Goizuetako Zuhaitz Egunaren 120. urteurrena, festa giroan

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Sanz Azkue 2026ko martxoaren 26a

Haritz berriak landatu dituzte eskolako gaztetxoek Istegitxokon bertan. Argazkiak: Igaratza Apezetxea

Martxoaren 20an, eskolako haurrak, irakasleak, gurasoak, aiton-amonak eta herritarrak, udaleko arduradunekin batera, Istegitxokon izan dira. Non eta, duela 120 urte Goizuetako umeek haritzak landatu zituzten leku berean. Festa, arbolak eta ondarea: 1906an egin zen moduan, 2026an ere.

1906ko martxoaren 4ean Goizuetako 6 eta 15 urte arteko ume guztiak herriko plazan elkartu ziren. Haiekin batera ziren Udaleko ordezkariak, herriko eskolako irakasleak eta hainbat herritar. Urte hartan, lehenbiziko aldiz, goizuetarrek Fiesta del árbola egin zuten eta 400 haritz landatu zituzten Istegitxoko izeneko eremuan. 

2026ko martxoaren 20an, Goizuetako eskolako 80 ume, haien irakasleekin, gurasoekin, aiton-amonekin, herritarrekin eta udal­eko arduradunekin batera Iste­gitxokora joan dira, duela 120 urteko umeek egin zuten bezala. Kronikan ateratako artikulu bati tiraka jakin zuten goizuetarrek 1906an egin zela lehen aldiz Fiesta del árbol izeneko ekitaldia haien herrian. Zuhaitz Egunaren 120. urteurrena ospatzeko asmoz, orduan landaturiko haritzak ikusten aritu dira, eta berriak ere landatu dituzte, hariztiaren etorkizuna bermatu eta basoari konplexutasun handiagoa eman nahian. Aitzakia bikaina izan dira horiek guztiak Goizuetako natura ondarea eta historia hobeto ezagutu eta herriko Zuhaitz Egunaren urteurren berezia ospatzeko.

Eguraldia zen zalantza bakarra, eta hori ere lagun izan dute. Herritar boluntario talde batek bultzatuta, Zuhaitz Egunaren 120. urteurrenaren azken ekitaldia izan da martxoaren 20ko mendi irteera. Izan ere, aurretik ere, hilabete lehenago, Aranzadi Zientzia Elkarteko Iñaki Sanz-Azkue izan zen gonbidatua Goizuetako Fiesta del árbolari buruzko xehetasunak azalduko zituen hitzaldia emateko.

Kronikan ateratako artikuluan eta hitzaldian jasotakoak oinarri hartuta, eskolako irakasleak eta herritarrak martxan jarri ziren. 120 urte ez direla egunero betetzen eta joan den astean Istegitxokora egin dute irteera, 1906an landaturiko hariztia ikustera. Oinez egin dute bidea, eta bertan, Jose Javier eta Martin Etxeberria, Iñaki eta Patxi Bakero eta Pili Apezetxea herritarren laguntza ere izan dute, bai eta Mendietako Zinegotzia den Mertxe Huizirena ere. Guztien artean Zuhaitz Egunari buruzko azalpenak eman, haritz espeziak ezberdintzeko gakoak azaldu eta haritz gazte berriak landatzeko laguntza ere eskaini diete herritarrek eskolako umeei zein gazteei. 

Hariztian bertan hamaiketakoa eginda, ospakizunera joandako ehundik gora pertsonak bueltako bidea egin dute Andres Narbarte 'Xalto' Goizuetako eskolara. Izan ere, urteurrenaren oroimen modura, eskolako horman zuhaitz eder bat ere margotu dute, ikasleen partehartzearekin, eskolak eta guraso elkarteak bultzatuta. Esku bat irudikatzen duen enborra da ardatza, gizakiak naturaren alde egitea bere esku ere badagoenaren seinale. Hostoak, aldiz, ikasleen beraien eskuak dira, koloretako arbola bat irudikatzen dutelarik; arbola bat, azken finean, guztiona delako; eta kasu honetan, Goizuetako haur guztientzat etorkizuneko ondarea. 

Lanak eta ospakizunak amaituta, gustura gelditu dira goizuetarrak. Istegitxokoko hariztiak utzi duen itzala ez da berehalakoan galduko Goizuetako herritarren artean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!