«Turista baino parrandazale gehiago dabil sagardotegietan»

Erabiltzailearen aurpegia Jon Altuna Iza 'Oxan' 2017ko ots. 11a, 01:00

Gorka Arizkorreta astigartarrak turismoaren ikuspegitik begiratu die eskualdeko sagardotegiei. Alde hori landu gabe zegoela ohartu eta ikerketa sakona egin zuen iazko txotx denboraldian. Batetik, arloko 30 pertsonatik gora elkarrizketatu zituen eta 400 bezero baino gehiagori inkesta egin. Jasotakotik ondorioztatu du sagardotegi batzuek soilik ireki diotela turismoari atea; gero eta gehiago dira, dena den, kanpoko hizkuntzei ga­rrantzia eman, urte osoan ireki edota bisita gidatuak antolatzen dituztenak. 
Erabiltzaileen erantzunetatik, berriz, ondorio bitxiak atera ditu. Festara datoz gehienak: sagardotegira joateko arrazoi nagusiak festa giroa, gastronomia eta sagardoa bera dastatzeko gogoa dira; generoaren ikuspegitik gizartearen ispilua da; eta jatorriari dagokionez, Herna­ni­ko­ak eta As­ti­garragakoak sagardotegira joaten direnen 10etik 1 gara soilik. 

«Ikusi nuen asko zegoela ikertzeko»
Historia ikasi zuen Gasteizen 23 urteko Gorka Arizkorretak; ondoren Sagardoaren Etxean egin zuen lan; gaur egun, txakolindegi batean. Bartzelonako CETT-UB unibertsitatean ‘Tu­ris­moaren Kudeaketan Berri­kuntza: kultur eta natur ondarea’ izenburua zuen masterra egiten ari zela, ikasketa amaierako proiekturako, inguruko sagardotegietan turismoari ematen zaion ga­rrantzia eta izan dezakeen eragina aztertu zuen iaz, ia-ia zerotik hasita: «asko hitz egiten da, baina datu konkreturik izan gabe... ikusi nuen asko zegoela iker­tzeko». 
2015eko gabonetan etxera etorri zenean, Astigarragako sagardotegiak Hernanikoen an­tzera turismoari begira hasiak zirela ikusita, hori datuen bilketaren bidez azter­tzea pentsatu zuen, «zer dagoen ikusi, ikertu eta hortik ondorioak ateratzeko, zer egin daitekeen, eta zer ez, ikusteko». Oso garrantzitsua da bere ustez bezeroaren nahiei buruzko informazioa jasotzea, nondik nora joan jakiteko. 
Informazio piloa jaso, aztertu eta ateratako ondorioen artean nabarmendu daiteke, batetik, denetarik dagoela sagardogileen artean, aniztasuna handia dela, alegia: «desberdinak dira sagardotegiak, alde handia dago batetik bestera, bai tamainaren aldetik, eta baita lana egiteko mo­duan ere. Batzuk sekulako lana egiten ari dira turismoaren arloan, baina bide luzea dago egiteko oraindik. Nagusien erdiek baino gehiagok interesgarri ikusten dute atzean daukan kultur ondarea erakustea. Ho­riek ondo hartu naute. Beste as­kok, ordea, ez dute beharrezko jotzen». 

«Beraien lana zein den eta nondik datorren argitu nahi digute, sagardoa ez dela txotx denboraldian sagardotegian larunbat eguerdian joandakoan ikusten dena»

Bisita gidatuak
Egindakoa erakusteko gogoa duten sagardogileen ahalegina azpimarratu du Gorka Ariz­korretak. «Beraien lana zein den eta nondik datorren argitu nahi digute, sagardoa ez dela txotx denboraldian sagardotegian larunbat eguerdian joandakoan ikusten dena, hori baino gehiago baizik. Atzean daukan urte osoko lana, sagardoaren kultura eta beste erakutsi nahi dute». 
Horretarako baliabideak ba­dituztela uste du Ariz­ko­rretak. Batetik, Sagardoaren Museoa zabalik dago. Bestetik, sagardogile batzuek gogoz azaldu ohi dute euren zeregina. Bisita gidatuek, oro har, harrera ona daukate. Sagar­dotegi batzuetan arrakasta ere bai. Bi alde ezagutzeko aukera dute bisitariek: bai lehen nola egiten zuten sagardoa, baita gaur egun nola egiten duten ere; biak, interesgarri. Baz­kal­du aurretik ‘bixita’ egin dutenek, sagardotegiaz iritzi eta balorazio hobea izaten dute, oro har. 

Hirugarren egokitzapena
Gorka Arizkorretaren ustez, hirugarren egokitzapen fasean dira sagardotegiak. Baserriko beste jardueren osagarri izatetik, na­gu­siki sagardoa produzitzera egin­dako bilakaera izan zen le­hena: animaliak zein baratza utzi, eta produktu konkretu ho­rre­tan, sagardoan, zentratu zi­ren, alegia. Beti ere, Ariz­ko­rretaren iritziz, txotx den­bo­ral­dian beste jarduera bat eskaintzea izan zen bigarren pausua, hau da, bi diru iturri baliatzea: batetik, sagardoa produzitu eta saltzeko, eta bestetik, etekina atera txotx garaian kupeleko sagardoari. Eta hirugarren adaptazioa litzateke turismoaz baliatzea: sagardotegia urte guztian zabalik edukitzea, menua dibertsifikatzea, sagardoen eskaintza zabaltzea, naturala, ekologikoa, bertakoa, bizia, mostoa... edota bixita gidatuak antolatzea dira horren adierazgarri.
Oro har, turismoaren fenomenoa nahiko berria da sagardotegien inguruan. Azken urteotan, gero eta kanpotar gehiago dator, eta sagardotegiak turistak hartzeko prestatuago daude. Alde handia dago le­hen­go sagardotegien eta gaurkoen inguruan. Sagardogile batzuek ahalegin berezia egin dute azken bi hamarkadetan. Baita erakundeek ere. Jato­rriz­ko sagardoaren izendapena ai­pa daiteke adibide gisara. «Ge­ro eta gehiago lotzen da es­ku­al­­de hau sagardoarekin... Ez da Errioxako ardoaren mailara iri­tsi, baina... erakundeek ere ho­rretan lan handia egin dute ingurua sagardoaren lu­rral­de bezala ezagutu dadin. Dena den, lan handia dago egiteko». 

Festazale gehiago
Oraindik bezero gehienak in­gu­rukoak direla eta festa egitera datozela nabarmendu du, bestalde, Arizkorretaren azterketak. Euskal Herri mailan ohi­tura handia dago sagardotegietara joateko, barne-mugimendu handia, barneko turismoa deitu diezaiokegun hori indartsua da gure inguruan: 10etik ia 8, %78, Euskal He­rri­koak dira sagardotegietan, %15 in­guru estatukoak, eta gainontzekoak atzerritarrak; %10e­­ra ez dira iristen.
Ikerketaren arabera, sagardotegira joateko arrazoi nagusia, oraindik festa gogoa da; bezeroak gaur egun gehien estimatzen duenari dagokionez, gastronomia, jatekoen ka­litatea, giroa eta sagardoa dira lehen aukerak. Aipagarria da, «sagardoa gustuko ez duena ere joaten dela sagardotegira, dagoen giroarengatik eta festa egiteko asmoz».
Sagardogileei, oro har, ez zaie interesatzen larunbateko «masifikazioa»; etengabe esaten ari dira hori ez dela jasangarria, jada ez dagoela garai bateko ilararik, iraunkortasunik eta jendetzarik sagardotegietan. Euren iritziz, sarriago joaten ginen lehen sagardotegira, joera hori hasi dela jaisten... Astean zehar sagardotegiak ez daude beteak, sarritan, ezta larunbat gauean ere. 
Interesgarria da Gorka Arizkorretaren iritziz, beheranzko joera ikusita sagardogileak hasi direla alternatibak bilatu eta eskaintzak egiten; batek asteazkenean zuzeneko musika jarriko du, beste ba­tzuek es­kaintza bereziak ostegunetan... 

Turistei begira
Era berean, badira, produktu turistikoak dituzten sagardotegiak; gaur egun, ia bostetik ba­tek, %18ak antolatzen ditu horrelakoak, jende mota ez­ber­dina erakartzeko ekitaldiak. Esa­te­rako, bisita gidatu­ak, sagardo dastatzeak, ‘musik txotx’-en an­tzeko musika emanaldiak... 
Eta gutxi gorabehera hirutik batek (%35ak) dauka sagardotegia urte osoan zabalik. Sagar­do­te­gien bilakaera edo historiako hirugarren adaptazio edo egoki­tzapenaren adierazgarri da hori, Gorka Ariz­ko­rre­taren ustez. Urte osoan eskaintzen dute askok kupeletik edateko aukera, prestatuak daude sagardoa hotz man­ten­tzeko urte guztian. «Opo­rretan zaudenean, orduantxe, kon­tsumitu nahi duzu bertako pro­duktua. Hona datorren ja­poniarrari berdin zaio sagardo denboraldia izan ala ez izan, nahi duena da sagardoa kupeletik edan. Nahiz eta bertakook jakin lehen ez zela hori egiten eta botilatik kontsumitu». 
Sagardotegietan ematen ari den aldaketaren adierazgarri da menua beste produktuetara za­baltzen ari dela. Ariz­ko­rre­tak frogatu du %18k gutxi gorabehera ez duela soilik betiko menua ematen, batzuk hasi dira esaterako menu beganoa eskaintzen... Eta ez dute soilik sagardoa izaten, baizik eta ardoa, xanpaina edota bakoi­tzak nahi duen edaria, alegia. Gaur egungo bezeroari ego­ki­tzeko berrikuntza da. «Lehen 70-80 hamarkadan sagardotegira zijoana, sagardoa proba­tzera zijoan, eta gero gustuko kupeletik betetako botilak bertan erosiko zituen. Gaur egun bezeroak, oro har, ez du botilarik erosiko». 

Bezeroak badu zer esana
Turismoarentzat ona da jatorri izendapena. Arizkorretaren iritziz, etorkizuna bertako sagardoan dago, euskal sagardoan. Beraz, pausu handia da jatorri izendapenaren inguruan sagardogile elkarteak batera jardutea. Marka bakarra izatea. Turis­mo­a­ren arloan ere batasuna eta au­rre­rapena ekarriko du. Elka­rrekin egingo dute lan sagardogileek. 
Jakina da oraindik sagar as­ko ekartzen dela kanpotik. Arizkorretaren ustez hor zer esanik handiena bezeroak du, «guk eskatu behar dugu euskal sagardoa, bertako sagarrarekin egindakoa». Asko ekoizteak eragina du prezioan. Ekoiz­ten den sagardo gehiena sal­tzen da, baina oso balore ba­xuan... Adibidez, bodegan txakolin botila normala 5 eurotan saltzen da; sagardoa aldiz, eu­ro batean edo 1,20an... Bost al­diz garestiago saltzen da txakolina. 
Sagardoaren kultura ez dago ardoarena bezain hedatua, tabernan edo jatetxean ardoa eskatzerakoan markak eskatzen dira edo mahats barietateak. Sagardo bat eska­tzen dugunean, aldiz, ez da sagardo hau edo hori eskatzen; sagar klaseak ere, oro har, ez dira ezagutzen. 
Astigarraga eta Hernanin gazte askok egin du lan sagardotegian edo tabernan zerbi­tzari; horregatik ere bada interesgarria ikerketa. Bizila­gun batzuek kexa izango dute, baina lana ere sortzen du, sarri baldintza kaxkarretan eta aldi baterako, baina sagardotegiak urte osoan zabaltzen badira, horiek urte osorako kontratatuko dituzte eta baldintza hobeagoetan... 

Genero ikuspegia
Generoari dagokionez, gure ohi­tura eta gizartearen egoeraren ispilu da ikerketaren emai­tza. Azterketaren arabera, ostegunetan, gizonezkoak dira gehien, %76 gizonezko, %24 emakumezko, eta iganderako ia-ia berdintzen dira, familiak joa­ten direlako nagusiki. Be­raz, emakumeak sarriago joaten dira familiarekin, lankide edo lagunekin baino. 
Ostegunetan doa populazio zaharrena; batez ere, 50 urte inguruko eta hortik gorako gizonezkoa, betiko koadrilarekin. Ostiralean denetarik, asko lankideekin, eta emakumezkoak ge­hia­go dira; larunbatetan gazteak, mutil eta neskak, eta igandetan emakumezkoen kopuru han­diena, familiak joaten direlako. 

Jarraipena
Unibertsitatean Euskal Herriko Historian espezializatu zen Ariz­korreta; euskal gi­zar­tea eta kultura interesatzen zaio. Beraz, P­asaian, Albaolan egin zituen praktikak, museo gisa ireki zen udan, eta lagun­tzen du orain ere, boluntario. Han ikasi zuen oso garrantzi­tsua dela, kontatzeko modua, proiektuak kanpotarrei azal­tzeko era. «Izan ere, Albaola turismorik gabe ez litzateke bideragarria izango gaur egun. Horrek ez du esan nahi soilik oso urrutitik datozenei eraku­tsi behar zaienik. Bertakoei ere azaldu behar zaie». Albaolatik Sagardo Etxera etorri zen, eta ikusi zuen sektorean gauza asko zegoela hobetzeko... «Ka­rre­ra bukatuta bi bide nituen; irakaskuntzan hasi ala beste ikasketa batzuei heldu. Mas­te­rren bat egin eta aukera oso ona zen Bartzelonara joatea, batez ere jakiteko zer ez egin»...
Lana eginda, aurrena unibertsitatean aurkeztu zuen, baita ondoren Foru Aldundian zein sagardogileen elkartean ere. «Azaldu nien lana; nondik-nora jarraitu daitekeen azterketa, non dauden gabeziak, zer landu eta zer egin daitekeen». Orain gizarteratu egin nahi du; hain juxtu, ikerketan parte hartu zutenei, herritarrei, helarazi ondorioak. Hori da lanaren azken fasea, lanean parte hartu dutenei zabaldu eta eskerrak ematea. 
Dena den, oraindik zer ikertu badagoela uste du, emaitzak aztertu, landu eta zer egin daitekeen ikusi. Horretan segi nahi luke. Eta aztertzeko beste ikuspuntu bati ere heldu nahi lioke, herritarrek zein ikuspegi ote duten sagardo denboraldiari buruz; nola ikusten du­ten Astigarraga, Hernani eta Urni­e­tako herritarrek sagardo ga­raia, baikorrak edo ezkorrak ote diren. 

Sagardoaren turismoa bezeroak

Bezero gazteagoak, Astigarraga eta Hernanin 

Eskualde osoko datuak Astigarraga eta Hernanikoekin alderatu ditu Gorka Arizkorretak. Horrek bi herri hauetara datozenen perfila erakutsiko du. Gazteagoa da bi herri hauetan dabilena, lagunekin joaten da, gehienetan autoz eta festa egiteko asmoa du. Betidanik ezagutzen ditu sagardotegiak. Emakumezko gehiago dabil, hemen, beste herrietan baino. 
 

Bailarako biztanleak sagar­do­tegietara joaten garenean, ge­hie­nak lagunekin goaz eta ge­ro fes­ta egiteko asmoarekin. Iker­ke­taren arabera, he­men bikoiztu egiten da es­kualde osoko ko­pu­rua: Astiga­rraga eta Her­nanikoen %41,4k erantzuten du ondoren festa egiteko asmoa duela. Eskual­de­an askoz gu­txiago dira. Kan­potik datozenen %20,4k dio festara datorrela. Beste herrietan %16,9 dira. Aipa­ga­rria da, bestalde, kanpotik da­tozenen artean motibazio kulturala gailentzen dela, gastronomikoaren gainetik. 
Urumea bailarako bezeroak, eskualdeko beste tokietan baino gazteagoak gara. He­men, erabiltzaileen bataz besteko adina 38 urtekoa da. Es­kual­dean, 41 urtekoa. Gehie­nak lagun artean joaten gara sagardotegira, %58 Astiga­rra­ga eta Hernanin; %56 beste herrietan. Beste herrietan bikote eta familia gehiago izaten da sagardotegian. Oro har, gizonezko gehiago badira ere, Urumea bailaran eskualdean baino emakume gehiago joaten da. Hemen guztien %42 dira emakumezkoak, eta, es­kualde osoan aldiz, %37,9. 
Beste datu batzuk ere jaso ditu ikerketak, esaterako, %61,8k autoa erabiltzen duela sagardotegietara hurbiltzeko. Hala ere, pixkanaka garraio publikoaren erabilera gora doa, gero eta gehiago dira trena eta autobusa erabiltzen dutenak. Gehienek be­tidanik ezagutzen dituzte sa­gardotegiak; %55,7k. Ugaritzen ari da, dena den, internet bidez informatu direnen kopurua. Bertakoen %10 eta kanpotik datozenen %13.
Sagardoaren eskualdean tu­r­­ismoaren merkatua azterketa metodologia mistoa erabili zuen Arizkorretak; kualitatiboa (elkarrizketak) zein kuantitatiboa (in­kestak). Helburua, «sagar­do­te­­gien inguruko turismoaren es­kaintza eta eskaria ezagutu, etor­kizun batean produktu turistiko jasangarri bat sor­tzeko». 
   Bi herri hauetan, 212 elkarrizketa burutu ditu ostegun, ostiral, larunbat zein igandetan 2016ko martxoaren 18tik 31ra b­i­tar­tean; 124 Astigarra­gan, 5 sa­gar­dotegitan banaturik eta gai­ne­rako 89 elkarrizketak Hernanin, 4 sagardotegitan. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!