1918ko apirilaren 2an Gipuzkoako gobernadore zibilaren erabaki bati Hernanin emandako erantzunak, oihartzun handia izan zuen; Gipuzkoako La Voz egunkariak, kronika luzeak jaso zituen ondorengo egunetan eta Madrileko El Díak ere argitaratu zuen gertaeraren aipamena. Orduan, Hernaniko auzo zen Lasarte ingurutik, baztanga edo biruela zuten zenbait gaixo, Milagrosa kaperaren ondoko Miserikordia erietxera ekarri nahi zituen gobernadoreak. Agindu hori ez zuten gogo onez hartu hernaniarrek, ez Udaleko agintariek, ezta Kaxkoan bizi zirenek ere; eta gogor egin zioten aurre, hark atzera egin arte. Handik bi hilabetera, ekainaren 1ean, ospatu egin zuten garaipena: festan denetarik izan zen; hala nola, pilota partidu, dantza, bazkari, zinema, musika... eta baita bertsoak ere. Tilosetan, mahai gainera igota, gertakariari buruzko 24 bertso kantatu zituen Josefa Zubeldiak.
Hernaniko auzo zen Lasarte ingurutik, baztanga edo biruela zuten zenbait gaixo, Milagrosa kaperaren ondoko Miserikordia erietxera ekarri nahi izan zituzten.
24 orduko xextra izan zen. Gipuzkoako gobernadore Pinofiel kondeak, apirilaren 1ean zazpi gaixo biharamunean Hernaniko erietxera ekartzea agindu ondoren, bi aldiz saiatu ziren hernaniarrak desadostasuna adierazi eta irtenbidea proposatzen. Hark, ordea, ez zuen amore eman. Ezta herritarrek ere. Matxinatu egin ziren eta gaixoak ez ziren ospitalera iritsi. Hura erretzeko prest batzuk; irakindako olioa botatzeko pertzak gertu Kale Nagusikoek; Antziola-Latsunbe aldean barrikada batekin itxi egin zuten bidea, eta gaixoa zekarren gurdia beste aldera begira jarri.
Erantzun ausart eta oldarkorra, dena den, gobernadorearen beraren jokabidearen ondorio izan zen. Hernaniarren eskaerari entzungor egin zion, baina hauen jarrera irmoa ikusita, atzera egin eta, hurrengo egunean, ontzat eman zuen proposatutako irtenbidea.
Pinofiel gobernadorearen erabakiaren berri izan orduko, jarri ziren hernaniarrak martxan, apirilaren 1ean. Arratsaldean Udaletxean bildu ziren herritarrek, argi adierazi zuten ez zeudela gaixoak Milagrosan
onartzeko prest; bi aldiz joan ziren Donostiara, gobernadorearekin hitz egitera, 24 ordutan baztanga zutenentzat behin behineko egurrezko ospitalea (Dockerra) eraikitzeko proposamenarekin; zehazki, gaixoen trasladoaren bezperan gauez eta egunean bertan goizean goiz; baina hark ez zuen hernaniarren proposamenik entzun, bereari eutsi zion.
Hipodromotik zabaldu
Orduko kroniken arabera, ustez Lasarteko hipodromotik baztanga gaixotasuna zabaltzen hasi, eta zenbait kasu antzeman zituzten. Bertako eskolara ere heldu zen, eta Hernaniko alkate Jose Mari Ubarretxenak, eraikin hori itxi eta gaixoak han zaintzea proposatu zuen. Eskolako ikuskatzaileak ez zuen onartu.
Orduan etorri zen gobernadore zibilaren erabakia. Apirilaren 1ean, Hernaniko erietxea bisitatu ondoren, gaixoak bertara eramateko agindua eman zuen. Hori jakin bezain pronto, arratsaldean, batzar berezia egin zuten Hernaniko Udalean. Zer gerta zain ziren herritarrez beteta zegoen plaza. Gobernadore zibilarekin mintzatzera, hari Docker erietxearena proposatzera, joango zen batzordea osatu zuten Udaleko agintariek, Osasun eta Ongintza arloetako kideek, eta hainbat herritarrek. La Voz de Gipuzkoa egunkariak zioenez, ordezkaritza zabala zen, klase sozial eta alderdi politiko guztietakoak. Alegia, ez zuen Udala ordezkatzen, herri osoa baizik.
24 ordutan, gaixoentzat behin behineko ospitalea eraikitzea proposatu zioten herritarrek gobernadoreari, baina hark ez zuen hernaniarren proposamenik entzun.
Iluntze hartan bertan joan ziren Donostiara, tranbian, 36 lagun horiek; baina gobernadoreak ez zien harrerarik egin. Lotara goiz joana omen zen. Gipuzkoako Osasun ordezkariarekin mintzatu ziren, eta hurrengo egunean gobernadorearekin elkarrizketatzeko itzuliko zirela adostu. Goizean goiz hurbildu baziren ere, berriro muzin egin zien gobernadoreak: kanpoan zen, Tolosa aldera joana. Coll polizia buruak esan zien, gobernadorearen aginduak bete egingo zituztela, eta gaixoak Hernanira eraman. Zuaznabar Donostiako alkateari bitartekari izateko eskatu zioten arren, ez zuten ezer lortu.
Dimentsio handia
Konponbide arrastorik ez zela ikusita, batetik, telegramak bidali zizkieten Udaletik Madrilera, Antonio Maura gobernuburuari, Garcia Prieto Gobernazio ministroari eta Distrituko diputatu Santillanako markesari; eta bestetik, herritarrak borrokarako prestatzen hasi ziren. Xextrak dimentsio handia hartu zuen.
Edozertarako prest ziren, Hernaniko kaskoan bizi zirenak. Ordura arte, ez zen Hernanin baztanga gaixorik izan, eta arriskutsu jotzen zuten Milagrosara Lasarte auzokoak ekartzea.
Herritarrak, sututa, elkartu egin ziren erasoari aurre egiteko; lantegiak itxi eta langileak kalera atera. Herri osoak parte hartu omen zuen matxinadan, emakumezko eta gizonezko, zahar eta gazte...
Herri osoak parte hartu omen zuen matxinadan, emakumezko eta gizonezko, zahar eta gazte...
Egoera larriak
Goizeko 11:00etan iritsi zen lehen gaixoa Hernani aldera. Enbor, barrika, altzari eta alanbreak pilatuta topatu zituzten bidean. Kanpaiak jo zituzten herritarrei abisatzeko. Bero-bero ziren gehienak, eta pasatzea galarazi zioten. Bi emakumek, zaldiak Lasarte aldera begira jarri zituzten. Horren guztiaren berri eman zion Coll polizia buruak gobernadoreari.
Orduan, Pinofiel gobernadoreak, guardia zibilen burua, Portas teniente Koronela, bidali zuen Hernanira. Hau, egoeraren larriaz jabetuta, alkatearekin elkartu zen. Alkateak ohartarazi zion herritarren irmotasunaz, batetik; eta alternatiba proposatu, bestetik: Hernani prest zegoela 24 ordutan gaixoak zaintzeko egurrezko Dockerra eraikitzeko. Guardia zibilen buru Portasek gobernadoreari kontatu zion, egoera larria zela, baztanga zuten gaixoak eramatearen aurka zeudela herritarrak, gizon, emakume eta haurrak; erietxea hustu zutela, eta hari su emateko prest zirela. Jakinarazi zion gaixoak eramatekotan, indarra erabili beharko zuela, eta odola isuriko zela. Aldi berean, alkateak luzatutako konponbidearen berri eman zion. Gobernadoreak atzera egin zuen orduan, eta gaixoak Lasarten uzteko agindu.
La Voz de Gipuzkoako kronikan aipatzen da, ospitaleko mojen ama superiorak Madrilera deitu ziela, Maria Cristina erreginari eta Antonio Maura Madrileko Gobernu buruari, erietxea erretzeko arriskuaren
berri emateko. Zalantzarik gabe, dimentsio handia hartu zuen arazoak.
Apirilaren 2ko gertaerari, bertso sorta jarri zion Josefa Zubeldiak, eta ekainaren 1ean egin zuten festan kantatu zituen.
Udalaren eskertza
Ondorengo egunetan eraiki zuten, behin behineko ospitalea. Pare bat egunera martxan zen; apirilaren 5eko udal batzarrean, besteak beste, horretan aritu ziren guztien lana eskertu zuten; gobernadorearen intrantsigentzia eta begirune falta itsusia salatu, eta aipamena egin zitzaion, halaber, Portas Teniente koronelaren zuhurtziari, saihestu zelako «herri bakezaleak» zoritxarreko ondorioak izatea. Aldi berean, goraipatu egin zuten herritarren portaera adoretsua, «aho batez, ezklase ezta sexu bereizketarik gabe», denek jo zutela, alegia, eskura zeuzkaten medio eta bitarteko guztiak erabiliz, euren eskubide eta interesen zapalketaren aurka.
Begoña Gorospek garrantzia handia eman zion Udalaren adierazpen horri, Hernaniko 1993ko urtekarian argitaratutako idatzi batean. Emakumezko zein gizonezkoak bereizketarik gabe jardun zirela, aipamena bera adierazgarria da Gorosperen iritziz. Erakunde publiko batek hori jasotzeak adierazten du, emakumeen partehartzea «garrantzizkoa» izan zela.
Bertso sorta interesgarria
Duela 100 urte emakumeek ez zuten ahotsik eta presentziarik erabaki publikoetan, baina gertakari honek argi erakusten du Hernaniko gizartean zuten indar eta pisua. Josefa Zubeldiak gertakariari buruz idatzitako bertsoetan argi ageri da, besteak beste, emakumeen borrokarako grina hori. 24 bertso idatzi, eta 1918ko ekainaren 1ean kantatu egin zituen Tilosetan, garaipena ospatzeko egin zen bazkariaren ostean mahai gainera igota. Ibarluzea baserria zenean jaio eta bertan bizi zen, Madrilera, hain juxtu baserriaren jabearen etxera, neskame joan zen arte. Hirian ezagutu zuen Burgosko Manuel Ortiz Martinez; harekin ezkondu, eta zazpi seme-alaba izan zituen, bost Madrilen eta beste bi Hernanin. Kale Nagusian bizi izan zen urte askoan; bertsolariak tarteka joaten omen zitzaizkion zirikatzera eta hark balkoitik erantzun. Herri bazkarietan ere kantatzen omen zuen. Bertso sorta gehiago idatzi zituela jakina da, baina horiek dira gorde diren bakarrak.
Bertsoetan ondo deskribatzen du Joxepa Zubeldiak, gertatutakoa. Hainbat informazio ematen du, apirilaren 2an lau ordutan Hernanin bizi izan zen egoera larriaz. Esaterako, aipatzen ditu bideak ixteko erabilitako materialak edota kontatu ospitalea hustu, leihoak puskatu eta petrolioz igurtzi zituztela, su emateko, eta mojek, kezkatuta, Madrilera deitu zutela.
Emakumeak gogotsu
Bertsoetan jasotako kontu horien guztien artean, aipagarriak dira emakumeek erakutsitako grinari buruzkoak; esaterako, kontatzen du gaixoa zekarren lehen gurdia heldu zenean, bi emakume izan zirela, zaldiak heldu eta itzularazi zituztenak.
Emakumeen partehartze eta aniztasunari buruzko beste zenbait aipamen badira bertsoetan: «senarrak utzirik bazkaririk gabe», «bidera atera ginen emakume asko... zaharrak eta gazteak, neskatxa eta andreak, andre txit aberatsak, baita ere pobreak». Arriskuari aurre egiteko herritarren batasuna ere nabarmentzen du Zubeldiak bertsotan, «orduko unioa beti da komeni»; eta ausardia ere bai, «Zibila franko zen zaldi galantekin, guri desafioka beren ezpatekin, ez ginen ez izutu horiek guziekin...». Bertso sortaren bukaeran eskatzen dio alkateari «osekio» txiki bat (oparitxoa) egiteko emakumeei: «loretxo polit bana».
Argi dago, bertsoak irakurrita, arrisku handia egon zela, istilu handiak, hildakoak eta ondorio latzak gertatzeko. «Egun tristiori» deitzen dio bertso batean, eta «egun aundiyori» hurrengoan, 1918ko apirilaren 2ari.
Gobernadorea kargugabetu
Egun gutxira, kargua utzi behar izan zuen Pinofiel gobernadoreak. La Voz de Gipuzkoak eta Zeruko Argiak jaso zuten hori, urte batzuk geroago. Juan Pavía y Fernández del Pino, Pinofiel kondea, Andaluziako Antequera herriko jatorria duen familia batekoa zen. Malaga inguruko herri horretan bertan dago, lehenengo Pinofiel kondearen jaiotetxea, XVIII. mendeko jauregia, gaur egun Hotel bilakatuta. Dena den, Madrilen hainbat kargu izan zituzten, gobernadorearen aurrekoek.
Pinofiel kondeari buruz ez dago aipamen esanguratsurik Wikipedian eta, oro har, interneten.
Apirilaren 2ko etorbidea
Udalak izena aldatu zion, garai hartan istilua gertatu zen kaleari, Atarrabiyo parkeko biribilgunetik herrirantz datorrenari. Villen etorbidea izena kendu, eta Apirilaren 2ko etorbidea jarri zioten. Gaur egun, Latsunbe auzoa da.
Oroigarri bat ere jarri zuten, atea kate handi batekin, jada desagerturik dagoena.