More koloreko iturburuak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Sanz Azkue 2026ko apirilaren 16a

Jantzita ditugun katiusken azpian harriak irristatuz doaz gure pausoekin batera. Magal malkarrean goroldioak marrazten du paisaia. Argi-ilunetan dantzan dugu basopea begien aurrean, eta ura nonahi: goitik behera, amaigabea bailitzan, harri artetik ur-negarrean, lurraren gainazaletik leun, badoa... batek daki noraino. Urumea bailarako erreketan, ur-salto, harkaitz heze eta ur-begi blaituen artean bada altxor bat, eta orain du loratzeko garaia. Soldanella villosa. Gureak dira more koloreko iturburuak.

 

Bizitzaren zainak mendi-gorputzetik behera doaz erreka txiki baten formatuan. Urumeako iturburuak, ehunka bihotzen legera, ura ponpatuz odola bailitzan, paisaiari bizia emateko. Erreka-zuloak badu arnas bat pertsona ere konkistatzen duena. Gelditzen da mundua, halako batean, eta uraren zarata jarraia bihurtzen da melodia amaigabe bat, hezur-muineraino sartzen dena. 

Konskistatu nauzu. 

Iluntasunean argi izpiak barneratzen dira hostoen artean, zerutik datozen gezi bakanen modura, ibai-ertz ospelak sortzeko, altxorren babesleku bihurtuta. Udaberria da eta Urumea bailarako erreka batean gora goaz. Orduak eta orduak, korrontearen kontra. Ezagutzen ez dugun iturburu bat memorian betiko artxibatzeko asmoz. 

Eta zu hor zaude, ezkutuan, lotsati, landare bat gehiago bazina bezala: Soldanella villosa.

Landare bat gehiago bazina bezala… baina ez gaituzu engainatuko, gure begiek ezagutzen dutelako zure hosto borobilduaren berdetasuna, zure txorten iletsua eta ur-negarrean bizitzeko duzun behar hori. Aurkitu zintugun, ezustean, lehenik Oindiko mendiaren magalean, iturburuan zehar sakabanatuta. Ondoren, tantaka, ur-salto eta ibai-ertz hezeen babesean, goroldioak, harkaitzak eta lurrak bakea sinatu duten eremuan, uraren bedeinkapenean. Mikromunduak paradisu forma hartzen duen txoko horretan: Hernani eta Goizueta arteko erreketan.

Ezkutuan zaude, lasai.

Eta maitemindu gintuzun, apirila eta maiatza artean, zure hosto biribiletik ateratako gararen puntan udaberria loratu zitzaizunean. Zure lore more ederrek ur-ibilgua tantaka marraztu zutenean gure gorputz katiuskadunaren presentzian.

Izan ere, behin ikusita zaila baita zu ahaztea, batez ere jakitun garenean, mundu osoan, Euskal Herriko gune jakin batzuetan eta Kantabriako txoko batean baino ezin zaitugula ikusi.

Gure mendi-bailaren babesean.

Soldanella villosa endemikoa delako, eta babestua dagoelako, bai hemen, bai Europa mailan. Babes katalogoetan hala izendatuta. Eta non eta Urumea bailarako lurzoru azidodun erreka sakon, itzaltsu eta heze hauetan aurkitu du bere banaketaren puntu gorenetako bat. Soldanella villosa, Urumeako erreketako altxor ezkutua da.  

Gure altxorra zara.

Ezkutua da, bilatzen ez dakienarentzat. Ezagutzen duenak badakielako non izaten den;  eta badakielako ere arrunt itxurako hosto horren atzean gertatzen dena ez dela magia, baizik eta ehunka-milaka urtetako eboluzio baten emaitza miragarria, herritar askok jakin ere ez duena egingo, baina ziur asko, behin kontatuta, interesa ere sortuko diona. 

Izan ere, Soldanella villosa landareak ugaltzeko bi estrategia edo modu erabiltzen ditu. Bata landare loredun gehienek egiten dutena: sexuala. Hala, apirila eta maiatza inguruan botatzen duen lore more ederra intsektuen bilgune bihurtuko da eta lorez lore ibilita, batean harturiko polena bestearen loreko obulura pasako du zomorro jendeak, bi aleren geneen nahasketa diren haziak sortuz; eta hazi horietatik, landare berriak, populazioari dibertsitatea emango diotenak, eta hala, etorkizuneko baldintza aldaketen aurrean, erresilienteagoak izango direnak.

Etorkizuneko erronkei indartsu eusteko.

Baina erne, Soldanella villosak ere baduelako ugaltzeko bigarren estrategia bat, are eta kuriosoagoa suertatu daitekeena; eta era berean, ulertu araziko diguna, hor, erreka aldapatsuetan eta malkarretan, landareak sortu dezakeela ale berri bat, lorerik bota gabe, erreka morerik marraztu gabe. 
Izan ere, S
oldanella villosak ugalketa asexuala ere badu eta hosto bat errekara eroriz gero, errekan behera bidaiatuko du, ur behera inon gelditu arte. Oztoporen batek bere errekako bide amaigabeari akabera ematen dion arte. Eta hor, lur egokian txertatuko balitz, populazio berri bat sortzen lagunduko dio. Hosto zahar bidaiaritik sortuko dira hosto berriak, haren kopia genetikoak izango direnak. Soldanella villosak errosetan ateratzen baititu hostoak, puntu beretik, sorta bat, alegia. Asexualki ugaltzean, bata bestearen berdin-berdinak. 

Eta hala, ulertuko dugu, landare bakarrak badituela ugaltzeko bi modu, biak ala biak erabilgarriak zaizkionak. Biak ezberdinak eta emaitza ezberdinekin, Urumea bailaran bertan ikusiko ditugunak. Etorkizuneko populazioen oinarria direnak.

Udaberriaren arnas betean izango dira Soldanella villosak aurten ere loretan, errekan begiak adi dituenaren bistan: berdetasunean sumatuko dira lore-hosto more txiki eta ederrak. Txikitasunean erreparatzea ere badelako handitasunaren parte. Ur-salto bihurri, harkaitz heze eta ur-negar goroldiotsuen koadroan kolorea jarriko dute aurten ere; apirileko Urumea bailarak baduelako bere konposizioa; eta tartean, iturburuak, more kolorekoak.

 

ESPEZIE BABESTUA

2008an EHUko Joserra Díezek eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Ibai Olariagak eta hiruok Hernaniko Udalarentzat egindako 'Hernaniko landare mehatxatuen mikroerreserba-sarea' izeneko lanak emaitza ikusgarriak ekarri zituen. Besteak beste, ordura arte Ereñotzu eta Arano arteko erreketan ezagutzen ez ziren zazpi landare espezie mehatxatu aurkitu ziren, eta hori gutxi ez eta, errekaz erreka egindako laginketei esker, ikusi zen horietako askoren populazioak oso aberatsak zirela inguruan. Landare mehatxatu horien artean, Soldanella villosa zegoen, zeina Aiako Harrietan eta Leitzaranen ezagutzen zen aurretik, baina bi bailarak elkartzen dituen Urumeakoetan begiratu gabea egonagatik, ez zegoen aipurik. 

Hernanin zientziarako berri­ak ziren Soldanella villosaren 50 populazio aurkitu ziren (osasuntsuenak iturburuetan) ki­lometro koadroko 13 koadrikulatan banatuta guztiak. Ordura arte EAE osoan 29 koadrikulatan ezagutzen zela jakinda, ekarpen handia, zalantzarik gabe. Hernaniko lanaren emaitzak publikatuak izan ziren, 'Inventory and mapping of red-listed vascular flora in Hernani municipality (Gipuzkoa, Basque Country)' zientzia artikuluan. 

Ordutik hona, Arano eta Goizueta inguruan egindako beste hainbat ikerketa lanen ondorioz, populazio berri gehiago ere aurkitu dira bertako erreketan, nahiz eta modu sistematikoan egindako laginketarik ez den egin. 

Zalantzarik gabe, Hernani eta Goizueta arteko erreken baldintzak direla eta, oso eremu interesgarriak dira hainbat landare mehatxaturentzat. Iraganean egin ziren ikerketa horiek ikertzaileak ere erakarri dituzte bailarara, eta horren ondorioz, bertako espezie batzuk nazioarteko ikerketetan aztertuak izan dira. Ezagutzak ezagutza gehiago erakartzen du, eta era berean, gure lurraldea begiratzeko eta bere antolamendurako neurri egokiak hartzeko datu interes­garriak eskaini. Batek daki, Urumeako Soldanella villosaren populazioak ez ote diren etorkizuneko ikerketen laborategi natural berriak izango. Zalantzarik gabe, espeziearen ugalketa bereziari buruzko azterketak egiteko eremu interesgarria litzateke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!