oraindik elkartetik atera gabe ginela. Alde batetik hautsi, buelta eman danborrari, eta beste aldetik berdin. Bestela, makilak dira gehien puskatzen direnak. 

A.P.: Bai, baten bati gomazko makilak ematen nizkion, egurrezkoak beti apurtzen zituelako.  

 

Ze itxura du aurtengo danborradak?

M.A.G.: Aurten jende dexente animatu da: 60 bat heldu eta hogei bat gazte. Lehen askoz haur gehiagok hartzen zuten parte, 50 inguruk. Azken urteetan gutxitzen joan zen, baina iaz, pandemiaren ostean, nabaritu genuen hutsunerik handiena. Zalantzan izan ginen atera edo ez. Hala ere, azkenean Etxeberriko danborradarekin nahastuta ateratzea erabaki genuen. 

Horregatik, datozen San Juanei begira inoiz baino propaganda gehiago egin dugu, eta hein batean funtzionatu duela dirudi. 

A.P.: Batzuei hurbiltzea kosta egiten zaie, baina 50 urte iraun baditu, zergatik ez pentsatu beste horrenbestez izango dugula danborrada.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!