Lizar adar bat San Joan eguna hasteko

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Sanz Azkue 2026ko ekainaren 24a

Hernaniko Kaxkoko atari bat San Joan egunez, lizar adarrak dituela.

Ez dakit sekula erreparatu diezun, baina oraindik ere ikusten dira. San Joan egunean, Hernaniko Kaxkoko hainbat ataritan, lizar adarrak jarri ohi dituzte. Urumea bailaran belaunaldiz belaunaldi igaro den ohitura da, egun jada desagertzen ari dena. Lizarra etxeko sarreran jartzea, ordea, ez da egun horretako erritu bakarra. Udako solstizioak jada berezko magia bazuen, lizarrarekin duen erlazioak sorginkeria dirudi. Lizarra tximisten eta ekaitzen kontra, baina maitasunaren alde jartzen duen sorginkeria.

 

Carmen Escuderok harrituta entzun ditu aitaren hitzak. Gaurdaino ez zuen sekula halakorik aditu. Dena berria zaio bere belarrietara, baina aita atzoko kontua balitz bezala ari da kontatzen txikitatik haien baserrian ikusi duena. Lizar arbolak eta San Joan egunak duten erlazioari buruz galdetu diogu Laxaro Escuderori, Carmenen aitari, eta urtetan gordetako jakintza guztia atera du bat batean. Mintzaera zoragarria, buru argia eta ezagutza tradizional handia ditu Laxarok. Zehaztasun txikiena ere argitasun harrigarriz kontatzen du 87 urteko goizuetarrak. Gaur, iraganeko kontuak orainaldira ekarri dizkigu. XXI. mendeko Urumea bailarako jendartera. 

Lizar arbolak eta San Joan egunak duten erlazioari buruz berriketan hasita, Laxarok etxeko atarira bideratu du bere lehenbiziko azalpena. «Goizuetan, San Joan egunean paratzen zen lizar adarra etxeko sarreran». Duela 60 urteko kontuak dira. Ordutik, ez baitute egin. Ferra bat izaten zuten baserriko atean urte osoan, eta han sartuta jartzen omen zuten bi bat metroko altuerakoa izaten zen lizarra. Nork jartzen zuen jakina zen, baina nondik ekarria, ez. Izan ere, Laxaroren baserrian, Otxolobordan, osaba Pello zen funtzio horiek egiten zituena. Lizarra, ordea, eguna argitu aurretik jartzen zuen; testigurik gabe, alegia.

Etxeaz gain, ordea, lizarrak ere izaten zuen baserri inguruko lurrak zaintzeko funtzioa. Hemen ere, eguna hasterako jartzen zuten 1,60-1,70 metroko luzera zuen lizar adarra alorraren goiko ertzean, lurrean sartuta, artasoroa ekaitzetik eta erasotik babesteko asmoz. 

Udako solstizioarekin batera, beraz, San Joan eguna argitu aurretik paratzen ziren lizar adar handiak Goizuetako Otxolobordan, atarian zein soroan. Erritua, ordea, ez zen hor amaitzen, eta Laxarok kontaketan jarraitu du Carmenen harridurazko begiradapean. Aitari sekula entzun gabeko kontakizunak aditzen:    

Otxolobordan jarritako lizarretan, bai atarikoan, bai sorokoan, labanarekin gurutzea marrazten zen egurrean; eta gurutze horretan artesia egin. Artesian erramu egunean elizan bedeinkaturiko erramu adarra jartzen zen, eta lizarraren eta erramuaren artean gelditzen zen tartean, gurutze santuaren egunean, maiatzaren 3an, bedeinkatutako elorri zuria paratu. Hala, erramuak eta elorriak, elkartuta, gurutzea irudikatzen zuten lizarrarekin batera. Hori gutxi ez eta, elorri zuriak izaten dituen arantzetako batean kandelario egunean bedeinkaturiko argizaria jartzen zitzaion aurretik bi adarrek osaturiko gurutzeari. Argizaria ere, noski, gurutze formarekin. Lizarra, erramua, elorria eta argizaria, guztiak ondo kokatuta, bakoitza zegokion lekuan. Pausu guztiak behar ziren bezala emanda, udako solstizioaren babesean. San Joan eguneko lizarra jartzeko errituak, beraz, bazuen bere lana Goizueta inguruan.

 

Lizar adarrak baino ez etxeko atarian   

Udako solstizioan, etxeko sarreran lizar adarra jartzeko ohitura Urumea bailara osoan zegoen zabalduta. Aranon, esaterako, Ainhoa Ansak bertan bildutakoaren arabera. Ereñotzu inguruan, Akola baserrian ere hala egiten zen, Antonio Santa Kruz zenak kontatu zigun moduan eta Hernaniko Osinaga auzoan, Otsuaenea baserrian, atarian, bi aldetara jartzen ziren lizar adarrak Ines Anabitartek gogoan duen bezala. Bailaran behera eginda, Astigarragan, Leire Goñik jasoa da Gurutzeta baserrian ere atarian lizarra jartzeko ohitura izaten zela. Horietan guztietan, ordea, lizarrak zuen protagonismo osoa, Goizuetan ez bezala, erramuarekin edo elorri zuriarekin nahastu gabe. 

San Joan egunean lizarra jartzeko izan den usadio horren seinale dira, oraindik, urtero-urtero Hernaniko Kaxkoko hainbat portaletan ikusten diren lizar adarrak. Handiak batzuk, txikiak besteak... Orduak aurrera doazen heinean, zimeltzen joaten diren hosto berdeek atontzen dituzte plaza eta kale estuak udako solstizioaren etorreran. 

Eskalan salto txiki bat eginda, eta gaiari buruzko bibliografia kontsultatuta, ordea, bistakoa da ohitura Urumean ez ezik, Euskal Herriko beste hainbat puntutan ere zabalduta zegoela. Ignacio Abellaren La memoria del paisaje izeneko liburu zoragarrian, esaterako, Oiartzunen ere hala egiten zela aipatzen da, eta Abaltzisketan, San Joan eguneko lehenbiziko zeregina baserri inguruko baso batera joatea izaten zela dio, eta bertan bi adar mozten zirela: lizarra eta elorria. Bi horiek elkarrekin jartzen omen ziren etxeko atarian, helburu zehatz baterako: baserria tximistatik salbu egoteko. Urnietara joz gero, Garbiñe Larreak kontatua da lizarra, iñistorra eta San Joan lorea jarri ohi zituztela batera, baserriko ate gainean. 

Izan ere, naturari buruzko ezagutza tradizionala jasotzeko Urumea bailaran egin zen Burbunak eta etsayak proiektuan jasota gelditu zen bezala, tximistak ez omen du lizarra jotzen. Hargatik, lizarra etxeko zein baserriko atean jartzeak badu bere esanahia. Horrek babesten omen du eraikuntza tximistatik, eta beraz, erretzeko arriskutik. Hernaniko Kaxkoa salbu izango ote da? 

 

Erramuarekin eta elorriarekin egindako gurutzeak

Udako solstizioak edo San Joan egunak, beraz, badu lotura babesa eskaintzeko errituekin, eta erritu horiek guztiak, era berean, naturari daude lotuak. Naturari eta landareei. Horiek, landareak, baitira babesaren iturri, era beraz, botere berezia dutenak usteen arabera. 

Baserri atariez eta soroez gain, alabaina, izaten ziren babestu beharreko eremu gehiago ere. Laxarok kontatua da, txabolen sarreretan ere erramua eta elorria jartzen zirela gurutze forma emanda. Ereñotzun, Akola baserriko Joxe Susperregiri jasoa da, baserriko atarian ez ezik, Akolako sarobearen erdiko mugarrian, artamugarrian, jarri ohi zutela, «erramua goitik behera eta elorri zuria etzanda, gurutzearen forman jarrita» eta Goizuetan bezala, guztiak bedeinkatuak eta argizaria ere tartean zela; zehazki, bi adarrak elkartzen ziren gunean jartzen omen zen argizaria. Landareek (eta bedeinkazioak) ematen zuten babesak izango zuen indarrik, izan ere, Akola baserrian, leku horietan ez ezik, ganbaran eta tolarean ere jartzen zen elorri eta erramu gurutzatuak. Ereñotzun, ordea, Goizuetan ez bezala, horiek ez ziren San Joan egunean egiten, San Asensio egunean baizik. 

 

Landareak sutan, udako solstizioan

Udako solstizioaren barruan ohitura berezirik bada, gaueko sua izaten da, San Joan sua moduan ezagutzen dena egun. Izan ere, solstizioa ez da edozein egun. Urteko egunik luzeena da eta belaunaldiz belaunaldi ospatu izan den eguna da, baita erlijioak San Joan eguna eta San Joan sua moduan bataiatu aurretik ere.

Izan ere, erritu paganoak ziren asko erritu erlijioso bihurtu izan ditu elizak. Horren erakusgai, esaterako, erramuari, elorriari eta argizariari elizan eman beharreko bedeinkazioak eta gurutze forman jartzeko ohitura, Goizuetan eta Ereñotzun jaso izan diren moduan. Baina gurutzea ez ezik, erlijioak ere jakin izan du sua ere egitekoetan sartzen, eta hala, Goizuetan bertan, Corpus egunean egiten zen prozesioaren akaberako ekintza moduan, San Joan sua ere sartu zen, landareekin batera oraingoan ere, noski.

Iñaki Bakerok kontatua da, Goizuetan, Corpus egunean etxe bakoitzak atariko aurrealdeko lurra landarez estaltzen zuela: iratzea, iña (ihia) eta loreak nahastuta izaten ziren prozesioa igarotzen zenerako. Behin prozesioa gainetik pasata, ordea, etxe bakoitzak bere landareak jaso egiten zituen, ondoren, San Joan suan erretzeko.

Badira, ordea, Goizuetan erlijio kutsutik kanpo gelditu diren ohiturak ere, sua, landareak eta babesa nahasten dituztenak. Kontakizunak berak sorginkeria kutsua hartzen du; are eta gehiago, Laxaroren kontatzeko modu ederretik entzunda:

«Belar ona (mihilua) eta ezpata-belarra (Carex sp.) biltzen genituen etxe inguruan San Joan egunean, eta horiek lehortzen paratu ganbaran. Ekaitza edo erasoa zetorren denboran, gure amak landare lehorrak hartu eta lurreko sura botatzen zituen, eta bertan erre. Esaten zen, landare haiek erretzean tximiniatik ateratzen zen keak ekaitza aldendu egiten zuela».

Etxea eta soroa, beraz, lizarrarekin, erramuarekin, elorri­arekin eta argizariarekin babesten ziren San Joan egunean, baina horrez gain, belar ona eta ezpata-belarra ere egun berean jasotzen ziren, ondoren ekaitzaren aurrean babesa emateko. 

Zalantzarik gabe, udako solstizioan egindako errituek edota jasotako landareek babesteko boterea zuten eta Urumeako biztanleek horiek erabili izan dituzte belaunaldiz belaunaldi. 

 

Laxaro Escudero, lizar artean. Argazkia: Carmen Escudero
 
 

Lizar adar bat maite duzun horrentzat

Udako solstizioak badu bere sorginkeria puntua eta gau laburra, sua eta babesa elkartzen diren egunean, badira maitasunarentzat txokoa eta unea aurkitu duten errituak ere. Eta maitasunaren seinale, ikur eta mezulari, landare bat: lizarra.  

San Joan egunaren eta lizarraren arteko erlazio honetan, Laxarok bukaerarako utzi digu irribarre txikia ateratzen duen kontakizuna. Irribarre txikia, XXI. mendeko Urumea honetan aipatzen duena irudikatzea bera kosta egiten delako edota erokeria eder baten gisa hartu daitekeelako.

Duela hamarkada batzuetako Goizuetan, San Joan bezperako gauean, ez ziren gutxi izango urduritasun puntu batekin oheratzen ziren neska gazteak. Izan ere, San Joan suak bere magia ateratzen zuen eta maitasuna ere, lizarraren bidez zabaltzen zen, mutil gaztetik neska gaztera.

Mutil bat neska baten atzetik bazen, bere maitasuna adierazteko, San Joan eguna argitu aurretik mutilak lizar adar bat jartzen zuen neskaren baserrian edo etxean. Lizarra, ordea, ez zen edonolakoa eta neurria ere ondo kalkulatu beharra zegoen. Izan ere, lizarrak lurretik neskaren gelako leihora artekoa behar zuen izan tamainan. Laxaroren esanetan, askotan 6-7 metroko lizar adarrak jartzen ziren, beraz. Hala, mutilek lizar adarra moztu, bizkarrean kargatu eta ahal zuten moduan eramaten zuten maite zuten neskaren etxeraino, San Joan eguna argitu aurretik. Ikustekoak izango ziren, San Joan egunean, neska haien aurpegiak esnatu berritan. Lizarra nork jarri zuen adierazteko, ordea, Laxaroren ustez ez zen lan asko egin beharrik izaten: «Normalean jakiten zen nor izan zen jarri zuena. Nik ezagutzen dut hori egin zuenik, oraindik ere bizi dena», esan du irribarre txikia ahoan duela, baina izenik esan gabe. 

 

 
 

Bedeinkatu gabeko lizarrak udako solstizioan

Gizakiaren babes nahi, landare, su eta gau magikoen egunean, bedeinkazioen eta gurutzeen ar­tean, isilean pasa da lizarraren papera eta izaera Urumea bailaran. Ignacio Abellaren liburuan bertan nabarmentzen du, Urume­­an bezala, Oiartzunen ere badela kuriosoa egiten den kontu bat: lizarra ez da inoiz bedeinkatzen. 

Lizarrak protagonismo berezia du Urumea bailarako udako solstizioen errituen artean, izan lagunduta zein bakarrik, baina bedeinkaziorik gabeko landare moduan azaltzen da beti. Su garrak zerura bezala, aireratzen dira galderak gaiaren inguruan: zergatik ez ote du erlijioak lizarra bedeinkatzeko hautua egin? Lizarra ote da ohitura paganoaren azken arrastoa?

Goizuetako mendi magalen babesean, erreka txiki, malkar eta bihurrien artean, belardiak, sagastiak, iratze tokiak eta alor ederrak ikus daitezke han-hemenka baserri inguruetan, pareta zaharrek emandako pausaleku ederrean, mendeetan zehar artasoroek euren lekua izan duten tokian. Otxolobordako atarian, Laxarok ez du aspaldian lizarrik paratu udako solstizioaren egunean. Jada ahaztu zaizkigu lizar kontuak eta babesteko beharrak San Joan egunean: «Azkarregi bizi da jendea gauza horiek egiteko», esan dit hitz pausatuz eta melankolia doinua duen esaldi motz baina esangarri batean. Oroi­tzapenak akuilu, ordea, badirudi Laxaro egun bizi den Juan Antonio Eneako baserriak izango duela aurten zer kontatua. Eta oraingoan ere, Carmenek izango du zer ikasia eta zer jasoa aitaren partetik. Izan ere, Laxarok bukatu du bere gaurko kontakizuna, baina ez ditu bukatu egin beharreko lanak: «Aurten, aspaldiko partez, lizarra paratuko dut gure etxeko atarian eta soroan», esan du.

Lizarrak babestu zaitzatela.

 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!