Goizuetarrak eta 'zapo' jendea

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Sanz Azkue 2026ko otsailaren 1a

Apo arrunta, bere begi gorri handiekin. Argazkia: Iñaki Sanz-Azkue

Begi gorri handi horiekin inor konkistatzeko moduan zaudela esango nuke, baina ez dirudi horrela denik. Ez batzuen iduriko, behinik behin. Badelako jendea, begi handiak dituzten animalien taldean sartzen zaituena, eta behin hor sartuta… Jaungoikoaren etsaia omen! Sugeak, burruntziak eta zapoak! Infernutik datozen animaliak ei zarete, deabruak bidalita, begitzar horiekin dena ikusi eta infernuko etsaiari kontatzera joan ohi zaretenak. Hortik, agian, gizakiak zu begiratzeko modu hori. Zu, etsaien zakuan sartu izanaren arrazoia.

Eta ez dira gaurko kontuak, ez, ez… hau aspalditik datorren gauza da, ez uste. Sorginen alutik jaiotzen direla zapoak eta, ikusi omen zituzten bere garaian sorginak zapoei bularra ematen… Agustin Kardaberaz idazle hernaniarrak ere ez zintuzten oso begiko, itxuraz. Hala idatzi zuen 1761ean, 'Infernuko penen gañeko ejenploa' izeneko liburuan: An suge, zirau, zapo, armiarma, dragoi, ta pistia mota guziak, izugarriko itxura, aginka, ta atzaparka animak puskatzen bezala

Baina, nork maite zaitu zu?

Eta gaizkitasun horren erdian murgilduta, bizitza aurrera doa, eta zuk zurean jarraitu behar. Uste oker guztien gainetik saltoka, jendearen begiraden aurrean ezkutatzen. Urumeako baratzetan ibiltzen zinen eta zaren moduan, barazki artean ezkutatuta, zapoketan. Eta hortik agian, garai bateko umeek ezkutaketan zirenean «niregatik» esan ordez «safo» esateko ohitura. Ezkutatu zalea zarelako edo… baina nola ez duzu ba egingo gizakiaren aurrean? Kulparik gabe gorrotatua izan zara eta! Beldurrak mugiarazten du jendea eta zu beldurraren mezularia omen. Hortik urtetako torturak baserri batzuetan, batzuek baratzean aurkitu orduko ziri bat hartu eta hankan sartuta uzten omen zintuzten bertan lehor-lehor eginda hiltzen zinen arte. Eta hala, jarri zaituzte urteetan zehar ukuiluetan, behiek errapean karatxoak zituztenean, zu poto batean jarri eta sabaitik zintzilik, karatxoak horrela sendatzen zirenaren aitzakian. Izakia gaiztoa omen zarelako… «benenosua delako»esan digute.

Buru atzealdean dituzun guruinez ariko dira noski, guruin paratiroideak, adituek esaten dieten moduan, kontrarioren batek harrapatu nahi zaituenean erabiltzen dituzunak defentsarako. Baina usteak erdia ustel. Ez pozoi, eta ez arriskutsu. Ezta gizakiaren begietara pixa egin zalea ere! Begiak ixten omen dituztenik ere ba omen dagoelako oraindik, ipurdia altxa eta pixa egingo ote diezun beldur direlako. Zurea bai merezi gabeko penitentzia…

Baina, lasai, bada maitatzen zaituenik ere…

Izan direlako ere txikitatik ezagutu zaituztenak. Txikitatik, atzetik zetozen uste ustelei muzin egin eta zugan jarri dutenak arreta. Eta ikusi dute, nolakoa zaren. Zomorrozale amorratua zarela, baratzerako ona. Ikusi dute, kaltea baino, ona ekartzen duzula etxe eta herri ingurura. Infernutik edo zerutik baino, basotik zatozela zu, mundu terrenaletik. Gizakia askok jada mundu digitalarengatik ordezkatu duen mundu horretatik. Lurrez eta urez egina dagoen gure mundutik. 

Goizuetatik…

Omen zabiltza. Hori da zure paradisua? Izan nintzen ni behin, badakizu? Izan nintzen ni behin Urumea bailarako sukalde zahar batean berriketan eta erakutsi nien zure argazki bat. Eta irribarre egin zuten. Eta galdetu nien, ea irudiko argazkiko animaliak zein izen zuen. Badakizu zer esan zidaten? Bazekitela. Zapoa zela, baina irudiko animaliak bazuela beste izen bat. Goizutarra zela. Goizutarra omen apoa Ezkurrakoentzat. Ez zapoa, ez eta zientzialariek deitzen dizuten bezala, Bufo spinosus edo apo arrunt iberiarra. Ez. Goizutarra.

Zu goizutarra eta goizutarrak zapoak. Esan zidaten, izan zitekeela goizuetarrak txikiak, zabalak eta fuerte itxurakoak zirelako. Esan zidaten, ordea, Goizueta zure paradisua ere izan zitekeela. Eta hortik izena. Apoen paradisua, eta… zer esango dizut ba. Bigarren horretan, behintzat, bat egiten dudala. Basoa eta erreka baita zure bizilekua, eta tarteko horma zahar eta belazeak. Hor zaude zu gustura. Negua basoan igaro ostean hasten zarelako zure urteroko bidaia berezi hori egiten, errekara ugaltzera. Eta nola gainera. Ez banaka edo binaka. Taldean. Multzo handian, lagun artean joango bazina bezala… orain da garaia, ezta? Negu amaiera edo udaberri hasiera hau. Ikusiko dugu elkar bidean, ziur. 

Harro egon daitezke goizutarrak zapo izateaz…

Zapo jendea, jende indartsua delako. Zapoen eta igelen munduan, gogorrak. Azal lodiarekin babesten baitute bere gorputza, eta horrek ematen baitie aukera uretatik atera eta baso, sasi arte, horma arteko zirrikitu eta harri azpietan ezkutatzeko arazorik gabe, uraren horrenbesteko beharrik gabe. Sasoi onekoak, urtero-urtero basotik errekarako eta putzuetarako bidaia luzea egiteko gai direlako, oztopo guztien kontra, egunez eta gauez, kilometroak eginez. Beti taldean. 

Zapo jendea, uste guztien kontra, animalia abila delako. Nafarroako Ultzaman, Orgiko hariztian topatu izan direlako enborretara igota, ia bi metroko altueran, bere igotzeko gaitasun apartaren erakusle. Aurkituriko 259 anfibio igokarietatik, 167 izan ziren apoak. Hanka luze eta indartsu, behatz eta beso sendo.

Eta zapo jendea, gurea delako. Gure paisaiaren bihurrietan ondo moldatzen den espeziea. Urumeako eta Goizuetako basoetako biztanlea. Zelaietako eta baratzeetako turista ezkutua. Horma zaharren eta harripeen maitalea. Erreketako igerilari aparta eta enborretako eskalatzailea. Eta hala, gurea izanagatik, eskaini dio horrenbeste gure hizkuntzari ere, euskarari.                 

Zapoa egitea delako jokoren batean hutsa egitea, edo zapoketan aritzea, ezkutaketan ibiltzea. Ume zapoa delako gaiztakerietan ibiltzen den umea, edota zapo-belarrak, zapo-tipulak, zapo-landareak, erne ibili beharreko landareak. Norbaiti zapoa izatea delako gorrotoa izatea eta zapo-txistua umeek txistu egiten hasiberritan egiten dutena. Zapo-larrua, zapo-saltoa, zapo-erdara, safo eta abar.  

Nola begiratuko zaitugu ba gaizki…

Begi gorri handi horiekin. Gorputz azal arre gogor eta hanka zein beso indartsu horiekin. Eman diguzun eta ematen diguzun guztiarekin. Intsektujale, euskara hiztegi egile eta biodibertsitatearen parte. 

Izango du zapoak ezer onik, Euskal Herrian horrenbeste 'zapo-herri' izateko. Azpeitiarrak, gaintzarrak eta eibartarrak, Gi­puzkoan. Durangarrak, Bizkaian. Bildozekoak, Zuberoan. Aztegietakoak, Ezkerekotxako­ak, eta Larrazketakoak. Guztiak dira zapoak. Topaketa egiteko moduan zarete. 

Joseph Mikelestorenak 1751n idatzi zuen infernuari buruz: Ango suak, ango garrak edain dituzu beti: milla suge, zapo dira mai artako janari.   

Baina zapo guztiak ez dira infernuan izango. Goizuetan paradisuan ere badirelako hainbat, baso, zelai eta erreka artean. Zapo jendea jende ona delako. Harro egon daitezke goizutarrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!