Abenduaren 17ko finalerako txartela duen bakarra Amets Arzallus da. Hori nabarmendu dute, Iraulio Panttalone, Hernaniko Bertso eskolako ordezkariek: edonork egin dezake finalaren atean utziko duen irristadaren bat; edozeinek kanta dezake finalean, bere bizitzako saioa eginda. 24 bertsolaritik zazpi pasatuko dira finalera; bi saiotan puntu gehien batzen dituzten zazpiek kantatuko dute BECen Amets Arzallus azken txapeldunarekin batera.
Finalaurreen lehen itzuliko lau saioen ondoren, sei bertsolari kanpoan geldituko dira, eta bigarren itzuliko hiru saiotan, Amurrio, Donibane Lohitzune eta Iruñean, erabakiko da finaleko taldea, aurrera egingo duten 18en artean. Zaila da, dena den, lehen saioan oso atzean gelditu eta bigarren saio bikainarekin txartela lortzea. Aurten parte ez hartzea erabaki duen Unai Iturriagak egin zuen hori 2013an, baina ez da ohikoena. Erregularrenak sartuko dira seguraski finalera.
Agin Laburu: «Bastidako lehenengo saioan kantatuta nahiago, nirea egin eta listo, gainontzekoek ahal badute hobetu dezatela»
Inork ez du bere burua finalean ikusten, txartela garesti dago. Maialen Lujanbiok berak ere ez: «norberak ikara edukitzen du, edozein irristada gertatzen bada arriskua du eta atean geratzeko». Aitor Mendiluzek ere ez dauka hain garbi aurreko finalistek ez dutenik kalerik egingo; «hala diote, ‘betikoak hor egongo zarete’; hor egongo gara ondo egiten badugu, askok erakutsi dute bertsotan egiten dutela eta asko egiten dutela». Bere ustez erronka handiena ondo ari diren horiena da: «hau ez da gure txapelketa, ondoren datozenen txapelketa da; guk neurri batean erakutsi beharrekoa erakutsi dugu, kakotxen artean, noski. Beti daukazu zerbait egiteko, baina salto egitera hurrengoek etorri beharra daukate; hau Alaia, Soto, Agin, Unai eta horien txapelketa da...».
Beñat Gaztelumendik badaki berriak indartsu datozela, eta zaharrak ere indartsu arituko direla. «Ez dut uste finalera inor erraz sartuko denik. Finalean sartu edo ez, ez dago nire esku, nik ahal dudana egin dezaket, baina finalean inoiz egon ez direnek bere bizitzako saioa egiten badute nik ez daukat seguraski aukerarik». Beraz, bere eskuan dagoenari begiratu eta hori ondo egin nahi du.
Final laurden onak
Gaztelumendiren iritziz, final laurdenak, oro har, oso onak izan dira, kontuan izanik Txapelketa Nagusia dela eta bertsolariak urduri egoten direla: «oso ondo prestatuta iritsi dira, gauza berri dexente entzun ditugu; uste dut, duela lau urtetik koska bat gora egin duela txapelketak mailaren aldetik; beraz, luxua izango da aurten kantatzea».
Unai Agirre eta Agin Laburuk, lehen kanporaketa gaindituta, finalean sartzeko borroka horretan egon nahi dute. Unai «pozik» da lehenengo pausua emanda, «polita» da finalaurreetan kantatzea, horixe nahi zuen eta lortu du: «beti hobetu daitezke gauzak, baina oso konforme geratu naiz. Oso urduri ez nengoen, nire buruari ez diodalako exijentzia handirik jartzen; txapelketan inportanteena hor egotea da, borrokan sartuta baldin bazaude aurrera edo atzera egin dezakezu. Batzuk badira oso oso onak, haien neurrira ez gara iritsiko; besteekin borrokan egonez gero, ba hori, gauzak txukun egiten ari zaren seinale».
Aitor Mendiluze: «Atzetik datozenen txapelketa da hau, guk erakutsi beharrekoa erakutsi dugu, salto egitera hurrengoek etorri behar dute»
Agin Laburu ere pozik da egindako lanarekin. Finalaurrekoak ziren helburua eta hortik aurrerakoa opari bat izango da beretzat. Zuzenean sailkatuez gain puntuaketa altuena lortu badu ere, ez dio garrantziarik ematen. Puntuaziorik altuena eskuratu zuen aurreko fasean, duela lau urte, Beñat Gaztelumendirekin berdinduta. Hala ere, «gero ez nuen nahi beste luzitu; horri garrantzia kentzen diot, baina egia da orain dela lau urte sasoian harrapatu ninduela lehen saioak, eta bigarrenerako beheraka hasita. Esperantza daukat, orain, behetik gora harrapatuko nauela».
Hasteko gogoarekin
Maialen Lujanbio izan da azken lau urteotan txapeldunorde, aurreko lau urteetan txapeldun, eta berriro txapela lortzeko hautagaietako bat da, plazetako jardunari begiratuz gero. Ez du ukatu, hor egonda, saiatuko dela, baina beti «norbere ideiei fidel» izanda. «Bertsotan, nik egin nahi dudan moduan egiteko gogoa daukat, hori utzi nahiko nuke, eta emaitza, finala, saria edota dena delakoa baldin bada, ba ondo». Asebeteko duen zerbait egin nahi du, «ni nire buruarekin eta apustu pertsonal horrekin gustura geratu». Gogotsu dago Maialen, batez ere hasteko, «batzuk, hasi direnak, jada gurpilean daude, martxan, eta gu aldiz neurria ezin hartuta».
Aitor Mendiluzek ere gogotsu ekingo dio txapelketari, baina ez da ausartu ondo harrapatu duen esaten: «txukun ari naizela esaten didate, udan gustura aritu naiz, baina txapelketako puntua hartzeko probatu egin behar». Gogoz da, lau urtean behin errepikatzen den zita, aukera, erakusleiho, talde, plaza... ederra delako. «Saio handiak dira, beti da plazer handia hor egotea».
Hamar urte pasa dira azken txapela jantzi zuenetik, Gipuzkoakoa, baina ez du hori buruan; «gainera ikusita faborito nagusiak zeintzuk diren eta nola dabiltzan...» Ez dio ezeri uko egiten, «txapelketa egitera joan behar da, eta gero gerokoak... azken txapelketan jende askok nirekin sorpresa hartu zuen eta hori positiboa da niretzat; orain, hortik txapelerako salto hori handia da». Laugarren egin zuen 2013an, hirugarren 2001ean... Buruz burukotik pausu batera dago: «ez dago jakiterik, faktore asko daude, niregandik kanpo daudenak...» Saiatu saiatuko da, eta tokatzen bada, «pozik» hartu ere bai.
Maialen Lujanbio: «Txapela janzten saiatuko naiz, beti ere, norberaren ideiei fidel izanda. Nire buruarekin gustura geratu nahi dut»
Beñat Gaztelumendik ere urruti ikusten du txapela: «ez zait iruditzen txapela janzteko mailan nagoenik, badakit zer egin dudan orain arte, nahiko nuke pausu bat aurrera egin, baina uste dut oso urrun dauzkadala faboritoak, oso urruti daukadala maila hori. Hobe da gainera ez begiratu, luxu handia da bertsolari horiekin plaza konpartitzea; 30 urterekin hain gazteak ez gara, baina oraindik ikasten segitzeko asmoa daukat... Poztuko nintzateke, baina ez dut uste».
Txapelketak momentu onean harrapatu duela adierazi digu Beñat Gaztelumendik; “Oso gogotsu, egia esan, Gipuzkoako txapelketatik, bi urtetan, denbora eduki dut. Lasai harrapatu nau txapelketak, prestatzeko denborarekin, eta lanak eginda nire ustez». Hirugarren txapelketa du, eta 2013an jada finalean kantatu zuen. «Txapelketetan ondo pasatzen dut, asko gustatzen zait entrenamendu fasea, baina badakit nire maila zein den, eta orain arte egiten dudana egitea ere ez da erraza».
Unai Agirre: «Maila altuko bertsolariekin kantatzea ondo dago, nik nahiago hori. Gero edozer gerta daiteke, baina gustatu zait»
Plazetan azken urteotan bildutako esperientzia eramango du Beñatek txapelketara. Gainera, adierazi digu aspaldion gutxiago dabilela eta fresko iritsiko dela lehiara. «Inkognita handi bat da beti txapelketa, bezperan ezin duzu jakin nola jaikiko zaren goizean; bertsoak etorri egingo diren ala borrokan ibili beharko zaren hitz bakoitzarekin. Hori ez da jakiten. Dena den, egin beharreko guztia ustez ondo eginda noa».
Bastidan lehenengo saioa
Finalaurreetako lehen itzuliko lau saioetan kantatuko du, Iraulio Panttaloneko kideren batek. Agin Laburu finalaurreko zazpi saioen estreinaldian izango da gaur bertan, Arabako Bastidan, Igor Elortza, Sustrai Colina, Jon Martin, Jone Uria eta Nahikari Gabilondorekin batera; Udal Kiroldegian, arratsaldeko 17:00etan.
Gogoz helduko dio erronkari Aginek, gustura hartu du lehenengo saioan kantatzea: «berdin dit, taldea gustatu zait eta nik lehenengo kantatuta nahiago: bata tokatzen bazait ere kasik nahiago, egin eta bakea; bestela, nahi eta nahi ez, besteek egindakoari begira jartzen gara. Hartara, nirea egingo dut eta listo, gainontzekoek ahal badute hobetu dezatela», esan digu lasai.
Beñat Gaztelumendi: «Ez dut uste finalera inor erraz sartuko denik. Berriek bere bizitzako saioa egiten badute, ez daukat seguraski aukerarik»
Irunen, Unai eta Maialen
Asteazkenean, azaroaren 1ean, Irunen kantatuko dute Maialen Lujanbiok eta Unai Agirrek, Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Aimar Karrika eta Maddalen Arzallusekin batera; Artaleku kiroldegian, 17:00etan. Zale askoren ustez, lehen itzuliko saioen artean erakargarriena da. Talde polita dela, garantia ematen dutela, maila altukoak direla eta saio ona egin dezaketela esan digu Maialen Lujanbiok. Bera prest, bere burua probatzeko desiatzen badago ere, hasi aurreko «inzertidumbre» hori aipatu digu. «Hala ere, lanean gustura ari naiz, bai bertso eskolan, bai etxean... Baina praktikan jarri arte ez dakizu».
Ondo hartu du saioaren maila altua Unai Agirrek ere: «nik nahiago hori kantatzeko; gero edozer gerta daiteke, baina gustatu zait». Azken egunotan, Hernaniko Bertso Eskolako lagunekin elkartu da bertsotarako, baina aitortu digunez, «kosta zait berriro jartzen; lehen fasea bukatzean lasaitu egin naiz apur bat, baina jarri beharra dago, egunak geratzen dira eta».
Maulen pozik Beñat
Maulen kantatzea zorte handia dela esan digu Beñat Gaztelumendik: «nire bizitza guztian behin bakarrik kantatu dut Xuberoan. Txapelketarengatik ez balitz seguraski sekula ez nuke berriro kantatuko; beraz, saio hori mimatu nahi dut, eta saio horretatik aurrera datorrenari ez begiratu oraingoz». Hortaz, «oso pozik» dago Maulen kantatzen duelako, datorren larunbatean. Sentsazioak garrantzitsuak dira Beñaten iritziz: «azken finean, gu bapatean ari gara, dena ez dago gure esku; orduan, gure esku dagoen hori ondo badoa eta sentsazioak onak baldin badira, hori da daukagun helduleku bakarra. Oso gustura nago, oraintxe bertan kantatuko nuke», esan digu. Maulen kantatuko du azaroaren 4an, Ororena Jai-alain 17:00etan, Julio Soto, Etxahun Lekue, Beñat Iguaran, Nerea Elustondo eta Nerea Ibarzabalekin: «azken hiru hauekin ez dut sekula kantatu».
Hain juxtu, bi Nereak Hernaniko bertsolariekin dihardute txapelketa prestatzen; besteak beste, Maialen, Aitor, Unai eta Aginekin elkartu dira egunotan. Ibarzabal bertan bizi da, Hernanin. Elustondo, Donostian. Dena den, ondo ezagutzen du Hernani, iaz institutuko irakasle izan baitzen. Ibarzabalek erakutsi duen mailak asko harritu ditu, Aitor Mendiluze bera ere bai: «ez bakarrik bertso mailarengatik, hori bagenekien; gehiago ikuspegiaren aldetik, gaiei heltzeko moduarengatik».
Aurten Beñat ez da aurrekoetan bezala hemen aritu. Bere martxara jardun du. «Txapelketa denak diferente prestatzen ditut, eta aurten ez naiz Hernanira etorri». Añorgan aritu da, batetik anaiarekin, eta bestetik, Alaia Martinekin. Astean pare bat aldiz, azken asteotan.
Durangon, Aitor
Durangoko saioaren ondoren jakingo dira kanpoan geratuko diren sei bertsolarien izenak, eta are garrantzitsuagoa, finalerako txartela lortzeko lehian jarraituko duten 18 bertsolarien sailkapena, puntuaketak eta bakoitzak non kantatuko duen, Amurrion, Donibane Lohizunen edo Iruñean, hurrenez hurren, azaroaren 18an, 26an ala abenduaren 2an. Durangon, Jon Maia, Iñaki Apalategi, Oihana Iguaran, Miren Amuriza eta Miren Artetxerekin kantatuko du Aitor Mendiluzek. Talde polita iruditzen zaio: «Miren Artetxerekin gutxi kantatua naiz; gainontzekoekin plazan aritu naiz eta oso ondo. Behin garai honetara iritsita, jada ez da talde txarrik». Aitor gogoz dabil bertsotarako, gehiegi ez dela prestatu aipatu badigu ere. Bertso eskolakoekin elkartu da, «eta punto».