Iritsi dira sorbeltzak txirrio artean

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Sanz Azkue 2026ko ekainaren 7a

Sorbeltzaren irudia, Urumea ikastolak zabaldutako diptikoan.

Maiatzaren hasierarekin batera etorri ziren, ohikoa den bezala, Santa Kruz egunaren bueltan. Iritsi dira sorbeltzak eta zerua oihuka hasi da, txirrio artean. Gure negua Afrikan igaro ostean, Urumea bailaran daude jada. Ugaltzera etorri dira eta etxeen teilatupean aurkitu dituzte habiak egiteko zirrikituak. Eta zuk, ikusi al duzu sorbeltz habiarik?

Hasi dira sorbeltzen hegaldi ederrak Urumeako zeruan. Abiada bizian ikusiko dituzu pasatzen, zerua bera aldez alde gurutzatu nahi izango balute bezala: puntu beltz biziak gure buru gainean. Egunari harrera egin zaleak dira, txirrioka, habiara joan-etorrian hasteko, kale estuen artetik edota zeru zabalean, arerio gutxi du sorbeltzak hegan egiteko garaian: hegalari bikainak dira.

Egunean 1000 kilometro egitera ere iritsi omen daitezke, elikatzeko intsektu hegalari bila, batera eta bestera. Sorbeltza hegazti bidaiaria baita, ez haien eguneroko bidaiengatik soilik, baita migratzaile aparta ere badelako: «Santa Kruzetan etorri eta Santa Kruzetarako joana da» esaten dute bailarako txorizaleek. Santa Kruz egunaren inguruan, maiatzaren 3an, etortzen baita urtero, eta iraileko Santa Kruzerako joan. Joan, Afrika aldera joaten da uda amaitzerako. Eta zehazki, Kenyako, Tanzaniako eta Ugandako sabana zuhaiskarak ditu gustuko negua igarotzeko. Otsaila aldera, ordea, bueltako bidaia hasten du, taldean, eta Afrika ekialdetik mendebaldera zeharkatu ostean, behetik gorako bidaia egingo du, Marruekosetik barrena, Urumea bailarara iristeko. 

Harrigarriena, ordea, ez da egiten duen bidaia luzea soilik, bidea egiteko moduak ere bai baitu bere puntua. Sorbeltza ez baita pausatzen apenas. Alegia, sorbeltzak ia bizi osoa hegan igarotzen du. Hegan elikatzen, hegan lo egiten, hegan ura edaten eta hegan ugaltzen. Sorbeltza misterioz beteriko txori beltz ederra da.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, eta bere txirrioek mendez mende ekarri duten alaitasunagatik, sorbeltza txori ezaguna izan da duela gutxi arte Euskal Herri luze zabalean. Eta hala, bera izendatzeko izen kopurua ere ikaragarri zabala da euskaraz: Abijoi, ainhara beltz, apeztxori, arrantxori, artxilloi, belentzario, beltxijoi, bentzajo, brintzario, elai beltz, elizelai, eliztxori, enara (beltz), enara handi, erlai, ermitario, hegabera beltz, irrigo, kañabra, kanpantxori, kataka, kirrillo, kirriskillo, kirrizkarro, kriku, martin, mitxigu, txenara beltz, txio, txirri, txirribirri, txirrin, txirriño, txirrio, txirritxaldo, xoribeltz, zirringilo, zirrizkilo eta… sorbeltz. 

Eta zer kuriosoa, sorbeltza euskara batuko izanagatik, justu Urumea bailaratik harturiko izena baita. Galdetu bestela, Asier Sarasua biologo eta euskal filologoari, hogei urte baino gehiagoz txori izenak jasotzen ibili ostean Euskal Herri osoan, 'sorbeltz' izena nondik zetorren jakin ezinean, laguntza eskatu baitzuen sare sozialetan eta… hara! Burbunak eta etsayaken guk bildua izan, eta hartu zuen poza «sorbeltza, txorbeltxa, zorbeltza…» Urumea bailarako izenak direla esan genionean.

Sorbeltza edo txorbeltxa, txori beltza baita, eta enararen antza badu ere, bi espezie ezberdin dira, lehengusuak itxuraz, baina zientziaren ikuspegitik, elkarren artetik urrun daudenak. Bat edo beste izan, ordea, biek ala biek gorputz forma antzekoa dute, eta baita beste ezaugarri bat ere: eraikuntza zaleak dira habiak egiteko. 

Sorbeltza Afrikatik etortzen denean, ugaltzera etortzen baita. Beti leku berera. Beti etxe bereko teilatupera. Eta hor, zirrikitu batetik barrena sartuta, aurkituko du babesa habia jartzeko eta umeak izateko. Hargatik, garrantzitsua da habiak non dituen jakitea. Azken urteetako ikerketek aditzera eman dutenez, Europa iparraldean, esaterako, populazioen %40a desagertu egin baita, eta arrazoi askoren artean, habia lekuak galdu izana ere bada bat. 

Horregatik, herrialde askotan neurriak hartu dituzte jada, eta urtero-urtero, sorbeltzen habiak non dauden aztertzen aritzen dira, horiek aurkitu ostean, etxeetan obra edo berrikuntza lanik egin beharko balitz, kontuan izateko. Izan ere, leku batzuetan, jada, arkitektoak ere hasi dira eraikuntza berriak egiteko garaian sorbeltzentzat zirrikituak edo habia artifizialak sartzen eraikuntzetan, estetikari inongo kalterik egin gabe, eta biodibertsitate urbanoari hauspoa emanaz. 

Urumea ikasleak, sorbeltzen habien bila.
 

2026 honetan, Europako korronteei tiraka, Urumea ikastolan ere lan horietan jarri nahi izan dituzte ikasleak, gurasoak eta hezkuntza komunitatea. Eskolako idazkariak, Arantxa Landaribarrek, ikastetxeko bozgorailuan sorbeltzen txirrioak jarri zituen momentutik jakin zuten hegaldi berri baten aurrean zirela ikasturte honetan. Eta hala, bideoa ere egin dute ikasleek (ikus bideoa: https://youtu.be/2XAa0NwG7cE) jendea animatze aldera, etorri berriak diren sorbeltzen habiak aurkitzen laguntzeko. Eskatzen dutena erraza da: sorbeltz habia bat aurkituz gero, kokapena zehaztu eta sortu duten helbide elektronikora (sorbeltzakbabestu@urumealhi.org) aurkituriko sorbeltz habia non den zehaztuz mezua bidali behar da. Izan ere, helburua ez da soilik lanketa ikasleekin egitea; ikasleek beraiek, herritar zientzia eskolatik haratago zabaldu nahi izan dute, eta hernaniarrak eta Urumea bailarako herritarrak animatu, sorbeltzen habien kokalekuak lokalizatzeko eta jasotzeko. 

Gaur, Sorbeltzen Nazioarteko Eguna ospatzen den egun honetan, ezin galduko dugu aukera hegazti zoragarri hau ezagutzeko ez ezik, herritar bezala begiak erne jarri, sorbeltzen habiak gure herrian aurkitu eta guztion artean helburu polit honi erantzuna emateko. Izan ere, Urumeako ikasleek garbi dute helburua, eta ateratzen ari diren emaitzak Hernaniko Udalera bidaltzen hasiak dira. Alkatearekin ere bildu ziren udaletxean! Pentsa... Datu horiek balioko baitute, sorbeltzen habiak non dauden ezagutzeko, eta zergatik ez, baita etorkizunean habia horiek babesteko ere.

Txirrioka, hegan eta ziztu bizian, Urumeatik atera gabe, sorbeltzak dabiltza airian!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!