Hernaniko udaletxeko irudi berezi hark jakin-mina piztu zidan. Arkupeetako hormetan gora eta behera bila ibili banintzen ere, ez nuen beste inon topatu. Han zegoen, egurrezko ate handietako baten gainean, alderik alde harrian zizelkatuta. Ederra zen irudia. Berezia, biologo baten begietara.
Hernaniko udaletxeko ate nagusiaren goiko aldean, bi aldetara hareharriz egindako haritz adar bana ateratzen da. Adar horietan nabarmenak dira hostoak, bere kurbatura ederrekin eginak, bata bestearen gainean jarriak kasu batzuetan. Besteetan, haien arteko hutsune txiki bat errespetatuz, haritzaren adar natural batek izango lukeen forma eta egitura ahal den zehaztasun gehienez imitatu nahian bezala. Hori gutxi ez eta, hostoen artean ezkurrak ere bereizten dira eta, kasuren batean, bada ezkur-txapela baino ez duenik. Zehaztasun handiz daude eginak adarrak, hura haritz arbola dela inork zalantzarik egin ez dezan. Inork dudarik izan ez dezan, egin zuenak mimo handiz egin zuela, adar simetriko haien barruan, hosto eta ezkur bakoitza non eta nola jarriko zituen pentsatuz.
Haritz adarrek haritz arbola irudikatzen dute. Are gehiago, adarren azpian egurrezko ate handi bat dagoenean, enbor baten gisa. Irudia, esan bezala, udaletxeko sarrera nagusiaren gainean dago, eta ez beste ateetan. Hernaniko udaletxera sartzeko, beraz, haritz zahar baten azpitik pasa behar da.
Udaletxearen berreraikitzea eta apaingarriak
Begi hutsez egindako azterketa sinple batek, jada, erakusten digu apaingarri gehiago ere badirela udaletxeko fatxada nagusian. Hernaniko udaletxea apaingarriz josita dago, eraikuntza mimoz egina dagoenaren seinale. Eta apaingarri horietan badira landare itxurako irudi gehiago ere: Loreak, kasu batzuetan; hostoak, besteetan. Baina, identifikagarria den bakarra sarrera nagusiko atearen gainean dagoena da: haritza. Nork jarriko ote zituen? Zergatik haritza? Dena kasualitatea ote?
Galderak akuilu ona izaten dira erantzunen bila hasteko, eta bide batez, nahi gabean, pertsonak ikaskuntzaren senda berri bat hartzeko. Eta hala egin genuen, erantzunaren bila iraganera bidaiatuz: udaletxea berreraiki zen urtera atzera eginez. Udaletxearen berreraiketari buruzko informazioa eta datuak Hernaniko Udal Artxiboan aurki daitezke, baina bertara joan gabe ere, liburuetan bilatuz, aurki daitezke altxor txikiak. Hor da, esaterako, Juan Ignacio Elizondok 1994ko Hernaniko Urtekarian ere xehetasun handiz idatzi zuen artikulua, eta udaletxearen egungo itxura nondik datorren azaltzen duena.
1875eko irailaren 16an Karlistek Santiagomenditik botatako granada batek udaletxe zaharreko areto nagusia jo zuen. Aretoa, agintarien erabakiz, bolborategi bihurtua zen. Hala, Liberalen eta Karlisten arteko guda betean, granada hark udaletxe zaharra suntsitu zuen eta orduko eraikuntzaren azpialdeko sei arkuak baino ez ziren gelditu zutik. Elizaren eta udaletxe zaharraren arteko erretore etxeak ere kalte handiak jasan zituen. Hala, berreraiketa egiteko garaian, horrek guztiak etorkizuneko udaletxea izango zenaren egitura guztiz baldintzatuko zuen. 1885a arte, udaletxe berria eraiki nahi eta ezin batean, diru kontuak ondo lotu nahian aritu ziren orduko arduradunak. Urte hartan, alabaina, maiatzaren 14ean, erabaki garrantzitsu bat hartu zuten aho batez. Udaletxe berria egitearen arduraduna Joaquín Fernández Ayarragaray arkitekto hernaniarra izango zen.
Hernaniko Udal Artxiboko dokumentuetan ikus daitekeen moduan, arkitektoak suntsitu gabe gelditu ziren arkuak oinarri moduan uztea erabaki zuen, baina proposamen berezi eta garrantzitsu bat ere egin zuen: erretore etxea erosi eta udaletxe handiagoa egitea. Hala, zazpigarren arku bat egiteko aukera zegokeen, eta erdiko arkua udaletxeko sarrera nagusi bihurtu:
«…quedaron subsistentes los seis arcos que forman la arcada del cuerpo bajo de la fachada principal, mas como estos arcos se conservan y respetan en la obra de reforma, ha sido preciso aumentar otro para que siendo su número impar, resulte de este modo la posibilidad de colocar en el centro de la fachada la puerta principal del edificio, el balcón de la presindencia…»
Joaquín Fernandez Ayarragaray izan zen obraren zuzendaria eta Ramón Cendoya obramaisu hernaniarra izendatu zuen laguntzaile. Lanak egitearen ardura, ordea, Miguel Salaberriarena izan zen.
Juan Ignacio Elizondo arkitektoak Hernaniko urtekarian idatzitako artikuluan azpimarratzen duen moduan, udaletxea berreraikiko zuen arkitektoa herrikoa bertakoa izateak izan zuen eragina diseinuan eta emaitzan, bere profesionaltasunaz gain, herriarekiko zuen atxikimenduak ere bultzatu zuelako eraikuntza eder bat egiteko grinan: «Joakin Fernandez arkitektoaren proiektuan nabaria da Hernani herriarekiko duen onginahia, eta bere jaioterriarentzat udaletxe eder bat eraikitzeko lehia».
Eta udaletxe eder bat egin nahi horren seinale, Elizondok apaingarriak nabarmentzen ditu: «Elementu apaingarrien diseinua da benetan eskertzekoa, bereziki honako hauek aipatu nahi ditugularik, fatxadak, fatxada nagusikoa batik bat, eta berdin barne apaingarriak (eskailera nagusia, harrera aretoa, etab.), zeintzuk planoetan zehazki irudikatzen dituen».
Hernaniko udaletxearen berreraiketan, beraz, sarrera nagusi bat jarri zen eta apaingarriek garrantzi handia izan zuten. Hala, ez da harritzekoa, arkitektoak egindako txostenean ere, apaingarriei eta arteari buruzko hainbat aipamen sartu izana, horiek duten garrantzia azpimarratuz eta Hernaniko udaletxea bezalako eraikuntza bati ematen dioten edertasuna aipatuz.
Haritz adarrak berreraiketako planoetan
Hernaniko udaletxeko fatxada nagusian dauden apaingarriak arkitektoak berak agindutakoak izan ziren, eta txostenean bertan ere hala nabarmendu zuen:
«Ornamentación: Toda se sugetará (hala jartzen du) a los diseños o modelos que se entreguen al contratista. Su construcción será esmerada, así hayan de ir al alcance inmediato del observador, como en puntos elevados y distantes. Sus formas, contornos y dibujo serán correctos y limpios, no admitiendose nada que no cumpla con las reglas del arte».
Haritz adarrak, beraz, ondo pentsatuta jarritako apaingarriak ziren: «Todos los adornos deberán quedar ajustados a los cuerpos que decoren como si no fueran mas que un solo cuerpo».
Eta eraikuntzako fatxada nagusiaren parte bailiran jarriak, ate nagusiaren goiko aldean, ez nahigabean: «En la colocación de la ornamentación se guardarán las reglas del arte, así en su disposicion como en las partes que la compongan».
Txostenak begiratuta, ordea, ez du apaingarri bakoitzari buruzko azalpen nabarmenik ematen, nahiz eta proiektuan egindako planoan bertan, jada, bi adarrak marraztuta utzi zituen. Alegia, Joaquín Fernandez Ayarragaray arkitektoak hasieratik argi zuen bi haritz adar joango zirela Hernaniko udaletxeko sarrera nagusiaren goiko aldean. Zergatik, ordea?
Haritzaren sinbologia
Hernaniko mendietan haritza (Quercus robur) arbola arrunta eta baloratua zen. Zilegimendietan zein herri-lurretan, artxiboko dokumentuetan behin eta berriz agertzen dira haritzei buruzko aipamenak, izan haritz lepatuak (haitz muarra Hernanin) edota haritz mugarratu gabeak (zuhaitza izenekoak Hernanin), egurretarako, ikatzerako, eta abar. Herrian bertan izan zezakeen garrantziaz haratago, ordea, haritzaren sinbologiak pisu berezia zuen orduko gizartean ere.
Josu Narbarte Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea da. Arkeologian doktorea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakaslea. Narbarteren hitzetan, Hernaniko udaletxeko haritz adarrak eta hostoak XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako ikonografiaren parte dira. Egun iparraldean lauburuaren sinbologiak duen indarraren gisako zerbait bezala ulertu behar da orduan haritz hostoek zutena.
Izan ere, haritza ez zen edozein arbola Euskal Herrian. Historia handiko arbola zen eta da oraindik ere. Bizkaiko jaurerriko lehenbiziko batzarrak, esaterako, Gernikan egiten ziren, haritzaren azpian, eta bertan Bizkaiko foruei zin egitera joaten ziren orduko jauntxoak. 1483an, esaterako, Gaztelako Isabel erregina joan zen Gernikara, eta 1875ean, Carlos VII izan zen foruak zin egitera haritzaren azpira joan zena. Hala, denboraren poderioz, herri baten eta erakunde berezi batzuen ikur bihurtu zen haritza; eta Bizkaitik haratago, Euskal Herri osora ere zabaldu zen sinboloa, foruei lotuta askotan.
Josu Narbarteren esanetan, XIX. mendearen amaieran, Karlistaldien ostean, haritzaren ikurrak pisu handia hartu zuen gizartean. Hala, XIX. mendearen amaierako eraikuntza instituzional batzuetan ohikoak dira haritz hostoak apaingarri gisa, herri baten sinbologiaren ikur, erabakiak hartzen diren eraikuntzetara sartzeko sarrera nagusietan jarriak.
Ez da harritzekoa, beraz, Hernaniko udaletxean ez ezik, Donostiako Foru Aldundiaren eraikuntza nagusian ere haritz hostoak apaingarri gisa aurkitzea, batez ere sarrera nagusiaren inguruan. Bai Hernaniko Udalaren, bai Donostiako Foru Aldundiaren eraikuntza nagusiak XIX. mende amaierako eraikuntzak dira, eta bietan haritz hostoek leku eta pisu berezia dute haien arkitekturan, plano zaharrenetan ikus daitekeen moduan. Haritzak eraikuntza instituzional bati dagokion maila ematen die, eta era berean, horietara sartu behar denak, haritzaren azpitik edo ingurutik egin beharko du aurrera. Nora eta, gizartean eragingo duten eta erabakiak hartzen diren instituzioetara.
Donostiako Foru Aldundian, oso nabarmenak dira, esaterako, haritzari loturiko irudiak. Sarrera nagusietako arkuen bi aldeetara, koro forma hartuz daude haritz adarrak, hostoekin eta ezkurrekin. Eta barruan, arkupeetan, ate nagusien marko guztia osatzen dute egurrean tailaturiko haritz hosto ederrek, Hernaniko kasuan bezala, ezkur eta guzti. Hori gutxi ez eta, atean bertan, burdinez egindako haritz hosto ederrak daude, berde kolorekoak, ezkurrak tartean direla, hiru dimentsiotan jarriak. Eta eraikuntza nagusiko fatxadan ere, haritz hostoak, beste hainbat ikurrekin nahastuta.
Hernaniko udaletxeko haritzak
Donostiako Foru Aldundiko eraikuntzaren handitasunik gabe, baina udaletxe batek izan dezakeen edertasun maila altuenetako bat hartuz, Hernaniko udaletxeko haritz hostoek gogorarazten diote bertan sartzen denari XIX. mendean sortu zen handitasun eta errespetu berarekin hartu behar direla erabakiak bertan.
Horren adibide da ere, Joaquín Fernández Ayarragaray arkitektoak berak, haritza arkupeetako sarrera nagusian ez ezik, beste leku batean ere egiteko erabakia hartu izana. Non eta, Hernaniko Udalaren armarriaren azpian, ordulariaren goiko aldean, herria bera eusten eta babesten ariko balitz bezala.
Ezaguna da, arkitektoak udaletxea amaituta ikusi zuenean, bere poztasuna adierazi zuela, eta azpimarratu, apaingarrietan behatuta jada ikusten zela egindako lan fina eta ona:
«En grata satisfaccion he podido notar que, tanto en la construccion como en el decorado, se han cumplido fielmente las buenas condiciones del contrato, llevadas a tal grado de perfeccion y delicadeza, que mas bien que una obra ejecutada por contrata, parece el resultado de una esmeradísima administracion, con cuyo motivo no vacilo un momento siquiera en otorgarle mi mas completa aprobacion».
Hernaniko Udal Artxiboko dokumentuei esker dakigu, esaterako, sarrera nagusiaren goiko aldean dauden haritz adarrak harrian egiteak 200 pezetako kostua izan zuela. Haritzak udaletxe berriari ematen zion balioa, ordea, askoz altuagoa zen.
XX. eta XXI. mendean haritzaren sinbologiak indar berezia jarraitzen du izaten euskal gizartean. Agirrek, lehenbiziko lehendakaria izan zenak, aurreko mendeetan beste agintari askok egin bezala, Gernikako Arbolaren azpian zin egin zuen, herriaren aurrean. Ondoren, 36ko gerran, Gernikako bonbardaketaren ostean arbola zutik gelditu izanak, are eta pisu gehiago eman dio haritzari.
Haritz azpian hartu dira eta zin egin dira erabaki asko Euskal Herriko historian. Eta hitza eman dute hainbat agintarik, arbolaren azpian, herriarentzat garrantzitsuak diren askotariko gaiei buruz jardutean.
Galderak haritz hosto artean
Bigarren karlistaldiko gerra amaitzean, liberalek hartu zuten Hernaniko Udalaren agintea, eta haiek izan ziren udaletxea berreraikitzeko ardura izan zutenak. Arestian aipatu bezala, Ayarragarai arkitektoarekin batera aritu zen lan horietan Ramon Cendoya. Cendoya hernaniarra zen, eta liberala. «Liberal de pro» moduan aipatzen du Luis Blas Zuletak 'Hernani entre dos guerras' liburuan, eta 1934ko ekainaren 2ko ospakizunetan ere agur berezia egin zioten Hernaniko kanposantuan eta herrian bertan, orduko La Voz de Guipuzcoa egunkarian zioen moduan: «a las once de la mañana se celebró un homenaje en el Círculo Republicano en honor del voluntario fallecido recientemente, don Ramón Cendoya, descubriendo el retrato del que fue consecuente y entusiasta liberal». Baina hori guztiaz gain, Ramon Cendoya obra maisua ere bazen, Valladolideko Arte Ederretako Akademian.
Aurretik aipatu bezala, udaletxearen XIX. mende amaierako planoetan, jada, haritz hostoak agertzen dira sarrera nagusiaren gainean marraztuta. 1894ko El Fuerista egunkarian zioen bezala: «El lema augusto que simboliza el roble de Guernica es nuestra bandera. Dios y Fueros es nuestro ideal…». Alegia, haritza foruei eta foralismoari loturiko sinboloa zen askorentzat, eta udaletxe berrian haritzari egindako erreferentziak argiak eta planifikatuak ziren. Zalantzarik ez da, haritzak nahita daudela zizelkatuak bertan, eta nahita jarriak leku esanguratsuetan.
Horrek guztiak, ordea, galdera gehiago ere sortzen ditu, oraindik orain argi erantzun ezin daitezkeenak, baina herriko historiari buruzko xehetasunetan sartzeko aukera ematen dutenak: Zergatik jarri zituzten liberalek haritz hostoak Hernaniko udaletxean? Foruez haratago doan esanahia ote zen haientzat ala… Hernaniko liberalak foruzaleak ere izan zitezkeen?
Galdera berriek astindu dezatela etorkizuneko haritz arbola.








