Negua adarrez adar

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Sanz Azkue 2026ko urtarrilaren 18a

Buztanluzea ('Aegithalos caudatus'), adar batean pausatuta. Argazkia: Alexis Lours

Leihoaren alde honetatik adar biluziak baino ez dira ikusten, eta hala ere so gelditu naiz. Geldiune bat bizitzan, zu agertu zarenean. Buztanluzea azaldu da neguaren muinean, oihu isil batean, gizakiak nor den ere desikasia duen garai honetan.

Leihoaren alde honetatik adar biluziak baino ez dira ikusten. Urbieta kale bat, neguaren goizeko gordintasunean, eguzkiari sartzen utzi nahi eta ezin batean.

Herri bat hiriaren erritmoak irentsita. Geldiezina den presazko ibilkera moderno honetan. Autoak batera eta bestera, jendea abiadan mugitzen eta eguneroko denbora 2x moduan jartzen duen gizakia, arrapalan dabilena nora doan jakin gabe ere askotan.

Leihoaren alde honetatik adar biluziak baino ez dira ikusten. Biteri Kultur Etxean nagoela, munduaren metro koadro bat baino ezin dut sumatu kristalaren beste aldean. Eta hala ere so gelditu naiz, pauseri eman izan banio bezala. Geldiune bat bizitzan, adar biluziei begira: zu agertu zarenean.

Zu, zure txikitasunean azaldu baitzara urtarrilaren hasiera honetan, lotsagabe, batean eta bestean. «Hemen nago» isil batean. Txio ahul jarraiak eginez, talde txikian mugituz, arbolaz arbola, ia oharkabean. Buztanluzea (Aegithalos caudatus) azaldu da neguaren muinean, Urumeako herri, baserri eta baso inguruetan, zozoa goizari kantu bat eman nahian hasten den garai honetan. Buztanluzea azaldu da oihu isil batean, gizakiak nor den ere desikasia duen garai honetan.

Antonio Santa Cruz zenak esan zidan, garai batean baietz, orduan ikusten zirela Urumea bailarako sagastietan buztanluzeak hegan. Hark, ordea, ez omen zion izen hori ematen: «Txirta-txoiya deitzen genion». Eta ezagutu omen zituen berak txirta-txoiyak habia bailarako sagarrondoetan egiten zuen garaiak. Gooldiyo zuriya, likena, mokoan hartu eta txukun-txukun, arkitekto onenek bezala, eraikitzen omen zuen urtero habia eder bat, zuri-zuria, adarren artean, bere forma borobil, babes-toki zulodun eta guzti. Eta bertan jaiotzen omen ziren txirta-txoi txitak kantitate ederrean.

Izango zuen habiak ederretik, Donostiako dendetako erakusleihoetan ere apaingarri moduan jartzen omen baitzen. Sagastitik ziudadera, guztien begietara polit egitera joana, txikitasunean hasi eta handitasunean bukatzera, goroldio zuria asfalto beltzen artean. Hegaztirik gabeko habia hutsak ezer politik izango balu bezala. Txori kanturik gabeko hiri handia: habitat basatiagorik ezin sortu.

Buztanluzea ezaguna izan zen garaiak ere izan baitziren gurean. Hargatik, agian, izango ditu horrenbeste izen. Izan sonatua izango zuelako han eta hemen. Sei bat izen baititu, soilik Hernaniko lurretan. Zenbat izango ote dituen Euskal Herrian… atera kontuak.

Txikia izanagatik izan da ezaguna Urumean, esaterako, Portu auzoan. Hortik beste izena: Ttattarra. Eta taldean doala, bata bestearen atzetik, adarrez adar, egiten duen kantuagatik: txirri-txirri-txirri… eta hori omen da Jauregi inguruan txirriskalaya deitzearen arrazoia. Bere isats luzeak ere deitu du arreta, isatsluxia deitzeraino hernaniar gehienek, kaxkabeltx isa(t)sluxia Aranon, eta buztanluzea goizuetarrek. Txirta landarearen haziak jaten omen dituelako, txirta-txoiya, Ereñotzu aldean, nahiz eta zomorrozalea dela jakin. Kautxa ere deitzen dionik bada. Naturarentzat begiak dituenak, badakielako animalia bakoitza nolakoa den, zer jaten duen eta nola egiten duen kantu.

Bukatu omen dira, ordea, sagastietako habia eder haiek. «Urteak dira sagar artean kumatzen ez duela» esan digute, baina… neguak ere badakiela oparia egiten eta… ikusi dugu azken egunetan, taldean hegan, txirri-txirri. Txirriskalaya. Eta nola ikusi, gainera. Txikia izanagatik ez baita geldirik egotekoa. Ikusgarria baita.

Zurian beltza baitu hegoen alde banatara, eta bekainaren aurre aldetik leporaino doan orban beltz jarraia. Bular alde argia, eta sabela, arrosara gerturatzen dena, bizkarraldea bezalakoa. Zuri, beltz eta arrosa, isats luzea eta gorputz txikia. Arbolaz arbola, adarrez adar, ekilibrioan ikusiko dituzu, buruz behera batzuetan, adaxkan jolasean bezala, besteetan. Multzo txikietan.

Urtarrila erdialde honetan egin digu eguzkiak irri bat laino artean. Hotzen atzetik etorri da epelaldi txiki bat eta mugiarazi ditu lurrak, zeruak eta hegaldi berriak. Etxe handiak parkearen parean. Arbola txikiak belardien erdian. Isiltasuna. Autoen motorrak. Isiltasuna. Oihu bat espaloi gainean. Isiltasuna. Kantu txiki bat adar artean. Zu.

Zozoak hasi dira mugitzen. Zozarrak txistu soinua afinatu du goizeko sinfonian. Buztanluze basozalea herri inguruan da. Sagasti zaharrak bakandu zirenean egin zuen eskapo haietatik. Arbola zahar zalea ere badelako, usteltzen hasiak direnetan ere badakielako umatzen. Eta sumatuko zuen, agian, gure parkeetako aniztasuna handitzen doala, hegaldietarako gune bihurtu baitu azkenaldian.

Zergatik ez dakigu, baina ohikoak ari dira izaten aurten buztanluzearen behaketak Euskal Herriko hainbat puntutan. Negu hostogabeak ematen duen erraztasunak baliatuta, hala aurreko udaberriko umaldiak lagunduta, baina batera eta bestera ikus daitezke azken egunetan.

Leihoaren alde honetatik adar biluziak baino ez dira ikusten. Munduaren metro koadro bat baino ezin dut sumatu kristalaren beste aldean. Geldiune bat bizitzan, kale biluziari begira: zu agertu zarenean. Irribarre bat uneari, iraganean bazena, orain ere badela ikustean. Kristalaren beste aldean herria bizirik dagoela sumatzen dugunean, amesten dut, izango direla aurrerantzean ere gooldiyo zuriyak Urumea bailarako sagarrondo artean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!