Joan ziren urte hasierako hotzak, eta etorri, ezustean, urtarril amaierako tenperatura epelak. Eta hala, ohi baino goizago, baina urteroko legez, zapoak hasi dira euren mugimenduak egiten: basotik atera, eta errio, erreka eta putzu inguruetara doaz ugaltzera. Umatzera.
Santa Barbaran ere gauza bera egin ohi dute. Hemen ere, urtero, beste lekuetan bezala. Otsail-martxo ingurua izaten da gehien mugitzen diren garaia, eta egitekotan, taldean egiten dute, gainera. Izaten dira gau onak, tenperatura eta hezetasun egokiak bat egiten dutenak, eta orduan hasten da zapoen momentua. Zapo-festa! Dozenaka ikusiko ditugu uretara bidean, guztiak noranzko berean.
Aurtengoan ere ez dute hutsik egin Santa Barbarako zapoek. Data esanguratsua aukeratu dute, gainera, euren ugaltzerako migrazioa hasteko. Izan ere, aste honetan bertan igaro da Nazioarteko Hezeguneen Eguna. Alegia, putzuen, urmaelen, lakuen eta aintziren garrantzia gogorarazten digun eguna. Azken finean, horiek guztiak ekosistema bereziak direlako, eta horiei esker, bertako faunak eta florak ez ezik, gizakiak ere eskuratzen dituelako bere ongizaterako horren beharrezkoak diren hainbat zerbitzu. Zerbitzu ekosistemikoak deritzagunak, hain zuzen ere.
Gau heze eta epeletan, egunean zehar beroturiko errepidea leku goxoa da zapoek atseden hartzeko. Eta horrela agertzen dira hainbat anfibio hilda, egun batetik bestera.
Eta hala, Nazioarteko Hezeguneen Egunak eta apoen aurtengo migrazioak bat egin dute. Non eta hernaniarrontzat horren esanguratsua den leku batean: Santa Barbarako putzuan edo lakuan.
Eta ikusi ditugu, gizakiak autoa ezinbesteko ibilgailutzat hartu duenetik bezala, zapoak Santa Barbarako (eta Hernaniko beste eremuetako) asfaltoan hilda. Gau heze eta epeletan, egunean zehar beroturiko errepidea leku goxoa baita apoak atseden unetxoa hartzeko. Eta hor gertatzen da horrenbeste jenderi arreta deitzen dion gertakizuna: hainbat anfibio hilda agertzen dira asfaltoan egun batetik bestera. Autoek zapalduta. Tripak kanpoan dituztela.
Eta hasi gintezke kontu horiei buruz luze hitz egiten, eta inguruan egin ditugun ikerketei buruz berriketan. Zenbat hiltzen diren urtero azaltzen, eta aurten, bi egunetan, jada 250 metrotan 23 hildako azaldu direla Santa Barbaran esaten. Eta horietako bi, gainera, zapalduak izan zirenean, dagoeneko ugaltzen hasiak zirela adierazten. Edota Europako beste herrialdeetan, garai honetan, herri ezberdinek hartzen dituzten neurriei buruzko gaia mahai gainean jartzen. Eta ez litzateke agian alferrikako hausnarketa egitea izango, baina gaur beste kontu bati eman nahi diogu arreta. Santa Barbarako zapoen kalbarioa ez baita errepidea gurutzatzearekin amaitzen. Duela urte batzuk hasi zen kalbarioa, urtero errepikatzen baita.
Santa Barbarako lakua ez da ugaltzeko leku ona, zapoarentzat tranpa bihurtu delako: gizakiak bertan askaturiko hainbat espezie kanpotarren bizilekua da egun.
Errepidea igarotzea eta tartean autoren batek ez harrapatzea baita aurreneko pausua. Santa Barbarako zapoek ia alferrik egiten duten ibilbidearen zati bat, zoritxarrez. Gero joango baitira Santa Barbarako harrobi azpian dagoen Santa Barbarako lakura, eta han arrautzak errun eta alde egingo baitute berriz ere euren gordelekuetara, bidea gurutzatzean, berriro ere, ezer gertatzen ez bazaie…
Santa Barbarako lakuaren egoera
Ia alferrikako bideaz hitz egin dugu arestian, halaxe delako Santa Barbarako zapoek egiten duten migrazioa. Arrazoia nahiko sinplea da: Santa Barbarako lakua ez delako ugaltzeko leku ona. Tranpa bat bihurtu delako, edota hobe esanda, hernaniarrok bihurtu dugulako bertako faunarentzako tranpa.
Karpak, ameriketako apoarmatuak edo dortokak, ibai karramarro gorriak, black bassak… Santa Barbarako lakua gizakiak askaturiko hainbat espezie kanpotarren bizilekua da egun. Eremuan funtzio bikaina egin zezakeen ekosistema, ia guztiz degradatu dugulako urtetan hernaniarrok. Etxerako erosi ditugun dortoka txikiak handitu eta haiekin nazkatu garenean, bertan askatu ditugulako, edota arrain gorriak edo karpinak etxean soberan daudelako eta naturan uztea nahiago izan dugulako. Ez gara konturatu, kanpoko espezie horiek naturan uztean, bertako espezieei izugarrizko kaltea egiten diegula, eta aberatsa izan zitekeen eremu bat, ekosistema are eta pobreagoa bihurtu dugula guztion artean.
Lakua berreskuratzeko aukera bat izan daiteke, hustu, bertan dauden espezie kanpotar guztiak kendu, urteetan pilatutako zaborra atera, eta euriari, berriz ere, urez betetzen uztea.
Dortoka horiek, arrain gorriak, edota arrantzarako auskalo nork askaturiko black bass horiek baino harrapakari handiagoak gutxi ditugulako gure hezeguneetan. Eta hala, zapoaren alferrikako bidaia han bertan bukatzen delako urtero. Zapoak arrautzak jarriko dituelako, eta agian, zapaburu bihurtuko direlako batzuk, baina horiek ez direlako aurrera aterako. Gizakiak bertan askaturiko espezie kanpotarren elikagai bihurtuko baitira.
Zapoarena, ordea, adibide bat baino ez da. Ekosistema eder bat izan zitekeena, nola suntsitu dezakegun erakusten diguna baino ez. Izan ere, zapoari bezala gertatuko zaio lauhankekoari (uhandre palmatua), zapottikiari (txantxiku arrunta), igel berdiari (ur-igel arrunta) eta egon zitezkeen beste hainbat espezieri.
Santa Barbarako lakuari soluzioa eman nahian
Izan ziren urteak, Santa Barbarako harrobia utzita egon zena. Izan ziren urteak, harrobiko zuloan bertan eremu natural bat sortzen hasi zena bere kasa, eta putzu eta urmael ezberdinak sortu zirena, euren sahats, haltza, ihi eta abarrekin. Izan ziren urte batzuk, non Europa mailan babestua dagoen zapottikiak ehundaka zapaburu ateratzen zituena bertan, eta lauhankekoak bazuena non ugaldu. Gizakiaren begiradatik urruti, naturak bere bidea hartu zuen, eta espezie horientzat erabilgarriak ziren ekosistema berriak sortu zituen. Santa Barbarako harrobiko betelanak hastean, ordea, haiek ere desagertu ziren, eta orain, inguruko esperantza bakarra horixe da: espezie kanpotarrez beteriko Santa Barbarako lakua.
Data esanguratsua aukeratu dute zapoek, euren ugaltzerako migrazioa hasteko: aste honetan bertan igaro da Nazioarteko Hezeguneen Eguna; putzuen, urmaelen, lakuen eta aintziren garrantzia gogorarazten diguna.
Arazoa ez baitago lakuaren inguruan. Badirelako hainbat espezierentzat onak diren bizitokiak. Ikusi dugu martin arrantzalea bertan, bai eta muskerrak, edota Natrix generoko sugeak ere. Arazoa, ordea, ur barnean dago. Gizakiak kudeatu ezean, inoiz berreskuratuko ez den horretan.
Hargatik, eta Nazioarteko Hezeguneen Egunaren gertutasunak ematen digun aukera baliatuta, eta zapoaren adibide deigarria eta ikusgarria hari moduan hartuta, hausnarketarako bide hartu dezakegu gaurkoan. Covid-19ak zerbait erakutsi badigu, biodibertsitatean egiten ditugun kalteak bueltan etorriko zaizkigula delako, eta nazioarteko ikerlariek eta ikerketek garbi adierazten dutelako, etorkizuneko pandemia berriei begira, biodibertsitatea zaintzen hasi behar dugula, hori delako hartu daitekeen neurri onena. Beraz, Amazonasera joan gabe, jarri diezaiegun arreta pixka bat herrian ditugun egoera ezberdinei, eta zergatik ez, hezkuntza arloan landu edota etxean aipatu, betiere galdera eragile bat botaz airera: etorkizunera begira, nolako Hernani nahiko genuke? Zer egin dezakegu Santa Barbarako lakuko biodibertsitatea berreskuratzeko?
Eta orain zer egin?
Aurretik egindako galderaren atzean asko izango dira erantzunak. Izango dira, esaterako, irizpide estetikoen alde egingo dutenak, eta dortokak ikustea polita dela diotenak; baina izango dira, baita ere, gizarte mailan pentsatzen dutenak, eta bertako espezieak ere estetikoki ederrak izan daitezkeela pentsatzeaz gain, lakuak ekosistema oso bat izan beharko lukeela uste dutenak. Eta hala, iritzi asko pila daitezke.
Kontua da, ordea, Santa Barbarako lakua Hezeguneen Lurraldearen Arloko Planean sartzen den gunea dela. Eusko Jaurlaritzak dibertsitate biologiko eta geologikoaren atalean sartzen duena. Hala, gutxienez, begirunez begiratu beharreko lekuaz ari gara hitz egiten, eta planteamendu ezberdinak egin beharko lirateke etorkizunera begira. Hasteko, hori berreskuratzeko aukera izan daiteke bat. Alegia, hustu, bertan dauden espezie kanpotar guztiak kendu, urteetan pilaturiko zaborra atera (bide batez), eta euriari, berriz ere, urez betetzen uztea. Dudarik gabe, proiektu ikusgarria izango litzateke, eta agian, eskolekin edo herritarrekin batera lantzeko aukera bikaina emango lukeena.
Dudarik ez da, ordea, ezingo lukeela lanak bere horretan gelditu. Ondoren etorri beharko litzatekeelako herritarrak informatzeko kanpaina, Santa Barbarako lakua ekosistema moduan balioan jartzea, eta kanpoko espezieak naturan askatzeak dituen arriskuez ohartaraztea herritarrak.
Bestetik, alabaina, aukera sinpleagoa ere badago, gizakiak erremediorik ez duela eta lakua beti egongo dela gaizki pentsatzen dutenentzat: inguruan urmael egonkor bat sortzea, aurretik harrobiko zuloan izan zen bezala.
Horrek, agian, lagunduko du hernaniarrontzat horren gune esanguratsua denari beharko lukeen balioa ematen, eta, benetan, inguruko espezieentzat baliagarria den ekosistema eder bat sortzen bertan. Kontrakoan, Santa Barbarako ermitara doan gurutze-bidean ez ezik, putzuan ere kalbario ederra izango du urtero Hernaniko biodibertsitateak.