Buzoi bat bihotzean, Iñaxio Sanzen omenez

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Sanz Azkue 2026ko martxoaren 21a

Iñaxio Sanz, Agiña mendiko tontorrean, 2011n.

Iñaxio Sanzek buzoi bat zuen bihotzean, eta bertan jasotzen zituen bizitzan zehar zapaldutako gailur guztiak. Mendiak ponpatzen zion ibiltzeko nahia, eta bideak eskaini ondo sentitzeko behar zuen guztia. Mendizalea zen. Mendia maite zuen.Iñaxio Sanzek, ordea, mendizaletasunaren kultura zabaldu egin nahi zuen eta gizartea mendira gerturatu, natura zelako bere ustez gizakia bere lekuan jartzeko gune hoberena. Hargatik, urtetan mendi gailurretan buzoiak jartzen eta berritzen lagundu zuen. Horregatik guztiagatik, Mendiriz Mendik ekimen polit bat jarri du martxan 2026ean. Hernaniko buzoiak bisitatuz, Iñaxio Sanz gogoan. Ezagutzen duzu?

Iñaxio Sanzen bizitzari loturiko argazki bilduma aztertuz gero, mendia gailentzen da irudien artean, eta horietan Iñaxio azaltzen da batean eta bestean, Euskal Herriko eta Pirinioetako mendietan, gailurrean sarri; buzoi baten ondoan, askotan. Iñaxiok bai baitzekien buzoi horien atzean mendizaletasuna sustatzeko nahia eta desira zegoela. Besteak beste, umeak mendira eramateko aitzakia eta motibaziorako amu polita zirela sinesten zuen, eta ez zirela gutizia hutsa. Alegia, buzoiek bazutela bere historia eta bazituztela hainbat istorio haien barrenean.

Hargatik, 2016ko Hernaniko urtekarian, Iñaxiok Hernaniko mendietako buzoiei buruzko artikulu eder bat idatzi zuen, eta bertan, nola ez, leku berezian jarri zituen bere mendi kuttunetako buzoiak: Hernaniko gailurretakoak.

Buzoiak mendi puntetan egotea ez da kasualitate hutsa. Lehenbizikoa, 1915ean jarri zen, Anboton (Bizkaia), eta helburu garbia zuen: ordura arte gizarteko elite bati loturik agertzen zen kirola, mendizaletasuna, gizarte guztira zabaltzea. Buzoiaren erabilera garbia zen: Anbotora igo, bertan paper batean pertsonaren izena, data eta herria jarri eta buzoian utzi behar ziren. Buzoia jarri zuen C.D. Bilbaok liburu bat ireki zuen igotzen ziren pertsonen kontrola eramateko. Hala, pixkanaka, mendia sustatzen zuten elkarteak hasi ziren sortzen Euskal Herrian, eta horiekin batera egin zituzten lehenbiziko lehiaketak. Jendea mendira joatera animatzen zuten lehiaketak, hain zuzen ere. Eta lehiaketekin batera, buzoi gehiago jarri ziren han eta hemen. 

Izan ere, lehiaketetan erronka bat jarri ohi zen. 1918an, esaterako, bost urtetan 100 mendi igotzea zen erronka. Hala, mendietako buzoietan utzitako txartelak ziren igo izanaren proba. Buzoian utzitako txartela mendia igotzen zuen hurrenak hartuko zuen eta bera bazkide zen mendi elkartera eraman, handik jatorrizko pertsonarenera bidaltzeko. Hala, norbere elkarteak eramaten zuen pertsonaren gailur kopuruaren kontrola. 

 

Hernaniko buzoiak

Hernaniko Mendi Gain eta Mendiriz Mendi elkarteek 1950-60 urteetan mendi lehiaketak antolatzeko hautua egin zuten. Mendi kopurua baino, igo beharreko metro kopurua zelarik erronka. Mendizaletasuna bultzatzeko neurri moduan, eta lehiaketen bidez gizartea mendira gerturatzeko asmoz, Hernani inguruetako mendietan ere buzoiak jartzen hasi ziren. Hala, Hernanin jarri zen lehenbiziko buzoia 1954-04-18an izan zen, Zaburu mendian. Orduko ohiturari jarraituz, amandrea ere jarri zitzaion buzoiari. Zaburukoarena Lupe Azpiazu izan zen. 

90eko hamarkadan, buzoi hau bera oso hondatua zegoela eta, konpontzeko asmoz, menditik kendu, behera jaitsi, eta ostera ere koadrila handi bat igo zen txukundutako buzoia jartzera, 1993-04-18an. Aurreneko aldiz jarri zen egun berean, alegia. Bertan izan ziren 1954an jarri zutenetako asko ere. Tartean zen Iñaxio Sanz, egunean bertan atera zuten argazkian ikus daitekeen moduan.

Ordutik aurrera, Iñaxio Sanzek Hernaniko ez ezik, Euskal Herriko eta Pirinioetako mendietako buzoiak konpontzeko edota jartzeko lanetan parte hartu zuen. Ia beti, Félix Armendarizekin batera, zeinak Hernaniko buzoien historian aipamen berezia behar duen, egin zuen lan nekaezinagatik, bai horiek sortzeko eskulanean, baita jartzeko garaian ere. Baina horiekin batera izan ziren ere Manix Zuza eta guztiak nabarmentzea zaila den hainbat pertsona.

 

Iñaxio Sanz gogoan: ekimenaren xehetasunak

2025eko azaroaren 5ean, Hernaniko Mendizale Aste betean, utzi gintuen Iñaxio Sanzek betiko, eta hala, bidezidor eta bide asko umezurtz gelditu ziren Euskal Herriko parajeetan. Iñaxiok Mendiriz Mendi elkartearekin eta Hernaniko mendizaletasunarekin izan zuen lotura omendu nahian, mendi elkarteak ekimen bat jarri du martxan 2026rako: Hernaniko eta Mendiriz Mendiko buzoiak. Iñaxio Sanz gogoan.

Mendiriz Mendi Elkarteak Iñaxio Sanzen omenez martxan jarritako ekimenak herritarrak Hernaniko mendietara gerturatu nahi ditu, eta gonbidatu, bertako buzoiak ikusi ez ezik, haiei argazkia ateratzera. 

Hernaniko mendietako buzoien argazkiak Mendiriz Mendira bidaltzea eskatzen da (mendirizmendi@gmail.com) eta mezu horretan, buzoia zein egoeratan dagoen azaltzea. 2026ko Mendizale Astean accesit saria izango da Hernaniko buzoi baten argazki enkoadraketa ederrena duenarentzat. Urtea amaitzeko, herriko buzoi bat zaharberrituko da eta 2026ko abenduko irteera mendi horretara egingo da. 

Iñaxioren senideek eta lagunek ekimenean parte hartzera gonbidatu nahi zaituzte, eta zergatik ez, buzoian ere Iñaxio Sanzi eskainitako zuen mezua uztera animatu, datorrenak jaso eta Mendiriz Mendira eramateko. 

Ekimenak hauspotuta, etxekoak ere hasi gara botak estutzen eta jada, bisitatu dugu aurreneko mendia: Igorin. Argazkia atera ez ezik, ordea, Iñaxiok maite zuen bezala, txarteltxo bat ere utzi genuen bertako buzoian, «attona Iñaxioren omenez». Iñaxio Sanzek buzoi bat zuelako bihotzean, eta badakigulako denon mezuak, buzoitik barrena, bere bihotzera helduko direla. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!