Abenduaren 17an Barakaldoko BECen burutuko den Euskal Herriko finalera bitartean, bertsolarien arteko lehia izango dugu astero. Guztira 43 bertsolari ari dira aurreko larunbatean irailaren 23an Baigorrin hasi zen Txapelketa Nagusian. Finalaurrekoetarako sailkatuta daude Hernaniko bertso kabiko Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi 2013ko finalean egon zirelako. Azarora arte ez dute kantatuko. Asteburu honetan hasiko dute bidea, ordea, Unai Agirre, Agin Laburu eta Unai Gaztelumendik; hiruek, Gipuzkoako txapelketan lortu zuten Euskal Herrikoan parte hartzeko txartela.
Hasierako fasea gainditzea dute lehen helburu Iraulio Panttalone bertso eskolako Unai Agirre, Agin Laburu eta Unai Gaztelumendi bertsolariek. Eta ez da erronka erraza, final laurdenetan parte hartuko duten 36 bertsolarietatik erdiak, 18, kanpoan geldituko baitira. Urriaren 14ra bitartean jokatuko diren sei laguneko sei final laurdenetako irabazleak pasatuko dira finalaurrekoetara zuzenean (Baigorriko saiotik, Alaia Martin) eta puntu gehien pilatzen dituzten beste 12; guztira, 18.
Seguran eta Leitzan saioak
Unai Gaztelumendik gaur bertan kantatuko du Seguran, arratsaldeko 17:00etan; Ander Fuentes, Beñat Iguaran, Felix Zubia, Jon Martin eta Nerea Elustondorekin. Besteak beste, Beñat anaiarekin jardun da prestatzen eta gaur ikusiko da sparring lanak mesederik egin ote dion.
Agin Laburu eta Unai Agirrek, Leitzan, bihar igandea, 17:00etan; Iñaki Apalategi, Julio Soto, Oihana Bartra eta Oihana Iguaranekin. Lehenengo postua garesti dago finalaurreko honetan, Txapelketa Nagusiko finalista berrien kiniela gehienetan ageri diren bertsolari batzuk kantatzen dutelako kanporaketa berberean. Ikusmina sortu du saioak Astigarraga eta Hernanin. Leitzako Udal kiroldegiko atea 16:00etan irekiko dute.
Finalaurrekoak
2013ko finalistak finalaurrekoetan ekingo diote Txapelketa Nagusiari final laurdenetatik sailkatutako 18 lagunekin batera. Bi saiotan jokatuko dute sailkapena Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Aitor Sarriegi, Igor Elortza, Sustrai Colina eta finalaurrekoetatik sailkatuek. Unai Iturriagak ez du parte hartuko txapelketan. 24 lagunetik zazpi pasatuko dira finalera.
Finalerdiaren bi itzulietan seinaka kantatuko dute berriro, lehenengo itzulian puntu gutxien eskuratzen dituzten sei bertsolariak kanporatuak izango dira eta ez dute bigarren itzulian kantatuko. Beraz, lau saio izango dira lehen itzulian, eta hiru, bigarrenean. Bi saioetako puntuak batuta gehien eskuratzen duten zazpi bertsolariak pasatuko dira finalera. Amets Arzallus 2013ko txapelduna zain izango dute BECen abenduaren 17an kantatzeko.
Finala
Finalean beti bezala zortzi bertsolari izango dira, Barakaldoko BECen, goizean eta arratsaldean, kantari. Goizean 15 bertso puntuagarri eta arratsaldean beste 10 kantatuko dituzte, eta puntu gehien lortzen duten bi bertsolariek buruz burukoan jokatuko dute txapela (beste 11 bertso). Final laurden, finalaurre eta finalerako sarrerak internetez erosteko, www.bertsosarrerak.eus erabili daiteke.
Gai-jartzaile
Amaiur Lujanbio hernaniarra, bestalde, gai-jartzaileen taldean dago. Taldean sortzen dituzte Txapelketa Nagusian erabiliko diren gai guztiak, Euskal Herriko herrialde guztietakoak ari dira zeregin horretan, martxoan hasita. Amaiurrek aitortu digunez, aurreko txapelketetako esperientzia eta zenbait berrikuntza uztartu dituzte. Txapelketa Nagusiko gai guztiak prest dituzte, lanak aurreratuta; hori bai, gaien behin betiko bertsioa, saioaren aurreko egunetan bertan finkatzen dute.
Unai Agirre
«Aurpegi ona eta txarra oso gertu ditu txapelketak»
Unai Agirre, «gogotsu», bai, baina «zurrunbiloan sartu gabe» harrapatu dugu aste honetan. Txapelketaren aurkezpenak eta Baigorriko lehen saioak gogorarazi diote hemen dela Txapelketa Nagusia, «beti bezala harrapatu egin nau» esan digu.
Jakina da 2013ko aurreko txapelketan finalaren atean bertan gelditu zela, bederatzigarren, Sarriegi finalistaren puntu berberekin. Nahiago du, dena den, aurrekoari ez begiratzea: «horri begiratuz gero, oso erraza da burumakur bukatzea. Nik nahiago dut bertsotan ondo egin, ahalik eta txukunen behintzat, bai. Esperientzia badaukagu eta txapelketak aurpegi ona eta txarra oso gertu ditu... egun bakarrean jokatzen duzu dena eta mila faktorek eragin dezakete. Niretzat aurrekoa errepikatzea oso zaila da. Firmatuko nuke, baina badakit oso konplikatua dela. Printzipioz nire bertsoekin gustura egon nahi dut, eta hortik aurrera, datorrela datorrena».
Prestaketa aldetik «juxtu xamar» heldu dela dio, «ez naiz txapelketetarako bereziki asko preparatzen den bertsolaria; batetik, nekatu egiten naizelako eta, bestetik, erre ere bai. Nahiago dut horrela, gutxi preparatuta eta fresko, motorra martxan jarrita, aurrera egiteko».
«Hor [aurreneko saioan] jotzen asmatzen duenak, asko egina izango du»
Finalerako bospasei plaza finkatuta ikusten ditu, izendatzen hasita asmatuko genituzkeela dio, «beti ere egon daiteke irristadaren bat, eta seguraski bat gertatuko da». Beste bizpahiru toki horien borrokan egon nahi du Unaik. «Lehenengo helburua bertsotan ondo egitea da; aurreneko fasea pasatzea denoi gustatuko litzaiguke; Gero... badakigu finalean denontzat tokirik ez dagoela, aurrean dabiltzanek, beste maila bat daukate eta irristada handia egin behar dute ez sartzeko. Atzetik asko gaude, eta gauzak ondo egiten dituenak egingo du aurrera».
Parte hartzaileak, oro har, oso ondo ikusten ditu: elitea, batez ere. «Baita gure bertso eskolakoak ere, esperimentuak egiten eta bertsokera zorrozten»... Berak, badaki iritsi dela momentua: «daukagunarekin kantatu behar dugu. Asko prestatu denak, etxean lan asko egin duenak ere, gero taulan demostratu behar du». Unai Agirreren ustez, finalaurrekoetako lehenengo saioa da oso garrantzitsua: «hor jotzen asmatzen duenak, asko egina izango du».
Egunean bertan ere ez du ezer berezirik egingo... «Gustatzen zait ahal bada bueltatxo bat ematea, gero etxean lasai egon, bazkaldu eta goiz joan Leitzara». Bertso Eskolako Agin Laburuk ere kantatuko duenez, seguraski elkarrekin joango dira.
Aurreko txapelketan puntu erdiarengatik ez zen sartu finalean. «Hala ere, poz gehiago neukan pena baino.... Pena denborarekin etorriko da, final handia probatu gabe geratzen banaiz. Oso gustura geratu nintzen, helburu batzuk jarri eta nire lana ondo egin nuelako; oro har, oso gustura txapelketarekin, eta hori ez da beti gertatzen, batez ere, momentuan bertan, ‘hau ez dut egin edo hori egin nezakeen’. Bederatzigarrena izatea beraz, niretzat anekdotikoa izan zen. Egia da, denborarekin pentsatzen dudala, ‘oso gertu geratu nintzen’. Orduan ez nion garrantzia handirik eman, gerora pixkatxo bat... Ondo etorri zitzaidan postu hori, ez nintzen finalera pasa baina bistara atera nintzen eta plaza batzuetan kantatzeko aukera izan dut».
Agin Laburu
«Txapelketa eta lehia zalea naiz»
«Finalerdietara pasatzen ez banaiz gau txar bat pasatuko dut, baina gehiago ez», onartu du.
Agin Laburuk ere aurreko txapelketa nagusiko maila eman nahi du: «ea orain dela lau urteko txapelketaren adina emateko gai naizen. Orduan gustura geratu nintzen. Nik uste eman dezakedan ehuneko ehunetik nahiko gertu ibili nintzela». Bertsotan noraino egiten duen erakutsi nahi du aurten. «Mila zirkunstantzia daude txapelketan, tartean, eta edozer gerta daiteke, baina horretarako gogoa daukat. Eta posible baldin bada, ea bertso mailan koskatxo bat igotzerik dudan ikusteko. Emaitzak beste kontu bat izango dira».
Finalaurreko bi saioetara iritsi nahi du berak ere, noski, «finala ez dut amestu ere egiten, baina finalean sartzeko borrokan egotea, bai. Atzeko tropelean. Egunaren arabera erabakiko dira pare bat toki eta nire helburua horien artean egotea da. Pena daukat aurreko txapelketan bigarren bueltara aukerarik gabe iritsi nintzelako. Gustatuko litzaidake behintzat aukerekin iristea, tentsioarekin, nahiz eta gero ez sartu. Maulera bertso eskola osoa joan ginen, oso ondo pasa genuen, Irazu, Mendiluze, Unai eta laurok ginen kantuan, denok elkarrekin bazkaldu eta festa handia izan zen, baina ia tentsiorik gabeko saioa, nire lana gehiago izan zen Unairi eta Aitorri laguntzea».
Gutxi prestatu direla esan ohi dute, oro har, bertsolariek. Aginek «inoiz baino gutxiago»: barre egiten omen zien bertso eskolakoei, bi ume izanik biltzeko zailtasunaz mintzatzen zirenean, «’aitzakia ere badaukak orain ere’... Orain niri tokatu zait eta egia da ‘estadistikoki’». Hori ona izan daitekeela dio, dena den, «beti gertatu izan zait txapelketen prestakuntzaren momenturen batean saturatu izana, ‘buf utzi beharra daukat, atsedena behar dut’, esatea.... eta aurten, ez. Egia da, txapelketa guztiak egin ditudala goitik behera. Orain, lehenengo koska pasaz gero, aukera izango dut bigarrenean zerbait ona egiteko. Arriskua daukat lehenengo koska ez pasatzekoa. Bestela, agian hobe».
Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio eta Unai Agirrerekin ari da entrenatzen. «Taldeko parte sentitzen naiz erabat. Aitor eta Maialen finalean ikusten ditut, Unai ni baino koska bat gorago, baina nik ere nire txapelketa daukat, egun batean edozer gerta daiteke. Txapelketa zalea naiz,... prestatzea gustatzen zait, eguneko tentsioa ere bai, gero saioa hasi aurretik gaizki pasa arren. Gipuzkoakoan badaukat zer galdua, finaletik kanpo geratuta, baina Euskal Herrikoan ez, zer galdurik ez diot ikusten nire buruari... Finalerdietara pasatzen ez banaiz gau txar bat pasatuko dut, baina gehiago ez».
Unai Gaztelumendi
«Gogoratuko dugun saioren bat egin nahi nuke»
Gipuzkoako txapelketara baino presio gutxiagorekin iritsiko da gaur Gaztelumendi Segurara.
Unai Gaztelumendi ere Gipuzkoako txapelketara baino presio gutxiagorekin joango da gaurko saiora. Bere buruarekin gustura geratzea du asmo nagusia. «Zer egingo dudan ez dakit, baina badakit zer ez dudan nahi eta ea hor ez naizen erortzen...». Beste txapelketetan eduki dudan exijentziarik ez dut edukiko, lehenenego faseak pasatzeko beharrik edo Euskal Herrikora sailkatzeko edo gertu ibiltzekorik... Orain, behin hemen egonda, nire tokia da, hortik aurrerakoa ongi etorria izango da, baina ez diot eskatzen nire buruari».
«Arrastoa» utzi nahi du Unai Gaztelumendik; «nahiago dut bigarren egin eta gogoratzeko ezer ez utzi baino, azkena izan baina gogoratuko dudan eta gogoratuko duten bertsoaldiren bat utzi».
Asier Azpiroz Axpirekin ari da prestatzen Añorgan eta tarteka anaiarekin ere elkartu da: «Gure ‘zirkuitu’ txikian, saio bat edo beste egiten dut, baina txapelketarako propio entrenatzen ez naiz uda iritsi arte hasi, Axpirekin. Nahiz eta Euskal Herrikoan ez dagoen asko estimatzen dudan bertsolaria da, beste begirada bat dauka, asko lagundu dit. Bi anaiak ere elkartzen gara gurasoen etxean. Hori bai, Beñatekin sparring lanak egiten dituzu, nolabait; jaso, jaso eta jaso, baina laguntzen du”.
Bertsolari eta bertsozale izanda ere, txapelketak «nekatu» egiten duela dio, nahiago ditu beste era bateko saioak; erosoago sentitzen da formatu txikikoetan, baina probatu nahi du bere burua. Sormenari lotua dabil bai lanean –bere diseinu eta maketazio enpresan- bai aisialdian, -marrazkilari-. «Gustura nabil, etengabe hutsetik sortzen aritu beharrak bertsotan eragiten du».