Joxepa Zubeldia: bertso paper bakarra argitaratu zuen bertsolari hernaniarra

Txirritaren garaikidea izan zen Joxepa Zubeldia bertsolari eta bertso jartzaile hernaniarra. Berak ere hainbat bertso idatzi zituen, baina ez ziren argitaratu eta galdu egin dira. Zubeldiaren bertso sorta bakarra gorde da, hain juxtu, baztanga zuten zenbait gaixo Her­naniko erietxera ekartzeko as­moaren aurka kaskoko bizilagunen 1918ko matxinadari buruz idatzitakoa. 

Ekainaren 1ean bete dira ehun urte Tilosetan mahai baten gainera igota bertso horiek kantatu zituenetik.

Mahai gainera igota
Gogoan dute Joxepa Zubeldia­ren bilobek amonak bertsoak idazten zituela, lumarekin, berak moztu, josi eta presta­tzen zituen koadernoetan; gogoan dute anaiarekin ber­tsotan aritzen zela; Eguberri­tan eta Sanjuanetan errondan etortzen zirenen zain egoten zela dotore jantzita eta balkoitik erantzuten ziela; gogoan dute, halaber, senideak lotsatu egiten zirela amonak jendaurrean kantatzen zuenean.
Horixe gertatu zen 1918ko ekainaren 1ean, Joxepa Zu­bel­diak Tilosetan mahai gainera igota 24 bertso kantatu zituenean. Behin baztanga zuten gaixoen afera konpondu zenean, garaipena ospatzeko egin zen bazkari herrikoian kantatu zuen xextra eta iskanbilari buruzko bertso sorta.

Kale Nagusian bizi ziren eta alabak lotsatuta egon ziren begira Tilos aldeko leihotik. Semeetako bat pilotalekuan bertan haserretu zitzaion.

Antonio Zabala bertso bil­tzaileari Beraza Andoaingo apai­zak eman zion gertaeraren berri. Honek Jose Sagarnaren aho­tik jaso zuen. Joxepa Zu­bel­dia bertsotan hasi eta Amadeo Ortiz semeak gehiago etxera ez zela joango esan zion haserre. Amadeoren andregai Josefa Sa­garnak lortu zuen haren ja­rrera aldaketa. Bertso­laria izatea ohore handia zela aitortzeko eskatu zion, bestela ez joateko gehiago berarengana. Amadeok azkenik, negarrez onartu omen zuen andregaiarengatik joango zela amarenera eta bakeak egin zituzten ama-semeek.

Bertso papera
Joxepa Zubeldiak Hernaniko ‘baztangaren matxinada’ hari buruz idatzitako bertso-sorta Berso berrik andre batek jarrik izenburuarekin argitaratu zen: Ernaniko berrik; oso arrigarrik azpititulua, 24 ber­tsoak. Josefa Zubeldia sinadura eta inprentaren erreferentzia ageri dira orrian. Beraz, bertso-papera Raimundo Al­tu­naren Do­nos­­tiako moldiztegian inprimatu zela badakigu, baina ez nork eta noiz enkargatu zi­tuen. Paper horri esker iritsi da gaurdaino, Joxepa Zubeldiak idatzitako bertso pilatik gorde den sorta bakarra.

Egia esan, Hernaniko berri harrigarriak eta argigarriak ere ematen dituzte bertsoek. 1918ko apirilaren 2an Donos­tia­ko Gobernadorearen erabakien aurka Hernanin emandako erantzuna eta burututako ma­txinada kontatzen dute bertsoek. Herritar gehienak atera ziren kalera, Zubeldia berak ere parte hartu zuen altxamenduan; bertsotan azaltzen ditu herriko agintariek egindako ahaleginak eta herritarren ausardia: erietxea erretzeko asmoa, gaixoei bidea mozteko eta pasoa galarazteko egindakoak, besteak beste. Bertsoetan nabarmentzen ditu, batetik herritarren batasuna ‘eskerrak gendubela, batasun aundiya’ lehen bertsoan eta ‘orduko uniyua beti da komeni, ala gerta dedilla Biba gu ta Ernani’ azkenekoan. Eta emakumeen parte hartze zabala eta ausardia bestetik, ‘Zibilla pranko baizan zaldi galantakin, guri desapiyoka beren ezpatakin, ez giñan ez izutu oyek guziyekin, danok atera giñan mirari aundiyakin’ batean, ‘zaharrak eta gaztiak neskatx ta andriak, andre txit aberatsak, baita ere pobriak’ hurrengoan. Bertso sorta irakurri nahi duenak erraz aurkituko du interneten ‘Berso berrik andre batek jarrik’ bilaketa eginda, besteak beste Koldo Mitxelena liburutegiaren gunean.

Anaia ere bertsolari
Bertsoak idaztearekin batera, bapatean kantatu ere kanta­tzen zituen Joxepa Zubeldiak. Bere anaietako bat ere bertsolaria zen, Kaxiano, Portuko Egañaenea baserrikoa. Urtean bi aldiz balkoitik kantatzen zien errondan zetozen anaiari eta lagunei. Gainera, noizean behin Portuko anaiarengana joaten zen arreba, harekin bertsotan egitera.

Arantza Ortiz Imaz biloba ondoan izaten zuen, honek ondo gogoratzen duenez. «Eguberri egunean eta Sanjuan bezperan arratsaldeko seiak alderako prest egoten zen amona, dotore jantzita, errondan etorriko zirenen zain. Bere anai Kaxiano etortzen zen beste bospasei bertsolarirekin eta soinujolearekin. Kaxiano eta lagunek koplak kantatu eta berak balkoitik erantzuten zien. Besteak aspertu eta joaten ziren arte jarraitzen zuen».

Bi jai egun horietan oso dotore janzten zela gogoratzen dute bilobek. «Zapi zuria bu­ruan, soineko dotorea jantzita eta ondo orraztuta». Donos­tiako bilobek oroitzen dute amona Joxepa dotorea, eztia eta garairako oso moderna zela. Sormen ahalmen handikoa. «Alabak ere apainak atera ziren. Argazkietarako beti prestatzen ziren oso dotore» esan digu Joxan Ruizek.

Martxel Ruiz bilobaren iri­tziz, Kaxiano eta Joxepa anai- arrebek bertsolaritzaren sena zuten eta elkartu egiten ziren kantatzeko. Adin bertsua zuten eta hartu-eman estua. Arantza Ortiz biloba eramaten zuen Joxepak batzuetan anaiaren etxera bazkaltzera. Han ikusitakoa, harro kontatzen du ho­nek. Bazkalostean anai-arrebak bertsotan aritzen ziren, txandaka. Martxelen ustez, zaleak ziren eta horri garran­tzirik eman gabe egiten zuten.

Berak egindako koadernoak

Etxean bertan zeukan egokituta idazteko altzaria, tinta ontzi eta lumarekin. Koadernoak berak prestatzen zituen. «Pa­per fabrikatik pusketak ekar­tzen zituen etxera, plantxatu, prestatu, moztu, kanpoaldean pasta sendoagoa zuen puska jartzen zien eta dena josi hari gogor batekin. Berak egindako koadernoetan idazten zuen, lumarekin. Idaztea oso gustuko zuen».

Txirrita, Xenpelar eta beste bertsolari batzuek ere egiten zuten hori, Zubeldia bizi zen garaian, gehienetan etxekoen laguntzarekin, ez baitziren idazteko gai. Aldea da bertsolari horiek bertso paperak argitaratu egin zituztela. Zubeldiak ere, garaiko kontuei buruz idazten zuen, hilketaren, istripuren edo beste gertaeraren baten berri izanez gero, besteen antzera, bertsotara eramaten zuen. Berak, elizako kantuak ere idazten zituen, oro har, euskaraz.

Joxepa Zubeldiaren bilobek gogoratzen dute oso elizkoia ere bazela Joxepa amona, «komoda bat prest zeukan etxean gurutzea, bi kandela eta mezatarako liburuarekin. Han errezatzen zuen. Zahartu zenean ez zen mezatara joaten, baina han bertan egiten zuen bere meza».

Mendi aldera idaztera

Osiñagatik gora, Bexabi eta Urnietara bidean den Barkai­z­tegi baserrira ere joaten zen Joxepa Zubeldia idaztera, Luisa castellana lagunaren etxera. Biak egon ziren Ma­drilen zerbitzari. Luisa ez zen euskalduna, Gaztelakoa zen; Madrilen soldaduskara joandako Bar­kaiz­tegiko mutila ezagutu, maitemindu eta harekin etorri zen. 

Arantza Ortizek esan digu, Joxepa eta biak adiskide handiak zirenez, egun batzuk pa­satzera joaten zela Joxepa ha–ren etxera. Eta batez ere, idaztera, etxean ez zioten alabek uzten eta. 
«Gehienetan uda partean joaten zen, urtean bizpahiru aldiz, pare bat asterako. Za­hartu aurretik oinez. Eta gero, asto gainean edo gurdian eramaten zuten, Barkaiztegi, Osi­ñagako Loiditik gora nahiko urruti zen eta».

Galera
Arantza bilobak kontatu digunez, «behin oso pozik itzuli zen... Ze ba pozik amona? Luisa castellanak ganbarako kutxa bat utzi omen zion; han gorde ditut idatzitako bertso guztiak... eta noizbehinka joango naiz hara. Pozik zegoen bere sormen lan guztia han gorde zuelako». Gerora saiatu dira kutxa hori topatzen, Arantza joan zen Barkaiztegira ere, baina baserria jada berrituta ze­goen eta kutxaren arrastorik ez. Bilobek uste dute 1947an Joxepa hil zenean alabek bere koaderno guztiak erre zituztela.

Pena daukate senideek Jo­xepa Zubeldiaren sormen lan guztia galdu delako. Ez dago ia ezer gordeta. Koldo Mitxelena liburutegian dira Antonio Za­balak jasotakoak. Bertso paperaren kopia bat daukate.
Behean, ‘Isidro Ansorena ernaniarra’,1er txistulari en Sn Sn’ eta ‘pascua 1959’ jartzen du eskuz idatzita. Ezin jakin, ordea, urte hartan argitaratu ziren, ala orduan iritsi ziren Zabalaren eskuetara.
Bertsoen beste bertsio bat ere jaso zuen Antonio Zabalak eta liburutegian daukate gordeta. Orduko idazmakinaz id­a­tziak daude, ez dira bertso paperekoen berdin-berdinak, aldaketa txiki batzuk dituzte idazteko moduan, baina, oro har, berberak dira. ‘Miguel Zuaz­nabar Lasarte 6-9-59’ jar­tzen du bukaeran, beraz, pen­tsa daiteke hark gogoan zeuzkanak idatzi eta data horretan pasa zizkiola Antonio Zabalari.
Lasarteko Sausta baserrikoa, Miguel Zuaznabar (1901-1983) eta Pello bere anaia, txalapartariak ziren, hain juxtu, Artze anaien irakasleak.

Zuaznabar, Antonio Zabala­ren lagun eta laguntzailea, Lasarte inguruko bertsoak bil­tzen jardun zen.

Bizitza emankorra
Aipagarria da Joxepa Zubeldiak izan zuen izate bizia. 1865ean jaio eta 1947an hil zen Her­nanin. Ibarluze poligonoa eraiki den lekuan zen Zubeldiaren jaiotetxea, Urumea ertzean. Esanguratsua da, oso gazte Madrilera joan bazen ere, bere ama hizkuntzari eutsi ziola. Senarrak ez zekien arren, seme-alabei euskaraz egin zien beti. Madrilen ezagutu eta Fuencarral kalean bizi ziren; senarra, Burgosko Valle de Menakoa zen, Kantabria, Ara­ba eta Bizkaia artekoa, eta ez zuen tutik ere ulertzen. Sarri mahai ertzean isilik egoten zela oroitzen dute bilobek.

Zazpi seme-alaba izan zi­tuz­ten, bost Madrilen eta az­ken biak Hernanin. Itzuli zirenean denda jarri zuen Kale Nagusian Joxepa Zubeldiak, aurretik bazuen eta esperien­tzia.

Donostian saltzaile
Ibarluzetik Donostiara joaten zen txikitan baserriko produktuak saltzera. Amonak bilobei kontatzen zien, goizean goiz, jeiki eta 05:00etan abiatzen zi­rela Ibarluzetik gurdian Do­nos­tiara eta arratsaldeko 16:00ak arte ez zirela itzultzen.

Auzoko beste baserritar ba­tzuekin batera joaten omen zen bakoitza bere etxeko esne, berdura eta beste hainbat produkturekin, asto edota zaldian. Saltzekoekin batera ka­fea ere eramaten omen zuten, bidean Aieteko aldapan zeuden banku batzuetan eseri, kafea hartu eta aurrera egiteko. Beraz, Kale Nagusian denda jarri zuenerako, bazuen ofizioaren berri, txikitan ikasia. 

Madrilen neskame
Gero Madrilera joan zen neskame. Ibarluze auzoko etxearen jabea, Madrileko mediku famatu bat zen. Neskame euskaldunak nahi izaten zituen, «aurrena Joxeparen ahizpa Maria eraman zuen nagusiak hara eta ondoren bera. Horrela erraztasunak izango zituzten errenta ordaintzeko».

Madriletik etortzean, Por­tun bizi izan ziren lehenbizi, Kale Nagusiko 13. zenbakian ondoren eta, azkenik, 3. zen­bakian,  Riojanos parean; hor jarri zuen jatekoen denda Joxepa Zubeldiak.

Denda
«Tratuan ona zen, denetarik saltzen zuen. Trukea egiten zuen baserritarrekin. Baserrie­tatik produktuak ekartzen zizkioten, esnea, berdurak, on­ddoak eta gibelurdinak ere bai, eta berak olioa ematen zien... Onenak saltzeko aukeratzen zituen eta besteak etxerako», kontatu digu Joseinazio Manrike bilobak.

Ehizatutako uso edota oilagorrak, etxearen atzeko aldean zeukan mahai handi batean hiltzen zituzten arkume, oilasko eta oiloak,... denetarik zeukan. Sarrera ondoko erakusleihoan jartzen zituen salgai zeuzkan produktuetatik ederrenak. Dendari, Barbasenea deitzen zitzaion, Joxeparen senarra zen-eta, Hernaniko bizardun bakarra.

Txirrita Hernanin
Txirrita sarri etortzen zen Hernaniko Kaxkora, Sanjua­ne­tan errondan kantatzen zuen gerra aurretik. Ezagutzen ziren Kaxiano Zubeldia eta biak, baina inork ez digu baieztatu Joxeparekin sekula elkartu zenik edo elkarrekin kantatu zutenik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!