San Joan jaien xarma

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Sanz Azkue 2018ko eka. 24a, 02:00

Ez naiz ni izango herna­nia­rren­tzat San Joan jaiek xarma be­re­zia dutela ohartaraziko dizuna. Begi-bistakoa da magia berezia dutela. Bertan bizi denak, edo urtetan festez gozatzeko aukera izan duenak, denek aurkitzen diete zerbait apartekoa ekain amaierako egun hauei. Pertsona bakoitzak izango du bere arra­zoia: uda hastear delako, festa-giroa nagusitzen delako, herrian alaitasuna sumatzen delako, edota beste mila arrazoiengatik, San Joan jaiak bereziak dira; ez dute parekorik.

Motibo ezberdinengatik fes­tez gozatzeko aukerarik ez due­nak, nostalgiaz begiratuko du Her­nanira. Begirada bakoitzak, ordea, ezberdina izango du ikus­pegia. Izango dira txarangako saltoez, musikaz eta alaitasunaz gogoratuko direnak. Izango dira, txosnetako atmosfera lau­so­­a­re­kin amets egingo dutenak ere, edota axeridantzako maskurien danbatekoak faltan botako di­tuz­­­tenak. Etxekoen besar­ka­dak, San Joan eguneko bazkaria, koa­drilen eguna, parranda, dan­bo­rra­da, San Joan sua, aurres­kua, txistularien musika, kaleko sal­tzai­leen postuak, meza nagu­sia, akelarrea, barrakak, elizako kan­pai hotsak edota Tilosetako gaue­­ko dantzaldia. San Joane­­tako egu­nak denontzat ber­dinak badira ere, bakoitzak ezberdin bizi bai­titu herriko festak; ez baita bera denok aurkitzen diogun xarma.

Gure buruak ere urtetan San Joan jaietan bizitako une txikiak betiko gorde ditu. Nahi gabe sar­tu eta sortu diren momen­tuak dira. Asko, noski, esperientzia per­­tso­na­lek batzen eta eraiki­tzen dituz­tenak. Beste asko, ala­baina, San Joan jaiek ezkutuan dara­maten xarma berezi hori agerian jartzen dutenak; kontu­ratu gabe, isilean pasatzen diren ñabar­du­ra txiki horiek. Urteetan zehar festa hauen testuinguru osa­tu­rikoak, bigarren planoan, buila askorik atera gabe egon direnak.

Hor dira esaterako, axeri dan­­­tzako txistu hotsa hasi aurre­ko isiltasunean plazako sorbeltzen kantu ozenak; kale nagusian gora eta behera, tal­de­an doa­ze­la, goizeko lehen­da­bi­ziko eguzki printzak alaitzen dituztenak. Edota portaletako lizar adarrak, herriko ahozko on­da­reak dioen moduan, tximis­tak jotzen ez duen arbolari lapurtu­ri­koak. Urteak daramatzate San Joan jaien parte izaten. Horiek ere badira gure festak osatzen dituzten atmosferaren parte.  

Baina bada urtetan askori oharkabean pasa izan zaigun zer­bait. San Joan jaietan gertatu ohi da, eta ekaineko solstizioari magia puntu handiagoa ematen dio. Egun eguzkitsuetan, ilundu aurretik gertatzen da. Atzieta ka­­­lean dagoen Karkabarako sa­rreran jartzen bazara, ikusteko aukera izango duzu. Urtero, egu­nak gauari testigua ematen dion azken une horietan eguzki-izpiek marra zuzenean zehar­ka­tzen dute Karkaba kalea. Tilo­se­tatik hasi eta Atzietaraino doaz, Karkaba horretarako pentsatua, orientatua balego bezala. Kaxko­ra­ko arkuaren azpialdean dau­den herritarren begiek bete-be­tean jasotzen dute argia. Atzie­ta kalean, San Juan suak duen in­dar berdinarekin amaitzen dira egunak ekainaren hondarretan. 

Ez galdu ikusteko aukera. Hori ere bada eta San Joan jaien xarma ezkutua.

 

Nagore Legarreta

Argiak badu memoria, gaitasuna du gogorarazteko bizipenak, sentsa­zioak. Esaterako, ekaina bukaera honetan Kale Nagusitik gora, Kar­ka­bara gerturatzean begiak itxiarazten zizkidan argi gorri intentsu hura eta harekin batean, kalean atzera eta aurrera zebilen jendea eta haien silueta beltzak, bereziki alai eta bereziki dizdiratsu, San Joanak badatozela iragarriz.

Aztekek eguzkiari piramidea egin zioten bezala, pentsatzen dut Hernaniri kaleak jarri zizkiotenek ere eguzki izpi hura kontuan hartura jarri zituztela, urteko egun batzuetan gertatzen den milagroa, argi gorria Herriko Kaxkoa alderik alde zeharkatzen, San Joanak badatozela gogorarazten.

Poxpolo kaxarekin eraikitako kamerarekin erretratatu nuen argi hura, giro hura, duela urte pare bat edo. Pentsatu nuen sua pizteko txotxak jasotzen dituen kaxa hura ezin egokiagoa zela udako solstizioa iragartzen duen suaren pareko argia gorria jasotzeko.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!