Txorimalo bat Hernaniko plazan

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Sanz Azkue 2026ko otsailaren 15a

Txorimaloa Hernaniko plazan, 1988ko otsailaren 13an. Argazkia: Marimi Azkue

Inauterietan kontu bitxiak gertatzen direla gauza jakina da, baina urte hartakoa… zelebrekeria hutsa izan zen. 1988ko otsailaren 13an txorimalo bat agertu zen Hernaniko plazan; eta ingurutik pasatzen ziren herritar guztiak aztoratuta izan zituen. Batzuk panpina zela esanez. Besteak, ordea, hezur-haragizko pertsona zenaren ustean. Hala, misterioa bere horretan mantendu zen, harik eta pertsona batek, inork espero ez zuen moduan, sekretua azaleratu zuen arte. Zer edo nor zegoen txorimalo haren atzean?

1988a zen. Otsailaren 13a. Larunbata eta inauterietako asteburua, hain zuzen ere. Eguzkiak goxo jotzen zuen Hernaniko Gudarien enparantzan eta itxura guztien arabera, jendetza bilduko zen Kaxkoko kaleetan egun berezi hura ospatzeko gogoz. Inork ez zekien ez nola, ez nondik, baina derrepentean txorimalo bat edo hernaniarrek beti deitu izan dioten moduan, onbretxaparro bat agertu zen Hernaniko plazan.

Lastozko txapela, sare bat aurpegia estaltzen eta ileorde horia burutik behera. Makila bat alderik alde besoen marra jarraituz, eta koadrodun tela soinean, eskuek beharko luketen tokian lastoari lekua eginez. Galtzak urratuak, lastoz beteak, eta zapata pare beltza, plazako lur irregularraren gainean tinko. Zapata beltz haien gainean, han zegoen txorimaloa eta hala egon zen hainbat ordutan. Mugitu ere egin gabe.

Udaletxe azpiko arkupeetan ere begi guztiak zabalik ziren. Kuriositatez begiratzen zuten Hernaniko udaltzaingoek plazara. Nondik azaldu zen onbretxaparro hura? Panpina ote zen? Pertsona ote zen? Zer edo nor zen? Misterioa eta galderak ahoz aho zebiltzan plazan eta plazatik kanpo inauterietako larunbat hartan.

Eta zalantzen aurrean, noski, pertsona guztiek ez dute berdin jokatzen eta, izan ziren txorimalora gerturatzera ausartu zirenak. Langile ikastolako irakasle bat zela zabaldu zuenik ere izan omen zen. Arrimatu ziren batzuk eta… nola arrimatu, gainera! Galtzen azpian hankarik ba ote zen ukitu nahian eskua gerturatu zutenak, lasto artetik eskurik sumatzen ote zen zirenak edota aurpegia estaltzen zuen sarean arnasaren mugimenduaren bila aritutakoak elkartu ziren hainbat momentutan. Denak ziren han. Ukitu txikiren bat saihetsean, atximurkadaren bat disimuluan eta… baita hanka tartean zer zegoen ikertzeko gogoz eskua sartu zuenik ere! Herria aztoratuta zegoen.

Ukitu eta ukitu artean, ordea, izan zen pertsona bat eskuak baino begirada erabili zuena bere azterketa egiteko. Maite Santana begira-begira gelditu zen. Ez aurpegira, ez besoetara, ez hanketara. Maitek behera zuzendu zuen begirada: zapata beltzetara…

Artean, Maite Santanak eta Paki Cíak zapata dendan egiten zuten lan kale nagusian, plazatik ez oso urrun. Inork baino hobeto ezagutzen zituzten haien zapatak eta haien bezeroak. Maite Santana zapata beltzei begira gelditu zen. Pakirengana jiratu eta esan zion: nik badakit nor den. Maitek zapatak ez ezik, hamar urte lehenago zapata haiek erosi zizkion pertsona ere ezagutu zuen. Ondo ezagutu, gainera. Zapata haien jabea Inaxio Sanz Zalakain zen.

Inaxiok orduak zeramatzan geldi txorimalo arropa haren barruan, mugimendu minimo bat ere egin gabe. Jota zegoen. Lehertuta, besoak makilari helduta, inguruan zuen jende guztiaren aipamenak entzun eta imintziorik txikiena ere saihestuz. Bere emaztea, Marimi Azkue, kalean zebilen seme-alabekin. Ondo asko zekien senarra txorimalo horren azpian zegoela ezkutatuta, baina sekretua sekretua zen eta ezagunen galdera guztiei erantzun bera ematen zien Marimik: «Inaxio non dagoen? Mendian».

Inaxio Sanzek astebururo egiten zuen mendirako joera. Larunbat eta igande, ahal bazen. Inor ez zuen harritu inauteri egunean ere mendirako bidea egin izana. Bere izate serioaren barruan, ordea, Inaxiok bazuen bere puntua, eta inauterietan jendea zirikatzeko aukera ez zuen galdu nahi izan. Herritarren artean, ordea, etxekoak ere baziren, eta…

Hernaniarrak bazkal aurreko poteoan zebiltzan eta Inaxiok ere zerbait hartu eta etxerako buelta egitea erabaki zuen. Neka-neka eginda zegoen, ordea, muskuluak ia ezin mugitu, egin zuen esfortzuagatik. Ibiltzeko zailtasunekin eta batez ere ikaragarrizko txizagurarekin. Hori hala, ez zuen zalantzarik egin, eta udaltzaingora joan zen zuzenean, arropa kentzeko laguntza eske.

Plazatik udaletxe azpiko udaltzaingoen bulegora bidean, ordea, bulegoko begiek arretaz begiratzen zuten txorimaloaren ibilera. Bazetorren goiz osoa plazan pasa zuen hura. Udaltzaingoen artean Agustin zegoen, gainontzeko lankideekin batera, txorimalo hura nor izango ote zen bere buruari galdezka.

Eta hala, aurretik zalantza zena, harridura bihurtu zen txorimaloak zuzenean udaltzaingoen aterako bidea egin zuenean. Inaxio Sanzek Agustinengatik egin zuen galde eta gainontzeko udaltzaingoek aldagelan zegoela, turno aldaketan, baina segituan aterako zela esan zioten. «Agustin, txorimaloa zutaz galdezka ari da!» eta «horixe bakarrik falta nian! Hori zein ote den galdezka goiz guztia pasa eta orain ezaguna izatea!», esan omen zuen. Orduan jakin zuen Agustin Sanzek plazan zegoen txorimaloaren barruan bere anaia egon zela.

Udazkenean utzi gintuen Inaxio Sanzek, baina bizi izan zen artean askotan kontatu izan zien txorimaloaren istorioa bere bilobei. Beti nabarmentzen zuen Maite 'sapatera' konturatu zela bera zela txorimaloa: «Zapatak begiratze hutsarekin!», herriko merkatari txikiek herritarrekiko duten gertutasunaren seinale.

Aldizkari batean ere kontatu zuen urte hartakoa, eta hala jarri zuen: «Artzainak ardia ezagutzen duen bezain ongi ezagutu zituen Maitek zapatak. Ez dugu zapatera makala herrian, alajaina!». Inaxiok zioen, orduko zinegotzi bat ere etorri zitzaiola eta hala esan ziola, mozorro hark sortu zuen aztoramenduaren adierazle: «Alkatetzako bulegotik begira jardun dugu esanez, orain bakarrik falta diagu norbait karro batekin agertu eta txorimaloa hartu eta joatea».

Herriko inauterien memoriaren parte txiki bat baino ez dira gisa honetako gertakizunak. Herritarrak festaren partaide ez ezik, festaren eta giroaren ekintzaile izan daitezkeenaren erakusgarri. Inaxio joan zaigun honetan, berak gehiago ezin kontatuko digula eta, hemen idaztea erabaki dugu. Bilobek ez ezik, herritarrek ere inauterietako txorimaloaren istorioa betiko gorde dezaten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!