XIX. mende amaiera zen. Urumea bailara. Graciana Mendizabalek udazkenaren etorrera prestatu beharra zuen. Izan ere, haien etxean, beste askotan bezala, iraila iratzea mozteko hila zen; iratzerik gabe ezingo baitzuten baratzerako eta sororako ongarririk izan, eta ongarririk gabe, gosea pasatzeko arriskua ere izan zezaketen. Gracianaren etxean, zorionez, iratzea edo garoa ebakitzeko lote edo partzela bat zuten Hernaniko herri-lurretan. Urtero ordaintzen zuten hainbateko bat lotearen truke eta horrekin, behintzat, ziurtatuta zuten iñistorra etxerako. Urte hartan, ordea, arduratuta zegoen.
1881. eta 1890. urteen artean, Hernaniko Udalak iñistor-lotiak edo iratzea ebakitzeko loteak sortu zituen Epele errekan, Usoko errekan eta Aparrainen. Ia 500 lote iñistor. Diru baten truke, etxe bakoitzak bat eska zezakeen, bertan ateratzen zen garoa mozteko. Horrez gain, ordea, iñistorra mozteko beste aukera bat ere bazen: harrapazka. Harrapazka eguna irailaren 8 inguruan izaten zen Hernanin. Udalak agindutako orduan, herriko baserri bakoitzetik hiru pertsona joaten ziren herri-lurretara, Akola ingurura, igitaia eskutan zutela, eta basozainak tiroa zerura botatzen zuenean, hasiko ziren iratzea mozten.
Gracianaren etxean, beraz, beste etxe askotan bezala, urtero izango zuten garoa mozteko aukera. Urte hartan, ordea, Graciana arduratuta zegoen eta idatzi bat bidali zuen udaletxera, eskribauak bere izenean idatzitakoa. Idatzi hori, egun, Hernaniko Udal Artxiboan aurki daiteke. Graciana beldur zen, urte horretan ezingo zuelako iratzea ebaki eta alkateari idatzi zion, laguntza eske.
Graciana ez zegoen egoera samurrean. Senarra eroetxean sartu berri ziotela zioen eta azken urtean, lotea ordaintzeko papera ez ziola bidali Hernaniko Udalak. Horrekin batera, ordea, lotea zuten guztiek, araldia edo aaldiya izeneko auzolan bat egin behar izaten zuten urtero, gurdi-bideak konpontzeko, eta egiten ez zuenari iratzea mozteko eskubidea kentzen zitzaion. Gracianak, senarra etxean ez zegoenez, ez zuen araldira joateko deialdia jaso, eta beraz, orain, iratzerik gabe gelditzeko arriskuan zegoen. Iratzea ebakitzeko baimena eskatzen zuen.
Iratzea mozteko beharrak estuasun eta ardura asko sortuko zituen etxe askotan, eta horrek, era berean, erakusten digu zein garrantzitsua izan zen duela hamarkada batzuk arte garoa mozteko aukera izatea.
Izan ere, orduko ehunka gertaeren adibide bat baino ez da Gracianarena. Iratzea mozteko zailtasunak eta horrek sortzen zuen ardurak, mila arrazoi eta mila kokaleku izan ditu historian zehar. Andoaingo Udal Artxiboan aurkitu dugun kasuan, esaterako, Vicenta Amiano Garmendia andoaindarrak ere Gracianaren antzeko egoeran ikusten zuen bere burua. Kasu honetan, 1900eko irailaren 10ean Andoaingo Udalera bidalitako idatzian, Vicentak ezkongabea zela zioen, eta berriki berarekin bizi zen anaia Jose Ramon hil zenez, bakarrik zegoela. Iloba baten laguntza txikia baino ez zuela, eta beraz, etxeko baratze eta beste hainbat kontuekin ere ezin iritsi zebilela. Hori dela eta, Andoaingo Udalari adierazten zion, iratzea mozteko harrapazkara ezin izango zuela joan, eta erregutzen zion, iratze toki bat gorde ziezaioten herri-lurretan, ahal zuenean moztera joateko. Udalak zatitxo bat gorde zion.
Baina, etxeko egoerak ez ezik, norberaren osasun arazoek ere eragina izaten zuten egiteko horietan. Hala, Andoaingo Udal Artxiboan, asko dira bera edo seme-alabaren bat gaixo dagoenez, garoa moztera joan ezin daitezkeen pertsonak eta udalera laguntza eske idazten dutenak. Horien artean, ordea, bada berezia den bat. Izan ere, Andoaingo Unzacalteko baserriko (hala jartzen du artxiboan) jabeak, harrapazkaren bezperetan, irailaren 20an, iratzea igitaiez mozteko udalak jarritako derrigortasuna dela eta, bere ezintasuna adierazten zuen. Izan ere, beso baten faltan, ezin zuela igitaiarekin moztu, esku batekin garo sorta heltzen baitzen, eta bestearekin, igitaia. Hala, herri-lurretan iratze toki bat segarekin mozteko eskaera egiten zuen, eta udal zinegotziek, kasua ikusita, onartu.
Iñistorra, garoa edo iratzea moztea, ezinbestean egin beharreko ekintza zen urtero, estuasunik ez bazen igaro nahi, eta horretarako, udalek hainbat arau, kudeaketa sistema eta baliabide jarri zituzten, baina etxe bakoitza mundu bat zen, eta urtero izaten ziren iratzea ebaki behar eta ezin zutenak. Hala, horiei ere erantzun bat eman behar izaten zitzaien.
Bigarren karlistaldi betean, Hernaniko Udalak harrapazkako arauak aldatu behar izan zituen, eta herritar batzuk gerrara joanak zirenez, etxean iratzea mozteko jende nahikorik ez bazen, ordezkoak jartzeko aukera ere eman zuen. Andoaingoak ere, malgutasunez jokatu behar izan zuen kasu batzuetan. 1935eko azaroaren 20an, esaterako, Jose Joaquín Amenabarrek, bertako bizilagunak, Andoain utzi eta bizitzera Adunara joan behar zuela zioen; baina herriko lurretako loteetan moztutako iratzea Andoaingo herritarrentzat baino ez zenez, baimena eskatzen zuen etxean zuen garoa Adunara eramateko, haien bizileku berrira. Andoaingo Udalak, debekuak sortuko liokeen arazoa ulertuta, baimena eman zion.
Errenteriako Udal Artxiboan eta Hernanikoan begiratuta, bestalde, bat baino gehiago dira iratzea herri horietan mozteko eskaera egiten duten Astigarragako herritarrak. Mugan ziren baserrietan bizi zirelako, edota lurrak herri horietan ere bazituztelako, nahiz eta hor ez bizi. Kontuak kontu, iraila, iratzea mozteko hila, ezin zen hasi garoa mozteko aukerarik gabe eta herritarrek ahal zuten guztia egiten zuten udazkena iñistorra moztu gabe ez pasatzeko.
Iratzea ebaki behar eta ezin horretan, beraz, arau zorrotzak jarri behar izan ziren guztiek behar zuten iñistor hori ondo banatzeko, baina kasu batzuetan, arauak bezain garrantzitsuak izan ziren salbuespenak, familia batzuk nahi eta nahi ez moztu beharreko garoa lortu ahal izateko.