BECetik eta BECera begira, hernaniarrak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Altuna Iza 'Oxan' 2017ko abe. 16a, 01:00

Barakaldoko BECen bihar jo­ka­­tu­ko den Euskal Herriko Ber­tsolari Txapelketako zortzi fi­na­­listatik lau Hernaniko Iraulio Panttalone Bertso Kabikoak dira. Oso pozik dira herriko bertsolariak, eta oro har herri­tarrak, zortzigarrena, finalista berria, Unai Agirre herna­nia­rra delako. Bera ere bai. Denek egin nahi dute saio ona; finala «irekia» dagoela diote. Zortzi bertsolari zerotik hasita 14.500 ikusleren, eta saioa, telebistaz ez bada internetez, ikusiko duten milaka zaleren aurrean. Bertsoa matematika ez bada ere, probabilitatea Hernanira begira dago.
Txapelketa Nagusiak eragin handia dauka. Hernanin eta in­guruan udazkena des­ber­di­na izan da aurten. Ez bakarrik lehian diren bertsolarientzat. Baita senide, lagun eta, oro har, zaleentzat. Irailaren 23an txapelketa hasi zenetik hain­bat herritar ikusi ditugu Txapel­ke­ta Nagusiko agertokietan ikus­le, antolatzaile, argazkilari, ka­zetari, laguntzaile... eta dotore asko kantari ere bai, final laurden eta finalerdietan. BECeko finalean ere mordoxka izango dira bertan. Goizeko 11:00etan hasiko da finala, eta bazkaltzeko etenaren ostean, 16:30etan arratsaldekoa.
Euskal Herriko 17. txapela Hernanira ekartzeko aukerak sekula baino handiagoak dira, probabilitateei begira behin­tzat bai: bi bertsolari hernaniar fi­nalean dira, Maialen Lujanbio seigarren aldiz eta Unai Agirre estrainekoz; Iraulio Panttalone Hernaniko bertso kabiko beste bi ordezkari ere bai, Aitor Men­diluze eta Beñat Gaztelumendi. Hala ere, finaleko beste lau bertsolariak ere handiak dira, txapela janzteko aukerari mu­zin egingo ez diotenak, gogo eta ahalegin berbera jarriko dute­nak: Amets Arzallus egungo txa­pelduna, Igor Elortza, Sustrai Colina eta Aitor Sarriegi.
Hernanin Txapelketa nagu­siak duen jarraipen eta era­gi­na­ren seinale dira Andre Ka­le­ko bi erakusleiho. Hiru arro­pa dendan lau maniki bertso­lari moduan atondu dituzte. Oa gozodendako sarreran txoko­la­tezko Maialen Lujanbio eta Unai Agirre ageri dira. 
Udazkena bertsoz bete betea izan dute herritar askok. Esate baterako, Amagoia Mugika, gaur8 eta Garako kazetariak hainbat saioren kronikak ida­tzi ditu, eta BECen ere lanean izango da. Bertsolariak elkarriz­­ketatu ditu Kattalin Minerrek argia.eus-eko Zautela saioan, azkena Amets Arzallus egungo txapelduna. Beste askok egin dituzte ekarpenak sare sozia­le­tan, Estitxu Eizagirre Argiako zuzendariak, besteak beste. Jon Urbe eta Alberto Elosegi argazkilariak ere lanean aritu dira, hurrenez hurren, Argazki Press eta Bertsozale Elkartea­ren­tzat; lehenengoak etxetik jarraituko du finala, bigarrena han izango da, egun osoan argazkiak ateratzen. 

Antolatzaileak, pozik
Aritz Zerain Bertsozaleen El­kar­­teko idazkari eta txapelketaren antolatzaileak ere, galtza bete lan izan du egunotan. Ostira­letik Barakaldon da, finalaren antolaketari azken ukituak eman eta unean uneko egin­beharrei erantzuten. Berak eman dizkigu finalari buruzko zen­bait xehetasun... 
Aurten 14.500 ikusle izango dira, «ez dago hainbeste lagun hartuko dituen leku estali handiagorik Euskal Herrian». Beste aukerarik ez dago, eta aurreko finalarekin alderatuz, 500 lagunei lekua egin diete.
Finaleko sarreren salmenta azkarra aipagarria izan da. «Hilabete eman zitzaien baz­ki­deei sarrerak erosteko; gero, de­nentzat ireki zenean, lehe­nen­go egunean sei mila sarre­ra saldu ziren, eta bizpahiru astetan denak agortu».
Final laurden eta finalau­rre­tako saioek izan duten eran­tzun ona eta maila altua ere nabarmendu du Zerainek. Anto­latzaileak pozik daude, «zale asko dabil eta gustura»; apustu egin zuten euskal lurralde guz­tietara iristeko, «hain bertso­za­le ez diren tokietan ere eran­tzuna oso ona izan da, ahalik eta aforo zabalenak bilatu eta ia denak bete dira. Bertsoen mailaren aldetik ere oso ona izan da txapelketa, ez da saio batean ere erori», azaldu du Zerainek berak.

Telebistaz zuzenean
Telebistaz ere jarraipen handia izan du txapelketak. ETB4n zu­zenean eman dituzte saioak eta «saltoa» eman dute Aulki Jokoa programa bereziarekin: «aspaldi ari ziren produktu te­lebisiboagoa eskatzen. Gu, aldiz, zer bota, nola bota eta zenbat bota zaintzearen aldekoak izan gara... Orain egin dugu apus­tua eta uste dut asmatu dugula formatuarekin».
Zuzen zuzenean emango da finala ETB1n. Saioetan jende asko dabil, baina etxetik ere jarraipen handia egiteko ohi­tu­ra dago, irrati, telebista eta, gaur egun, internetez. «Sare so­zialetan eztabaida asko piztu dira, batzuk oso interes­ga­rriak», eragina daukatenak bertso­lariengan, «onerako eta txarrerako».
Oihartzun handia izan du Agirrek finalerako txar­tela lor­tze­ak. Kalean ez zegoen ber­tso­lariaren izena aipatu beharrik, «ze poza» edo «ede­rra izan zen» entzun orduko jakina zen nortaz eta zertaz ari ginen... 

Sarrerarik gabe
Sarrerak urriaren erdirako agortu ziren, baina batzuek ez dute BECera joateko esperan­tza­rik galdu, eta azken unera arte ibili dira sarrera prezia­tu­aren bila. Sarrerarik ez duten askok, lagunartean ikusiko du finala telebistaz.
Igor Muñoa sukaldaria da sarrera gabe geratu denetariko bat. Pena du aurtengoan ez duelako BECera joaterik, baina egun ederra pasatuko dute lagunek: «50 eurorekin (fina­leko sarrera 36 gehi joan-eto­rria 14) hamaiketako, bazkari eta bazkaloste ederra egingo dugu». Beste asko ere hainbat etxe eta txokotan elkartuko da finala lagunartean ikusteko.

Lujanbio eta Agirre
Herritar ugari joango da BECe­ra, finalean Maialen Lu­jan­bio eta Unai Agirre entzu­tera. Ma­ialen da, zalantzarik gabe, aur­ten txapela janzteko hauta­ga­ie­ta­ko bat; eta berriro, finaleko emakumezko bakarra. Baziru­di­en aurten plazetako argazkia finalean islatu eta beste nes­karen bat izango zela, baina aurreikuspenak ez dira bete. Aurreko finalistek ez dute ka­le­rik egin, eta Iturriagak utzi­tako tokia, beste Unai batek, Agirrek. Estreinatzen den ba­ka­rra da Agirre, beste zazpiak 2013ko finalean egon ziren eta.

Txikitatik, elkarrekin 
Oso pozik daude Bertso Esko­lako beste bertsolariak, Unai­ren debutarekin. Aitor Mendi­luze «oso gustura» doa BECera, «Unai egoteagatik bakarrik final ezberdina izango da». Maialenekin batera txikitatik ibili dira bertsotan, eta honen ustez, «oso polita da orain hi­ruok elkarrekin finalean kan­tatzea. Ea saio eder bat egiten dugun, jende asko egongo da, itxaropen handia du eta falta den bakarra saio on bat da». 
Aritz Zerain ere aritu da hiru finalistekin bertso esko­lan. Pozik da Unai finalean sar­tu delako, eta berarekin, «jendeak estimatzen duen bertsokera bat. Aitorrek, Unaik, Aginek edota Maialenek berak ere egiten duena, bakoitzak bere ezaugarriekin».
Finalean diren denek dau­kate maila handia Aritzen iritziz, «ikusi da horra iritsi nahi duenak lan asko eta ibilbide luzea daukala egiteko. Bertsolaritzari denbora eskaini behar diola. Finalean sartu diren guztiak bizi dira nolabait bertsolaritzarako, nahiz eta horretatik bakarrik ez bizi. Unaik berak beste lanbide bat izan arren, bertsoa bere bizi­tzako parte da». 

Maialen, gogotsu
Finalean kantatuko duten ber­tsolariak, txapela baino saio on bat eskatzen ari dira. Lujanbio gogotsu doa finalera, orain arte­koa hobetzeko grinarekin: «gauza batzuekin oso kon­for­me geratu naiz, eta beste batzue­kin batere ez; orduan, zorionez bada­go zer hobetu eta zer borobildu». 
Badaki faboritoetako bat dela: «nik nahiko nukeen saioa aterako balitzait, hortxe egongo nintzateke, inguruan; orain, nik nahiko nukeen saioa aterako zaidan, ez dakit, hori da kontua...». Dena den, bere ustez, «hautagairik ez da falta»; batzuek ez dute halako pun­tu­a­zio alturik lortu, baina beste era bateko saioetan: «ez dugu elkarrekin kantatu, orain denak elkarren parean jarriko gara eta zerotik hasi. Ikusiko da, egun batetik bestera dena alda daiteke». Bera gogoarekin dago, «lehen egindako irristada­txo­ak» zuzendu eta beste distira bat atera nahirik. 

Mendiluze, gozatzera
Gogotsu doa Aitor Mendiluze ere, bere bosgarren finalera: «azken finean, final guztiak ezberdinak dira, baina lehe­nen­goa balitz bezala joango naiz, bertsotan egiteko gogoa­re­kin». Eroso ari da bertsotan, baina ez daki ziur hori ona den ala ez.
Durangoko finalaurrekoan bere burua aldarrikatu zuen Mendiluzek, ia Maialenek Irunen beste puntu eskuratuta (740 eta 750, hurrenez hurren, finalaurrekoetako bi puntua­ke­ta altuenak). Gero Iruñean ez zuen halako maila ikus­garria eman; «bietara berdin» joan zen arren, Iruñean Miren Amuritzaren arazoek denei eragin ziela uste du.
Finalean gozatu nahi du Mendiluzek, saio on bat egin: «ez nau beste ezerk kezkatzen, sari eta puntuetan ez dut pen­tsatzen, ez zait inporta mo­men­tu honetan, bertsotan egin nahi dut, bertsotan ondo egin; orain dela lau urte ondo atera zitzai­dan, gustura gelditu nintzen emaitzarekin ia zentzu guz­ti­e­tan, eta beste hainbeste lortu­ko banu, pozik».

Gaztelumendi, fresko
Beñat Gaztelumendiren iritziz, txapela ez da Hernanitik urruti ibiliko; lehia txapelketaren hasieran baino irekiago dago eta buruz burukora pasatzeko orain izen gehiago aipatzen dira. Gogoa dauka BECen dau­kana erakusteko. Bere burua ez du buruz burukoan ikusten, «euren onena ematen badute hobeak direla uste dut, baina hor nago, ez daukat ezer gal­tze­­ko, nirea beti ematen dut eta badaukat oraindik txapel­ke­ta honetan egin dudana baino ge­hiago egiterik. Besteek egin­go dutena ez dago nire esku». 
«Fresko iritsi nahi dut fi­nalera. Sekretua ez da tek­ni­ko­ki ondo egitea, gehiago da gaiak ikusi, gaietan ondo ko­ka­tu, bertso kideari entzun, eran­tzun, freskura hori eduki, eta hori ez dago entrenatzerik, gor­pu­tzal­di­aren araberakoa da. Lo egin­da, lasai, iritsi nahi nuke». 
«Gaia eta kantatzen ari naizena ikusi, usaindu eta sen­titu nahi dut finaleko ari­ke­tetan; ez dakigu berriz iri­tsi­ko garen horrelako plaza bate­tara, oso jende gutxik dauka finalean kantatzeko suertea edo aukera. Oso bertsolari onak gelditu dira bidean; uste dut hor gaudenok gure onena eman beharko dugula», esan digu, finala Añorgako jaiote­txe­an, besteak beste, Unai ana­ia­rekin prestatu duenak.

Unairentzat, berria
Poz handia dauka Unai Agi­rrek, duela lau urte puntu eskas ba­te­gatik galdu zuen txartela esku­ratuta. «Jendeak hori uste bazuen ere, ez nuen arantza han­diegirik». Lortzen azkena izateak zapore hobea ote dau­kan galdetuta, ezetz dio, «igual­tsua» duela: «egia da medio­e­tan indar handiagoa duela. Bi kasuetan berdina gertatu zait, bai Maulen duela lau urte, eta baita Iruñean; azkena nintzen kantatzen, azken saioan. Ho­rrek eragin handia dauka, jen­de guztia zuri begira dago­e­la­ko... aukerak ditu, azkena da kan­ta­tzen, aurrekoan ere horrela izan zen, badoa... Horrek bola handiagotu egiten du». 
Iruñean izatea ere berezia izan zen beretzat, bertan urte askoan bizitakoa baita Unai, han kantatu nahi zuen eta hala tokatu zen. «Lagun asko ditut eta oroitzapen onak ere bai». 
Ilusio berezia du BECen kantatzeko. «Niretzako berria izango da, baina aldi berean hauen bidez gutxi gorabehera badakit zer izan daitekeen. Entxufatu nahi dut finalerako, tentsioa lortu, arriskua baita­go, finalaurrekoa pasa eta egin beharreko dena egin dudan sentsazioa izateko, eta hori ez dut nahi. Saio bat falta zait, saio garrantzitsuena, goiz eta arratsaldekoa, oso exijentea... Ez dut nahi hara iritsi eta denek honek egin beharrekoa eginda duela ikustea, hortzak estutu eta ahalik eta ondoen egin nahi dut. Hortik aurrera, ezin diot gehiago eskatu lehenengo finalari. Ez nik bakarrik, oro har, saio on bat egiteak denok poztuko gaitu, baina nahi nuke honetan behintzat aho zapore on batekin bukatu, ez dakit eta horrelako aukera gehiagorik izango dudan». 

Laguna txapeldun
Unai Agirrek lagun talde bezala ikusten du bertso Eskola. «Ez gara soilik kideak, betiko lagu­nak gara kasik. Entrenatzen aritu garen seiak, gehi lagun­tzera etorri diren beste guztiak. Gainera, beste bertsolariekin ere harreman oso ona dauka­gu: orduan, normalean norbe­rak irabazi nahi izaten dugu, bestela ondo ondokoak eta beste edozein bertsolari izanda ere lagun batek irabaziko du».  Agirreren iritziz, «aukera han­diak daude txapela Herna­nira ekartzeko, bai estatisti­ko­ki, bai maila ikusita. Zailena nik daukat, baina txapelak karga handia baldin badauka, beste bati lagunduko diot biz­karrean ekartzen... Nik uste, Maialenek eta Aitorrek aukera handiak dituztela, eta beste bertsolari batzuek ere bai. Oso irekia izango da finala».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!