Maialen Lujanbiok jantzi zuen txapela atzo arratsaldean Barakaldoko BECen, Euskal Herriko 17garren Bertsolari Txapelketa Nagusian; goizean goizetik maixutasun handia erakutsi zuen, alde handia atera zien finalean parte hartu zuten beste zazpi bertsolariei. Gero, Aitor Mendizluze Bertso Eskolako kide eta lagunarekin jokatu zuen buruz burukoa ere bikaina izan zen; oro har, final osoa ere bai. Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre zazpigarren eta zortzigarren izan zi-ren maila oso altuko finalean, ale bikainak utzita. Batez ere Unaik piztu zuen zenbait unetan BECeko giroa eta bere bertsoaldi baten ondoren ikusi ziren ikusleen lehen olatuak BECen.
Sebastian Lizaso bertsolariak jantzi zion Maialen Lujanbiori Euskal Herriko 17garren Txapela, BECen bildutako 14.500 ikusleak txaloka zutik zirela. Honek gero etorriko direnei eskaini zien txapela. Sebastian Lizaso 1986ko txapeldunak ere kantatu zuen bere bertsoa, eta gonbidapena luzatu, Maialeni, txapelaz goza zezan ondorengo urteetan, «txapelak ere gozatu dezan, buru ahaltsu horretan». Aurretik Andres Urrutia euskaltzain buruak eman zion oroigarria, bide batez, Elkarteak Euskaltzaindiari eskertuz 1958tik 1982ra Txapelketa Nagusia antolatzen egindako lana. Sari banaketan Maialenek bertsolari guztiei emandako besarkadak, estuak bezain hunkigarriak izan ziren, batez ere Amets aurreko txapeldunari, Aitor Mendiluzeri eta Sebastian Lizasori berari emandakoak.
Buruz burukoan, bi bertsolariek erakutsi zuten daukaten maila altua. Elkarrekin parez pare ibili ziren ofizioan, izerdia hitzarekin bertso eder bana kantatu zuten, eta bien kartzelako lana ere bikaina izan zen. Dena den, ordurako Maialenek abantaila handia zeukan bigarrenarekiko, egun osoan zehar pilatuta. Goizean eta arratsaldean erakustaldia eman zuen Maialen Lujanbiok. Guztira 72,5 puntuko aldea atera zion Aitor Mendiluze bigarren sailkatuari; buruz burukoan 13 besterik ez. Goizeko saioa amaitu eta gero, jada biak ziren buruz burukoan sartzeko hautagai nagusiak.
Aipagarria da, dena den, arratsaldean ariketa bikainak burutu zituztela Sustrai Colina eta Amets Arzallusek, eta ozta-ozta sartu zela Mendiluze buruz burukoan. Bi lapurtarrak oso hurbil izan zituen sailkapenean; Sustrai puntu erdira eta Amets bi puntura. 14 atera zizkion Igor Elortzari, eta 30, Aitor Sarriegiri. Amets Arzallus aurreko txapelduna, oso hotz hasi zen goizean, eta gerora asko hobetu bazuen ere, ez zuen lortu bere mailarik onena ematea.
Bertso bikainak
Bertsolari guztiek erakutsi zuten daukaten maila eta bertsoaldi ederrak entzun ziren BECen, goizean zein arratsaldean. Ikusleek gozatu handia hartu zuten. Bukaeran hauek behin eta berriro eskertu zuten bertsolarien lan ona, eta txalo zaparrada luzeak entzun ziren, batez ere, sari banaketako agurretan.
Igor Elortza eta Aitor Sarriegi zuzenean agurtu ziren txapelketatik; agurrean esan zuten berriro ez dutela parte hartuko. Unai Agirrek, aldiz, agurrean aitortu zuenez, uztea pentsatua bazeukan ere, orain, behin BECekoa ezagutu eta gero, zalantzak ditu:. «Bertso Eskolan behin esan nuen azken txapelketa zana, baina aintzakotzat ez da hartu behar beroaldian esandakoa dana», eta ikusleei beste bat arte esan ondoren, zera ‘leporatu’ zien «dudan neukana zalantzan jarri izana». Pozik egoteko moduan da Unai Agirre, lehen finalean bizi-bizi aritu baitzen ariketa gehienetan. Momentu batean baino gehiagotan piztu zuen BECeko giroa; esaterako, goizeko kartzelako lanean Puigdemonten paperean Bruselatik kantatu ondoren, «Libertat» oihuka jarri zituen BECen ziren kataluniarrak aurrena, eta ikusle gehienak ondoren. BECen ohikoak diren olatuen hasieraren aurrekaria izan zen une hori.
Maialen Lujanbio:
Azken agurra
Herri hau herri
egin al dugu,
ze eman du bizikidetzak?
Zenbat eman du euskalduntzeak?
Ez behar beste guretzat.
Berrogei urte ta garaia da
egurasteko ametsak.
Akaso hortan bertsolaritza
ona da adibidetzat;
beti ez du goitik behera egiten
tranmisioaren trentzak.
Guk betik gora
ikasi dugu
ta zabaldu
muga ertzak.
Lehengoekin ta gaurkoengandik
txapela hau
gerokoentzat.
Arratsaldeko agurrean, «odolan partez dauzkat errimak zainean, (...) azken txanpa ematera olatu gainean» esan ondoren berriro hasi ziren olatuak.
Aitor Mendiluzek bere ‘klasea’ erakutsi zuen saio osoan zehar. ‘Eroso’ ari zela esan zuen finalaren aurretik, eta horrela aritu zen saio osoan. Final oso borobila burutu zuen; puntu erdiarengatik izan bazen ere, merezimendu osoz sartu zen buruz burukoan, eta hor erakutsi zuen bere bertsokera bikaina, eta iritsi den tokira iritsi bada, meritu haundia berea dela. 2013koa ez zela kasualitatea, alegia, eta 2017an hobetzeko gai izan dela, lehenengo aldiz buruz burukoan sartuta.
Beñat Gaztelumendi, aldiz, ez zen berak nahi zuen bezain fresko ibili. Arratsaldeko agurra esanguratsua izan zen, «goi-zean tira, ez naiz espabilatzen di-da, onenak orain etorriko dira». Bere onena ez zuen eman. Baina ale bikainak utzi zituen, gogoratzeko modukoak, batez ere bakarkako lanetan.
Maialen Lujanbiok poltsikoan sartu zuen ikuslegoa. Bera aritu zen ‘bizi’, ‘eroso’ eta ‘fresko’. Momentu askotan ausart eta distiratsu ere bai. Badakigu oso exijentea dela bere buruarekin, eta izango duela zer zalantzan jarri, baina ikusleentzat, bertsoaldi borobilak osatu zituela ezin uka.
Amesten zuen saioa atera zitzaion; batez ere bikaina izan zen zortziko haundian eta txikian egindako hasiera. Maia-len eta Unai elkarrekin hasi ziren zortziko handian; ofizioan lehenengo ariketa izan zen. Konplizitate handiarekin kantatu zuten eta edozein publizitate eramatearen alde-aurka ziren kirolari profesionalen eztabaida eder horrek piztu zuen saioa eta BECeko giroa, hasiera-hasieratik. Txikian Igor Elortzarekin burutu zuena ere ikusgarria izan zen.
Gero ariketa guztietan aritu zen ondo, eta bakarkakoetan jo zuen gailurra. Urte askoren ondoren Gabonetan etxera bueltatzen den alaba yonki ar-di beltzaren paperean, bakarrik ama izandakoarenean, edo prostitutarenean ale bikainak kantatu zituen; «horrelakoa da prostituton papera, irabazten dugula ere galtzen ateratzen gera». Bukaeran BECeko 14.500 ikusleak zutik zirela jaso zuen txalo zaparrada ikusgarria. Ez zen txikiagoa izan, finaleko zortzi bertsolariei emandakoa.
Maialen Lujanbiok atzo lortutako txapela, Hernanira ekarritako hirugarrena da, 1936an beste Lujanbio batek, Txirritak jantzi zuen eta 2009an Maialenek berak.
Sailkapena
-Maialen Lujanbio .......1.756
-Aitor Mendiluze .......1.680,5
-Sustrai Colina ..........1.137,5
-Amets Arzallus ............1.136
-Igor Elortza .................1.124
-Aitor Sarriegi ............1.107,5
-Beñat Gaztelumendi ..............1.076,5
-Unai Agirre ...............1.072,5