Narrastiak

Zu hobeto jateko!

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Sanz Azkue 2021ko mar. 6a, 00:00
Hegoaldeko suge-leun heldu bat, musker berde heldu bat irensten, Organbide mendiko bidean, Iñakik eta Silviak ateratako argazkian. 2020ko azaroaren 2an izan zen hori.

Argia aldizkarian argitaratua

Suge nabar bat ikusi dute Goizuetan, Organbide mendiko bidean, kiribilduta. Masa berde bat besarkatzen du. Gelditu, behatu eta klik. Argazkia atera diote momentuari. Sekula ez dute horrelakorik ikusi. Suge-leun bat da, musker berde heldu bat irensten. Ikaragarria!

Bitxikeria hutsean gera zitekeen gertaera, baina hura ikusi zutenek argazki batekin dokumentatzeko hautua egin zuten. Irudia jaso, eta aditu bati bidali zioten sare sozialetara igo ordez. Ondo egindako hautua izan zen. Izan ere, sugeak musker heldu bat jatea ez da eguneroko kontua izaten. Eta asmatu dute: Europan halakorik hirutan baino ez baita ikusi. Horietako bi Euskal Herrian.

Azaroaren 2a. 2020a. Udazkeneko haize hegoak lagunduta, Silviak eta Iñakik Goizuetan mendi-buelta bat emateko parada probestu dute. 11:55ak dira Organbideko pistan barrena oinez sartu direnean. Hartxintxarrez eta lurrez osaturiko bidean, forma luzeko eta kolore nabarreko sugearen eta musker berdearen arteko kontrastea nabaria da lur grisean. Sugeak gorputzarekin eusten du bere jakia, eta ahoan ditu sartuak jada burua eta aurreko hankak.

Irailaren 24a. 2012. Silviaren eta Iñakiren behaketa baino zortzi urte lehenago, Joseba Abrisketak argazki bat bidali zien Aranzadiko herpetologoei. Amurrioko Aldaiturriaga auzotik zihoala ezohiko irudi bat ikusi zuen: suge bat musker heldu bat jaten.

Zortzi urteko tartea duten bi argazki ditugu, beraz. Bi testigantza. Bietan hegoaldeko suge-leuna (Coronella girondica) ikusten da musker berdea (Lacerta bilineata) irensten. Bi kasuetan, udazkena da. Bi kasuetan, harrapaturikoak musker helduak dira. Goizuetan, arra. Amurrion, emea.

Bitxikeriez eta argazki ikusgarriez gain, ordea, egindako behaketek badute euren garrantzia. Ondo aztertuz gero, espezieen jokamolde, elikadura ohitura, bizi-ziklo, banaketa, eta haien arteko erlazioez informazio asko ematen baitute.

Iberiar penintsula zeharkatu ostean, Frantziara ere iritsi da Goizuetako argazkia, eta hala lortu dugu emaitza: Amurrioko argazkian bezala, hegoaldeko sugeleuna da, Goizuetan urriagoa izan arren.

 

Argazkien Scherlock Holmesak bihurtuko gara

Erreparatu irudian. Aztertu ondo argazkia. Biek ala biek muskerra burutik helduta dute. Bi irudietan, sugeak muskerraren gorputzaren zati bat aho barruan du jada. Bi kasuetan, suge helduak musker heldua jan du.

Suge-leunak musker kumeak jaten zituela gauza jakina da. Sugandilazale amorratua dela ere badakigu. Baita, noizbehinka, eta populazioaren arabera, ugaztun txikiak ere jaten dituela (saguak, esaterako); baina, orain arte, musker helduak jaten behin baino ez da dokumentatu suge hau, eta Joorisek egin zuen hori, 1995ean, Aveyronen, Frantzian.

Orduko hartan ere ezer berezirik ez. Kasu guztietan sugeek estrategia bera erabili zuten. Muskerra harrapatu, eta ahotik hasi ziren hura irensten. Goizuetako irudian, ordea, bada pausu bat, Amurriokoan ikusten ez dena: sugea muskerraren inguruan dago kiribilduta.

Izan ere, hegoaldeko suge-leunaren ehizatzeko modua hori baita. Harrapakina gorputzarekin heldu eta estutzen du, ondoren ahotik barrena sartzeko haren burua. Beraz, litekeena da Goizuetako muskerra harrapaketaren hasierako fasean hartu izana argazkilariak. Hilik dagoela sentitzean, Amurrion bezala, ez du horrenbeste estutuko, eta ahoan barrena sartzen jarraituko du.

Baina, nola da posible halako tamainako animalia irenstea sugeak?

Zu hobeto jateko!

Joorisek Aveyronen egin zuen behaketagatik zioen, ordura arte suge-leun bati ikusitako harrapakinik handiena zela ahoan zuen muskerra. Dudarik ez da, tamaina horretako suge batek halako musker bat jatea ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. Ahotik sartzeko eta irensteko, sugeek beharrezko mekanismoak garatuta dituztelako gertatzen da hori. Esaterako, euren baraila lekutik ateratzeko gaitasuna dute. Hala, haien harrapakinak jan, eta berriro ere bere lekuan jarri dezakete baraila. Zu hobeto jateko!

Suge-leunak ere ondo zabaldu beharko zukeen ahoa hori guztia irensteko, baina ondoren ere izango zuen lana: gorputzeko muskuluekin lagundu beharko zukeen muskerra barrura sartzen. Hala, askotan ikusi izan ohi dira sugeak, gizen-gizen eginda, motel-motel, ia ezin mugitu, jan duten harrapakinaren tamaina dela-eta, liseritzeko behar duten denbora hartzen.

Gertaera hori, ordea, ez da narrastietan bakarrik gertatzen. 2008ko apirilean, Donostian egindako laginketa batean, uhandre marmolaire (Triturus marmoratus) eme handi bat harrapatu zuten Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariek. Uhandre hark uhandre palmatu bat (Lissotriton helveticus) zuen jana. Hala zuen sabela, puztu-puztuta. Uretatik atera bezain pronto, barruan zuen hura bota egin zuen ikerlarien aurrean, eta horri esker herpetologoek kalkuluak egiteko aukera izan zuten. Emaitza ikaragarria izan zen: Uhandre marmolaireak jandako harrapakinak, harrapakariaren gorputzaren %47a neurtzen zuen.

Sugearen kasuan, alabaina, ezin izan ziren neurriak hartu. Bi sugeek, bi kasuetan, gizakiaren begiradapean alde egiteko hautua egin baitzuten. «Biziraupena jakiaren aurretik», pentsatuko zuten…

Izan ere, guztia ezin da jakin. Eta argazkian ez ezik, argazkia atera zen testuinguruan gelditzen baitira galdera asko airean.  Zer, non, nola… guztiak erantzuteko, beraz, irudiaz gain, testuingurua ere aztertu beharra dago. 

 

Goazen testuingurua irakurtzera

Muskerrarekin garbi daude gauzak. Amurrion eta Goizuetan, musker berdea ezaguna eta arrunta da bi herrietan. Suge-leunak, ordea, bi espezie izan daitezke. Arabako herrian, bakarra ezagutzen da. Beraz, ez da dudarik: hegoaldeko suge-leuna da Amurriokoa. Haatik, Goizuetan oso bestelakoak dira gauzak. Bi suge-leun espezie daude aipatuta bertan. Iparraldeko suge-leuna da arruntena, baina irudikoak ez du haren itxurarik.

Zortzi adituren begietatik pasa da argazkia. Euskal Herria, Galizia, Andaluzia eta Katalunia… Iberiar penintsula zeharkatu ostean, Frantziara ere iritsi da Goizuetako argazkia. Eta hala lortu dugu emaitza: Amurrion bezala, hegoaldeko suge-leuna da irudian dagoena. Goizuetan urriagoa izan arren, hori da argazkilariak kamera bidez harrapatu duena.

Testuingurua aztertzeak ere laguntzen du identifikazioan: gune irekia, iratze-lekuaren ondoan. Egutera, beroa, harritsua eta orientazio onarekin. Mediterranear jatorriko espezie batentzat aproposa zen Goizuetako parajea. Dena ez dago argazkian.

Goizuetakoa salbuespen gertaera bati ateratako argazkia da, ala uste baino jarrera arruntagoa da udazkenean suge-leun heldu batek musker berde heldu bati egunez ehizatzea?

 

Udazkena da. Bi espezieen ugal garaiak pasa dira. Beraz, haien aktibitatea asko jaitsi da jada. Goizuetako kasuan, gainera, azaroa da. Sugeak, behintzat, brumazioan (narrastien hibernazioa) beharko luke. Hego haizeak eta eguzkiak, ordea, narrastiei berotzeko aukera eman die. Biak haien babeslekuetatik atera dira, negu aurretik zerbait jateko esperantzarekin. Bi kasuetako batean, ordea, herpetologoei arreta ematen dien kontu bat dago. Orain arteko portaeretatik kanpo ikusten den jarrera bat. Amurriokoa, eguzki orduari erreparatuta, goizeko 06:50etan ikusi da. Arrunta da hori: hegoaldeko suge-leuna gautarra baita, baina egunsenti zalea ere bada. Ikerketek diotenaren arabera, suge-leunak eguneko aktibitatea duten espezieak gauez harrapatzen ditu, batez ere haien babeslekuetan ezkutatuta daudenean. Egunean zehar, ordea, suge-leuna ezkutatu egiten da.

Goizuetako gertakizuna 11:55etan behatu dela konturatu gara orduan. Egunaren erdian, ia. Eguerdian. Eta hor, hasten dira galderak sortzen: Goizuetakoa salbuespen gertaera bati ateratako argazkia da, ala uste baino jarrera arruntagoa da udazkenean suge-leun heldu batek musker berde heldu bat egunez ehizatzea?

Nork jakin, Euskal Herriko parajeetatik barrena goazela egindako behaketaren batek argituko ote dizkigun suge-leun ilunzalearen ezkutuko misterioak; edota, kontrara, zientziak horrenbeste maite duen hori egiten jarraituko ote duen: galderak airean uzten, gure begiak erne egon daitezen…

Zu hobeto ikusteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!