Neguan lorerik ez dela esango zizuten agian, baina ezagutza duenak badaki, hori ez dela horrela. Behaketa soil bat egitea nahikoa delako, otsailaren hasiera honetan, negua horitu zaigula ikusteko. Horretarako, ordea, begiak prest izan behar: loratu dira San Jose loriak (Primula vulgaris); loratu txanpon belarrak (Ranunculus ficaria) eta loratu dira lilipak (Narcissus sp.) belar motzean.
Iritsi dira ihauteriak eta eman diote zentzua izenari. Lilipa izeneko lore hori delako karnabal-loria Hernaniko Pagoaga auzo inguruan, Nafarroako mugan, eta horrela ulertzen delako ihauteri betean loratu den landarea zergatik bataiatuko zuten horrela. Animalia eta landare izenek badutelako zentzua. Izenak ez baitira edonola jartzen. Nola ba.
Natura behatzen duenak, ikasten du irakurtzen paisaia eta erakusten die ondorengoei. Ikasi ondo: «Karnabaletan loratzen dan loria, da karnabal-loria». Eta sortzen da izenaren atzean ezagutza bat, igaroko dena belaunaldiz belaunaldi, bertako hizkuntzan, bertako paisaiaz, gizakiak naturari behatzeaz uzten dion arte. Gizakiak bere hizkuntza hitz egiteaz uzten duen arte.
Pili Alkortak eta Mari Rita Mirandak badakite zerbait horri buruz. Ez zirelako alferrik ibili Zumadi baserri inguruan, Hernaniko erriberatik gorako soroetan, neguan kuku-loriak noiz loratuko ziren begira. Hala deitzen dietelako: kuku-loriak. Kuku-loria eta karnabal-loria direlako bi izen landare bera izendatzeko erabiltzen direnak Hernanin. Udaberri-lore, kukupela eta batek daki beste zenbat izen, Goizueta inguruan. Eta horrela sortzen da ezagutza bat ez ezik, hiztegi oso bat naturari loturikoa: hizkuntza ekologia.
Darabilen pertsonari sortzen zaiolako zera horri izen bat jartzeko beharra. «Kuku-loriak bildu behar dira». Eta hala, joaten ziren Pili eta Maria Rita, xextua eskuetan zutela inguruko zelaietara. Neguaren muinean badirelako batzuk, baina ez direlako asko loratzen diren loreak. Eta ederretan ederrena: kuku-loria.
Hargatik, noski, horrenbesteko interesa lilipa loreengan. Bere edertasunak bazuelako prezio bat 80ko hamarkadan, non eta Donostiako hirian: merkatuko plazan.
Hamalau urte izango zituen Pilik Zumadi ingurutik bueltatxo bat eman eta etxerako kuku-lore sorta bat ekarri zuenean. Lore ederrak zirela eta, amak, Karmen Irazustak, gehiago biltzeko proposamena egin zion: «San Martingo merkatuan saltzeko hartuko dizkinagu». Eta hala sortu zen, nahigabean, lore batetiko lotura bat, egundaino ere askatu ez dena. Hari eskainitako denborari esker, joan zelako ezagutzen, kuku-loriak bazituela bere sekretu txikiak. Etxe inguruan ere, ez direlako denak igualak. Luzeagoak eta ederragoak, lahar artean hazitakoak. Kolore biziagokoak, simaur artean jaiotzen zirenak. Horregatik, horiekin sorta berezia egiten omen zuten. Lilipen artean ere denak ez baitira kategoria berekoak.
Hasieran gutxi: hiru bat sorta hartzen zituzten, eta pixkanaka, gero eta gehiago, xextoka bildu arte. «Denak saltzen baitziren!». Neguan lore gutxi izan eta, estimatuak zirelako Donostiako etxeetan lilipak. Egunero biltzen xextoka kuku-lore, eta hariarekin lotu hamar bat edo dozena. «Cuándo vas a traer narcisos, Carmen?», galdetzen omen zioten Donostian, eta amonak, «se llaman kukulores» esan ostean, «primero tienen que abrirse» adierazten omen zien, naturak baduelako bere erritmoa; eta pertsonak hori hala dela ikastea hobe.
Hala, izan omen ziren gutxienez hamar urte, laurogeiko hamarkadan, hasi urtarrila amaieratik eta martxo hasiera bitartean, kuku-loriak biltzen aritzen zirenak Zumadi baserri inguruan. Pilik arratsaldez egin ohi zuen, artean irakasle izateko ikasketak egiten ari baitzen. Maria Ritak, ilunbistan, korrika batean bildu behar izaten zituen, behiak jezteko ordua iritsi aurretik.
Pilik gogoan du, izan zela urte bat berezia. Berezia oso, karnabal-loria erruz izan zelako Ariztegi eta Orkolaga baserrien inguruan. Eta haiek asko bildu, eta Karmenek denak saldu plazan. Pilik sorta kantitatea apuntatu omen zuen koaderno batean; bai eta kalkulatu ere, sortako prezioa jakinda, zenbat diru irabazi omen zuten urte hartan: 42.000 pezta. Orduko soldata erdi bat, gutxi gorabehera.
Kuku-loria, ordea, zaindu ere egin behar da, eta Maria Ritak gogoan du, saltzen ez zirenean, uretan nola jarri ohi zituzten, hurrengo egunean berriz ere merkatuan saltzeko. Donostian ezin baitzen edozein modutara saldu. «Osorik hartzen nituen nik, hosto eta guzti, kontu handiz», dio Pilik. Eta hala aritzen ziren Zumadi inguruan, martxoko lehen eguzki goxoekin batera, karnabal-loriak udaberriari ongietorria egiten zion bitartean; paisaiatik desagertu artean.
Desagertu, diogu. Pertsonaren bistatik, behintzat, desagertzen delako, baina erne, lilipa ez baita inora joaten. Karnabal-loriak erraboila bat izaten baitu zainak edo sustraiak dituen lekuan, eta horiek urte osoa iraungo dute bertan, lur azpian, ezkutuan. Noiz arte? Naturak «zure ordua da» esaten dion arte; eta orduan botako du lore horia, argia ilunpetan nola, neguaren muinean. Aurten, behintzat, hala izan baita. Negu erdian elkartu direlako ihauteria eta lilipa, karnabal-loriaren oroimenean.
Urteak, ordea, aurrera doaz eta karnabal-loria asfalto azpian bezala, joan dira bakantzen Donostiako San Martingo merkatu kontuak. Joan dira bakantzen, inguruko loreei eskainitako denborak. Societal extinction of species, espezieen desagerpen sozial betean omen gaude, inguruan ditugun arren, gizarteak jada ez dituelako bertako espezieak ezagutzen. Desagertu egin dira gizartearen oroimenetik. Ez izenik, ez begiradarik naturari eskaintzeko.
Aixtegi eta Orkolaa. Belardi, sagasti eta zelai. Oraindik ere bada paisaia bat orduko hura gogoraziko diguna. Urumeako saihesbidetik bertatik ikusten dira kuku-loriak loretan. Beste asko, errepidearen asfaltoaren azpian gelditu ziren. Horregatik, agian, Zikuñagako ermita berriaren aldamenean, haizeari aurre eginez, jarraitzen dute tente ale batzuek, errenditu nahi ez batean bezala.
Pilik eta Maria Ritak utzi zioten kuku-loriak biltzeari. Egun, ezingo lituzkete jaso. Ezingo lituzkete sortetan bildu eta tortoka ederrak egin xextuan «dorre batean bezala jarrita»; babesturiko espezieak direlako lilipa klase guztiak. Akabo merkatuko kuku-lore basatiak eta Piliren loretara joateko irtenaldiak. Akabo, jada, kuku-lore sortak ilunbistan, Maria Ritaren eskuetan. Denborak, ordea, ez du dena higatzen, eta badira hariak, bizi oso bat irauten dutenak. Hargatik, agian, Pilik kuku-loriak etxe ondoan izateko behar hori. Aurten ere, Orkolagara igoko omen da, bertako loreei bisita egitera.
Berdea horitzen denean, Zikuñagako ermita aldamenean. Kuku-loriak zelaian, iluna argitzen duenean. San Martingo merkatu txiki bat sortzen da, Zumadi baserrikoen bihotzean.