Argia aldizkarian argitaratua.
Ez da beti hala izan, baina egun, ia oharkabean pasatzen den animalia da musker berdea (Lacerta bilineata). Ez dugu begi-bistan jada. Baserri eremuak bakantzen joan dira, eta mendian ikusteko, adi egon behar. Hirietan, gutxi izango dira muskerrak ikusteko gune egokiak: zelaiak, laharrak eta bidezidorrak nahasten diren gune aberatsak, edota baso irekiuneak, horma zahar eta egur pilaketa landaretsuak. Baztertu egin dugu muskerra. Gero, denbora arduratu da gure buruetatik desagerrarazteaz.
Hor dago, ordea. Zelaiaren eta laharren berdetasunean ezkutatuta. Berdea kolore deigarria baita, muskerra paisaiaren berdetasunean barneratzen den arte. Begiak prest izan behar ikusteko, edota belarriak bere mugimenduak entzuteko. Udaberriak ekartzen baitu musker berdearen ugal garaia, eta orduan ausartzen baitira koloreak nabarmentzen eta euren segurtasun eremutik ateratzen. Une horretan ikus ditzakegu musker berde arrak buru-lepo aldeko orban urdinarekin emeak erakartzen. Edo borrokan, eremurik egokienak aukeratzen. Guztiak ez baitira eguzkia, elikagaiak, leku segurua eta emeak erakartzeko toki aproposak eskaintzen dituztenak. Eta horrek sortuko ditu borrokak arren artean, eta sumatuko ditugu, agian, ezkutalekuetatik ateratzen, urrezko eremua nork irabaziko. Buru handi eta gorputz sendoko arrak bata besteari horzka eginez, nor baino nor indartsuago.
Emeek gehiago egiten diote kasu euren izen zientifikoari. Eta maiz, bi marra zuri antzeman daitezke gorputzaren bi aldeetara. Bi marra zuri: bilineata. Buru txiki eta gorputz lodi samarrekoak arrautzak barruan dituztenean, ondo zaindu beharko dute euren jakia. Ondo jan izanak, arrautzak ondo garatzea ekarriko baitu, eta harri edo enbor azpietan uzteko aukera izango baitute gero, musker txikiak noiz aterako. Hortik aurrera, alabaina, ama ahaztu egingo da arrautzez (aitak aspaldi egin zuen moduan). Muskerrek, beraz, jaiotzen diren momentutik, bakarrik egin beharko diote aurre bizitzari. Uda amaiera izan ohi da bizi berrien hasiera. Udazkeneko eguzki eta hego haize egunak izango dira musker jaioberrien esperantza. Negua iritsi aurretik, ondo elikatu behar baita gorputza.
Ereñotzun hala jaso izan dugu: «belarrira saltatzen omen zutela entzun nuen, eta ordutik beldurrez ibiltzen nintzen», edo «muskerraren horzka sugearena baino txarragoa da».
Duela hamarkada gutxi arte fama, muskerrak
Muskerra ezaguna izan da, eta izan du bere fama ere, duela hamarkada gutxi arte. Baserri eremuetako eta herri txikietako biztanlea baita muskerra, eta hiriak handitzen eta asfaltatzen hasi garen artean, bista-bistan izan baitu gizakiak. Eta gorde ditu belaunaldiz belaunaldi transmititu diren ezagutzak eta usteak. Kondairak eta kontakizunak, Bernardo Atxagak Obabakoaken erakutsi zigun bezala. Belazean lotan geratuz gero, muskerra belarritik sartu, eta burmuina jateko kapaza dela kontatu ziguten. Ez baitago gizakiaren burmuina baino gauza gozoagorik muskerrarentzat. Eta hala, tontotuta uzten zaitu betiko. Hori zioten, behintzat, Obaba herriko biztanleek ipuinean. Eta hala, musker berdeari ospea eman zioten berriz, liburuaren azalera, pantaila handira, eta Asteasuko Muskerraren Egunera eraman arte.
Fama, alabaina, irabazia zuen aurretik muskerrak, eta belarrira saltatzen zuela ere zabaldua zegoen aspalditik. Ereñotzun hala jaso izan dugu: «Belarrira saltatzen omen zutela entzun nuen, eta ordutik beldurrez ibiltzen nintzen», edota «muskerraren horzka sugearena baino txarragoa da».
Muskerraren ospeak, beraz, gehiago izan du txarretik onetik baino. Arrazoirik gabeko fama txarra, egia esan. Eta hala, oso zabaldua dagoen uste bat ere jaso izan dugu Malerreka, Goizueta eta Hernani inguruan: «Esaten zuten kopetan pegatzen omen zela muskerra saltatuta, eta zazpi herrietako kanpaiek jo behar zutela hura libratzeko!». Eta horregatik, edota benetan arriskutsu fama duenak gizakia beti erakarri izan duelako, muskerra begiratua eta zelatatua izan da leku askotan. Baita harrapatua ere.
1913 urtean, ez dakigu zergatik, Edouard Britten izeneko gazte britainiar bat Hernani inguruan ibili zen. Musker bat harrapatu zuen, eta Londreseko British Museum famatura bidali zuen.
Hernaniko muskerra, Londreseko British Museum famatuan
1913 urtean, ez dakigu zergatik, Edouard Britten izeneko gazte britainiar bat Hernani inguruan ibili zen. Musker bat harrapatu zuen, eta Londreseko British Museum of Natural History museo famatura bidali zuen. Nori eta Europako herpetologiaren aitari: George Albert Boulenger handiari.
Boulengerrek, hainbat espezie deskubritu, deskribatu eta klasifikatu zituen biologo hark, British Museumen egiten zuen lan, eta orduantxe ari zen lanean, historian egin den muskerrei buruzko lehen lan monografiko bikainarekin: 1921ean bi liburukitan argitaratu zuen Monograph of the Lacertidae famatua.
Jakina da garai hartan zientzialariek informanteak izaten zituztela. Alegia, herrialde ezberdinetako laginak ematen zizkieten laguntzaileak. Ez dakigu Edouard Brittenek paper hori betetzen zuen, baina hala izan edo ez izan, britainiarrak Hernanin jasotako muskerrak garrantzia berezia izan zuen Europako musker berdeak deskribatzeko garaian. Izan ere, Boulengerren lanean, Hernani izena behin baino gehiagotan azaltzen da, eta zientzialariak datuak ematen ditu, Hernaniko muskerraren luzera, sexua eta ezkatei buruzko informazio zehatza emanez. Horretarako, Boulengerrek ezkataz ezkata aztertu zuen Hernanin harrapaturiko muskerra. Non eta British Museumean.
Britten gazteak Hernanin harturiko musker arra, Europako Lacerta viridis (egun Lacerta bilineata) muskerraren forma typica barietatearen lehen lagina izan zen. Alegia, Boulengerrek Europan deskribatua zuen, musker berdea Iberiar Penintsulan ere bazela baieztatzen zuen lehen froga. Hala, Europako beste hainbat muskerrekin batera, Boulengerrek hainbat aldiz aipatzen du muskerra bere lanean.
Paradoxikoa dirudi, egun oraindik ere muskerrei buruzko kondairak bizirik dirauen herrian, bertako musker bat izana espeziea zientzia arloan barneratu zuena. Nola begiratzen ote zuten 1913ko Hernaniko biztanleek Britten gaztea, muskerra harrapatzen zuen bitartean?
Paradoxikoa dirudi, egun oraindik ere muskerrei buruzko kondairak bizirik dirauen herrian, bertako musker bat izana espeziea zientzia arloan barneratu zuena.
Musker berdeak, begirada zorrotza
Uda hasierako egun hauek, udaberrikoek bezala, aukera bikaina emango digute begia zorroztu eta musker berde helduak ikusteko. Udazkenak, gazteak eta jaio berriak behatzeko. Isurialde atlantikoan oso zabaldua dagoen arren, Euskal Herri mediterraneoan behera goazela, muskerrak erreka ertzeko eremu hezeak bilatuko ditu, eremu lehorragoak gardatxoari uzteko. Izan ere, musker berdeak beste bi muskerrekin banatu behar baitu eremua Euskal Herrian: Gardatxoarekin (Timon lepidus) eta Schreiber muskerrarekin (Lacerta schreiberi).
Aurrerantzean, kondaira horiek buruan gorde eta muskerra begirunez begiratzea besterik ez dugu. Brittenen jakin-min berarekin, mendian goazenean, begiak zorroztu ditzagun.
Aurrerantzean, kondaira horiek buruan gorde eta muskerra begirunez begiratzea baino ez dugu. Britten gazteak izan zuen jakin-min berarekin, mendian barrena goazenean, begiak zorroztu ditzagun. Horrela, gure begiradak muskerrarenarekin egingo du topo. Ordurako, ordea, hark zeharka begiratuko gaitu. Guk muskerra baino, muskerra bera izango delako gu behatuko gaituena.
«Boulengerrek ezkatak eta gorputzeko neurriak aztertuz sailkatu zituen muskerrak, eta Hernanikoak bazuen berezitasunik»
Barailaren azpian, ohiko hiru ezkata pareak beharrean, Hernanikoak lau zituela nabarmentzen du George Albert Boulengerrek, eta aldiz, 'tympanic' eta 'masseteric' ezkatarik ez duela, gehienek dauzkaten bezala.
Monograph of the Licertidae lanaren bi liburukietan jasotzen ditu George Albert Boulengerrek Hernaniri eta bertan hartutako muskerrari buruzko aipamenak. Eskuineko irudian, esaterako, ikusi daiteke British Museumeko muskerren zerrenda, Boulengerrek erabili zituen horiena; eta bertan ageri da Hernaniko arraren aipamena, Edouard Brittenek bildutakoa.
Bi liburukietan zehar, han eta hemen aipatzen da Hernaniko muskerra. Eta bereziki, haren ezaugarriak aditzera ematen dituenean. Atal horretan, Hernanikoaren datuekin batera, biltzen ditu beste hainbat tokitako muskerrenak ere: Valdeblore, Voslan, Turin, Comana, Modica, Langoiran, Korito, Bozen, Biganos eta Khotz. Guztien kasuan, datu eta neurriak ematen ditu monografikoak; eta hauexek dira Hernaniko muskerrarenak: muturretik kloakaraino, 113 milimetro; buruaren luzera 28 mm, zabalera 18 mm, eta altuera 16 mm; aurreko hanken luzera 38 mm, eta atzekoena 59 mm; oinaren luzera, 30 mm; eta isatsarena, 228 mm.
Ezkatei buruz ari dela, hain justu, bi kasutan egiten dio Boulengerrek erreferentzia Hernaniko muskerrari, oso nabarmen. Batetik, nabarmentzeko ezaugarri gisa aipatzen du, Hernaniko muskerrak lau ezkata pare dituela barailaren azpian, normalean hiru izaten dituztenean. Eta bestetik, azaltzen du muskerrek, normalean, izaten dituztela masseteric eta tympanic izeneko ezkatak, eta kasu gutxi batzuetan, 100etik zazpitan, ez dauzkatela: horietako bat da Hernanikoa.
Horrek ez du esan nahi, noski, Hernaniko musker hori zehazki berezia zenik; baizik eta bertako muskerrek ezaugarri horiek zituztela. Bertako muskerraren eredu hartzen du berak, British Museumen dagoena; eta are gehiago, penintsula osoko Lacerta bilineataren eredu. Izan ere, Boulengerrentzat Schreiber muskerra zen penintsulako muskerra, eta Gardatxoa ere bai; baina ez zekien musker arrunta ote zegoen. Hernanikoa izan zen, horren aurreneko froga.