Errege egun (berezi) bat...

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Sanz Azkue 2026ko urtarrilaren 6a

Hernaniko Atzieta kalea, feria egun batean. Argazkia: Hernaniko Udal Artxiboa / ondarea.hernani.eus

Errege eguna zen. 1930eko urtarrilaren 6a, hain zuzen ere. Artean, Ines Sarasua txikiak sei urte baino ez zituen, baina egun hartan bizitakoa betiko geldituko zitzaion buruan gordeta. Ez zuen sekula ahaztuko. Izan ere, errege egun arrunt bat zirudiena zeharo aldrebestu zen, ia fikziozko kontakizun bihurtu arte. Fikzioa diot, bata bestearen atzetik etorri ziren gertakariek gertaezinezko istorioa dirudiena sortu zutelako. Fikzioa, 2026ko errege egunean gauden honetan, sei urteko ume bati orduko Hernani nola zen irudikatzea, fantasiazko ipuin txiki batean sartzea bezala iruditu dakiokeelako. Bidaia dezagun ia ehun urte atzera eta koka gaitezen Hernaniko Atzieta kalean, errege egunean.

Urte hartan, errege magoek opari berezia utzi zieten Carmenchín Celayeta-ri, Inés Sarasua-ri eta María Jesús Lete-ri haien etxeetan. Kartoizko “Pepona” panpin bana jaso zuten hiruek, eta zer egingo eta, panpinak bataiatu behar zituztela pentsatu zuten. Bataiatzeko, ordea, ura behar eta, Atzieta kaleko mandaskara jo zuten. Urez beteriko askaren aldamenean zeudela, ordea, asto bat ikusi zuten haiengana gerturatzen. Inguruko ukuilu batetik alde egindako astoa zen. Animalia gerturatzen ari zela ikusita, neska txikiek korrika egin zuten alde.

Lasterka batean egin zuten ihes hiru umeek eta, nonbaiten babesa hartu behar zutenez, inguruan zegoen Urumea Elkartean sartu ziren. Astoak, ordea, haien bide bera hartu zuen eta elkartera sartu. Une horretan, lokalaren atzeko aldean hiru bazkide ari ziren billarrean jolasean: J. Azcue, Elorrio Setién eta Ubarrechena. Hiru gizonak billarrean, hiru umeak elkartearen barruan eta astoa, hantxe, kaletik lokalera sartu berri. Denak leku berean.

Orduan, alabaina, inork espero ez zuena gertatu zen. Astoak ispiluak zituen aterki-ontzi batera begiratu eta bere burua ikusi zuen bertan islatuta. Saltoka eta brinkoka hasi zen, billarreko mahaiari ostikoka. Eta halako batean, danba! Billarreko bola batek salto egin eta gizonetako bati betaurrekoak puskatu zizkion. Etorri zen gero astoaren jabea, lasaitu zuen astoa eta alde egin zuten biek elkartetik.

Hiru neska txikiek, atzera, ostera ere mandaskarako bidea hartu zuten, negarrez. Behin askan zirela, errege magoek oparituriko kartoizko panpinak ikusi zituzten. Han ziren, panpinak deseginda: koloretako kartoiak baino ez ziren ikusten uretan.

Puskaturiko betaurrekoen berri geroago jakin zuen Inesek, bere aita Segundok kontatuta. Itxuraz, apurturiko betaurrekoen afera modu zelebrean konpondu zuten gizonek: billar-partida batzuk jolastuta.

Ines Sarasua kontalari bikaina zen eta Hernaniko herriko historiaren eta bertako istorioen zale amorratua. 70 urte zituela, 1994ean, Hernaniko urtekariko Kontu kontari izeneko atalean azaldu zituen errege egun hartan gertatutakoak. Batzuen begietara gertakizun soila izan daitekeena, izan daiteke herri bateko gizartea eta paisaia ehun urtetan nola aldatu den erakusten duen iturri ederra ere. Kartoizko panpinak, ume txikien bataiatzeko ahalegina, ukuiluak Atzieta inguruan, astoak aske, Urumea izeneko Elkartea… eta mandaska bat Hernaniko Atzieta kalean, oraindik ere zehazki non zegoen inork esan ez didana.

Duela egun batzuk, informazio jakin baten bila Hernaniko urtekari zaharrak kontsultatzen ari nintzela, aurkitu nuen Ines Sarasuaren kontakizun berezi hau, eta nire buruak urteetan atzera egin zuen, eta ikusi nuen Ines amona bat, bere sukalde txikian eserita, bere bilobari, niri, garai bateko istorio zaharrak kontatzen.

Hernaniko urtekaria hernaniar askok urtez urte elkarlanean sortu duten altxor txiki bat da. Herritarrek idatzia, herriarentzat. Kontakizunak ez ezik, historiari, etnografiari, kulturari, naturari eta beste hainbat gaiei loturiko artikuluak ere biltzen dituena, eta egungo ikertzaileen begietara, informazio iturri ere izan daitekeena.

Herri bateko kultura etxeko sukaldetik hasten da transmititzen, eta gizarteratzen da idatzita utziz, erreferentziazkoak bihurtuko diren guneetan, aldizkarietan, urtekarietan... Aurtengo honetan, Olentzero izan da ezusteko oparia ekarri didana niri. Amonak sukaldean sekula kontatu gabeko istorioa ekarri baitit Hernaniko urtekariko orrietan ezkutatuta. Errege magoak zurekin akordatu ez badira, hemen Ines Sarasuaren istorioa, Urumeako Kronika bidez opari, etxeko txikiei istorioa irakurri eta zuen herriko historia transmititzen sukaldetik has zaitezten.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!