1874ko ekainaren 2a Hernanin: Zer gertatu zen?

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Sanz Azkue 2026ko maiatzaren 24a

Hernaniren bonbardaketa, Karlisten eskutik. Irudia: L'univers illustré (1874)

1874ko ekainaren 2an gertatu zena Europa osoan izan zen sonatua eta Hernaniko herriaren eta hernaniarren izena lau haizetara zabaldu zen. Ordutik, 'herri garaitezin' izendapena du Hernanik; eta Donostiak, Bilbok eta Madrilek 'Hernani' izeneko kale bana dute orduko herritarrek egindako balentriaren omenez. Baina, zer gertatu zen?

 

1874ko maiatzean, Bigarren Karlistaldi betean, Espainiako errege izateko hautagaia zen Carlos VI.ak bere tropak bidali zituen Tolosara. Helburua garbia zen: Handik barrena sartuta, Hernaniko herria menperatzea. Lehenik eta behin, Hernani eta Donostia arteko lotura oztopatu zuten, Oriamendi mendia eta inguruak hartuz. Karlistek, 15 konpainiatan banaturiko soldaduekin Hernani inguratu zuten. Behin inguratuta, Hernaniko Udalak ezin izan zuen kanpoko laguntza askorik jaso. Hala, herritar boluntario liberalak izan ziren batez ere, Ruperto Erizeren agindupean, Karlisten erasoen aurrean herria defendatu behar izan zutenak. 

Liberalek Santa Barbara mendian jarritako artileriarekin eta elizan jarritako tiratzaileekin erantzun zituzten Karlisten erasoak. Maiatzaren 30ean, 31n eta ekainaren 1ean 362 lehergailu eta 906 granada eta bala bota zituzten Karlistek Hernaniko herrira. 

Eraso guztien aurrean, ordea, Hernaniko liberalek tinko eutsi zuten, eta ekainaren 1ean Karlisten erasoa ahuldu egin zen, pixkanaka-pixkanaka, desagertzeraino. Ekainaren 2an, azkenik, Karlistek amore eman zuten, eta hasiera batean erraza zirudien borroka galdutzat eman, herritar boluntarioz jositako liberal hernaniarren aurrean. Gertaturikoak ikaragarrizko oihartzuna izan zuen Estatu espainiar osoan eta Europara ere zabaldu zen berria, Hernaniko herriaren izena eta hernaniarren adorea lau haizetara zabalduz. 

Erreakzioak segituan iritsi ziren. Eta hala, Hernaniko Udalak hainbat zorion mezu jaso zituen eta tartean, egindako balentriaren oroimen gisa, baita hainbat proposamen ere: Madrilgo, Bilboko eta Donostiako hirietan 'Hernani' izena jarri zioten kale banari. Kale horiek, oraindik ere, izen bera mantentzen dute. 

Garaipen loriatsuak beste ondorio bat ere ekarri zuen, eta ordutik Hernanik 'herri garaitezin' edo invicta izendapena jaso zuen erregearen partetik. Urtebete beranduago, 1875eko irailaren 16an, Santiagomenditik Karlistek botatako granada batek Hernaniko udaletxea apurtu ostean, eraikitako udaletxe berriko balkoi nagusiaren azpian, oraindik ere ikusgai dauden 'Noble, leal e invicta' hitzak zizelkatu zituzten, ekainaren 2ko gertakariak sekula ez ahazteko.

Orduan gertaturikoak, alabaina, ez ziren guztien gustukoak izan, eta Peris Mencheta gerra korrespontsal liberalak (kontserbadoreak) gogor egin zuen Hernaniko herritar boluntario liberalen kontra 1876ko urtarrilaren 1ean, La Correspondencia de España egunkarira bidalitako eskutitzan: «Voy a hablaros de Hernani, ya que hoy tiene el triste privilegio de llamar la atención de Europa… la población de Hernani, esto es, el elemento civil del mismo, no es aquí el héroe, ni siquiera el patriota; es un comerciante más o menos atrevido, menos o más generoso y nada más». Peris Menchetak berak zioen, heroiak herritarrei lagundu zieten soldaduak, ofizialak, nagusiak eta Mikeleteak zirela, hernaniarren kontrako beste hainbat aipamenekin batera. 

Erantzunek ez zuten asko itxaron, eta hainbat udalek Hernaniko herria zoriondu zuten mezu bidez, baina kazetariaren kontra ere egin zuten gogor askok, asmakizunak eta gezurrak baino ez zituela esaten azpimarratuz. Frantzian eta Ingalaterran batetik, baina baita gertuago ere, Gipuzkoako liberalena, Donibane Lohitzunekoena,  Santanderko La Voz Montañesako korrespontsalarena izan zen erantzunetako bat, baina deigarriena, modu garatu eta luzean egindakoa delako, Hernaniko Udal eta boluntarioen nagusi eta ofizialena da. 

Azken horiek, beste artikulu baterako ematen duen 17 orrialdeko txosten aberats batekin, kazetariak idatzitakoak gezurtatzen dituzte puntuz puntu, datu zehatzak emanez. Hala, XIX. mendeko Fake news baten aurrean gaude, Hernaniko Udalak datuen eta argumentuen bidez gezurtatzen duena, hasieratik hori egingo duela azpimarratuz, oso nabaria den haserre tonu batean: «Vamos a restablecer la verdad de los hechos, con datos elocuentes e irrecusables, para demostrar, que un corresponsal de periódico… que pisa por primera vez un país que le es desconocido, tiene que incurrir forzosa y fatalmente en errores, propios de todo aquel que lo hace fiando a su fantasía, narraciones…»

Era berean, txostenean udalak sutsuki defendatzen ditu hernaniar boluntarioak edo «herritar armatuak», laguntzera kanpotik etorritako soldaduak, ofizialak eta abarrekin batera, absolutismo teokratikoaren kontra borrokatzeko prest daudelako beti. Eta dio, Gobernua Tolosako eta Hernaniko lerroa uztea erabakitzen ari zenean herritarrak borrokan jarri zirela: «preferíamos sepultarnos todos en las ruinas de nuestro pueblo, y luchar solos contra el carlismo pujante y amenazador, antes de abandonar el sagrado hogar de nuestros padres», baina horrez gain, lehergailuen soinuak jarraitu arren, medikuak, irakasleak, udaletxekoak eta beste hainbat pertsonak lanean jarraitzen zutela ahal den bizitza arruntena eginez. Orduko egoera latzaren berri eman zuen bertsolari ezezagun batek, 1875ean, 'Hernaniri!' izenburupean, «Hernani dago penoso» adieraziz eta herrian bizitzen ari ziren egoera gogorra azalduz.

Ekainaren 2aren itzala ez zen denbora askoan ezkutatu, eta hala, Hernaniko liberalek, eta beranduago errepublikarrek eguna ospatzen jarraitu zuten. Garai hartako La Voz de Guipúzcoak jasotzen dituen kronika ederretan irakurri daitekeen moduan, urtero Tilosetako orduko Jose Mari jatetxean bazkalduz, 1936ko gerrarekin batera ospakizunak amaitu ziren arte. Besteak beste, musika izaten zen, errepublikaren aldeko mitinak (euskaraz kasu batzuetan), eta baita Lopetegi bertsolariaren saioak ere hainbat urtez.

Oraina ulertzeko, maiz, iraganean bilatu behar izaten dira erantzunak; egungo betaurreko politikotik begiratuta baino, gertaera historiko batek merezi duen objetibotasunetik begiratuta. Gaurko Hernanin ikus ditzakegun hainbat elementu, eraikuntza, lur antolaketa eta abarrek orduko erabakietan dute iturria. Duela bi urte igaro zen 1874ko ekainaren 2ko egunaren 150. urteurrena, eta 2025ean, Karlistek udaletxea granada batez bota zutenarena. 2026an izango da, 1876an gerra amaitu izanaren 150. urteurrena. Ekainaren 2a, foruak, liberalak eta karlistak, udaletxearen berreraikitzea, jarritako bertsoak, ekainaren 2ko ospakizunak, kale izendapenak… asko dira gaiaren inguruan agertzen diren adarkadurak, eta harrigarriki ezezagunak gehienak hernaniarren artean. Historia ezagutzeak merezi duela eta, etorkizunak eman dezala gure herrian iraganean gertaturikoa ezagutzeko aukera; eta bide batez, zergatik ez, baita herritarren artean zabaltzekoa ere. Iragana ezagutzea oinarri ona izan daitekeelako etorkizun berriak eraikitzen hasteko. 

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!