Oteak dirua balio zuenean

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Sanz Azkue 2018ko mai. 5a, 02:00

Izatekotan, egun ez dira asko izango baserrirako otea mozten jarraitzen dutenak. Baina hori egiten zela gogoan dutenak oraindik badira, eta ez gutxi. Ba­tzuk, aitona-amonen edo gura­so­en garaian ikusia dutelako, eta besteak, beraiek gaztetan lan hori egin beharra izan zutelako. 

Egun otea ikustea ez da zaila. Gure basoak ordezkatzen dituzten sastrakadiak osatzen ditu, eta sarri bide eraiki berrien ezpondatan ere agertu ohi da, batez ere isurialde atlantikoan. Baina dokumentu zaharrek esaten dutenaren arabera, XVI. eta XIX. mendeen artean otea baliabide preziatua zen. Etxeko erabilerarako mozten zela kontu jakina da; nola, non eta zein baldintza edo arauen menpe mozten zen, ordea, lekuaren, urtearen eta beste faktore ba­tzuen arabera aldatu egin zitekeen. Bere mozketa bizilagunen eta udalen arteko ika-miken iturri ere hasi zen izaten herri batzuetan, eta beraz, ez ziren gutxi izan bere ustiaketa arau­tzeko hautua egin zutenak. 

Hori guztia egiaztatzen dute, esaterako, Hernaniko Udal Ar­txi­­boko dokumentu zaharrek. Ho­rien arabera, XVI. eta XVII. mendeetarako otea mozteko baimena eskatu beharra zegoen udalean, eta erreal bat ordaindu moztuko zuen per­tsona bakoi­tzak. 

Chillida-Leku: otea eskulturen ordez
1663an, egun Chillida-Lekun da­go­en Zabalaga baserrian ez zen eskulturarik izango, baina otea, itxuraz, bazen. Sevastián de Za­va­legui zen garai hartan Za­ba­la­gako jabea, eta orduan ere, izan ziren saltsak paraje horietan. 

Hernanin, beste herri askotan bezala, otea herri-lurretan mozten zen. Eta Sevastián de Zavaleguiri bere barrutiko, Artigako herri-lurretan moztea zegokion; eta hala egin zuen: moztu eta idiekin etxera eraman zuen; baina debekatua zegoen lekuan ebaki ostean, eta udalaren baimenik gabe, gainera. Horrek auzia sortu zuen, Valladolideko kantzelaritzara ere iritsi zena. 

Hernaniko Udalak helegitea jarri zion, eta Zavaleguik lekukoak eraman zituen, Artigako lurretan abereei jaten emateko eta simaurra egiteko (ez, karobietarako) betidanik otea baimenik gabe moztu izan zela defendatuko zutenak. Eta udalaren kontra egin zuen, Uru­me­ako zilegimendietako basoetan zegoen egur guztia burdinolentzako ikatzerako erabil­tzen zenez, otea moztea debekatzea behartsuen kontrako neurria zela esanez. 

Udalak ere gogor erantzun zion Zavaleguiri: herritarren ordezkarien arteko bilera batean hartu zela Artigan oterik ez mozteko neurria, eta Sevastián horren jakitun zela.

Gainera, berak mozturiko oteagatik herri-lurra oterik gabe utzi zuela behartsuenen kalterako. Araudia betetzen ez zuenak ordaindu egin behar zuen: per­tsona batek igitaiarekin egunean moztu dezakeen ote kopuru bakoitzeko 2000 marabedi.

Otearen ustiaketak, beraz, lis­karrak sortzen zituen XVII. menderako, eta kasu batzuetan, ez nolanahikoak gainera.

Ote guztiak ez dira berdinak: otebeltza, otezuria... Eta otaberria
Otearen ustiaketaren saltsak ez ziren bere horretan geratuko, itxuraz. Izan ere, urte ba­tzuk beranduago, 1735ean, Her­naniko Udalak dekretua atera zuen herrian otea mozteko debekua jarriaz: ni corte en lo Concejil de esta villa argoma alguna negra ni blanca…; eta soilik abereei jaten emateko edo sukalderako hartzea baimentzen zuen, beti ere neurrian moztuta. Itxuraz, Lasar­ten (artean Hernaniko lurretan zena), abereentzat biltzen zen otebeltza (Ulex gallii) mozteko aitzakian, azken urteetan otezuria (Ulex europaeus) moztu zuten simaurra egiteko, karobietarako eta arragoetarako, mendia oterik gabe utziaz eta «sarraskia» eraginez. 

Hurren­go urtean, 1736an, herritar ba­tek baimena eskatu zuen otea moztu eta horrekin simaurra egiteko. Udalak, au­rreko urtean jarritako debekua behartsuen kalterako zela jakinik, eta herritarrak oraindik ere ebakitzeko eskaerak egiten ari zirela ikusita, otea mozteko baimena eman zuen; baina soilik beltza, ez, ordea, otezuria ezta otaberria deiturikoa, urteko landarea zena, eta sa­murra zenez ganaduari jaten emateko erabiltzen zena. Ote beltza ebakitzeko arau batzuk jarraitu behar ziren, gainera: moztu aurretik udalari mozketa lekua eta ote kantitatea ze­haztu behar zitzaizkion lizen­tzia eskuratzeko. Mozketa, gainera, landazainaren ikuskari­tza­pean egingo zen, eta bere jornala eskatzaileak ordaindu beharko zuen. 

Otea mozteko araudia, Pulpitotik
XVIII. mendearen erdialdera araudia aldatzen joan zen, eta horrela, 1745-60 artean, landarea mozteko 4 hilabeteko epea jarri zen, azaroa eta otsaila ar­tean, eta lau pertsonek moztu zezaketena baino ezin zitekeen ebaki, beti ere lekua eta ote kantitatea zehaztuaz. Otea moztu ostean 20 eguneko epea zegoen jasotzeko. Gainera, otaberria soilik simaurra egiteko ebaki zitekeen, eta beti ere udalaren baimenarekin. Su­kal­deetarako egur eskasia zela eta, karobietarako otea moztea debekatua zegoen. Araua ir­moa zen.

Betetzen ez zuenak isu­na jasotzeko arriskua zuen; eta hori jakinarazteko leku apro­posena herritar gehienak el­kartzen ziren gunea zen: eliza. 

1760ko abenduaren 7an La­sarten ospatu zen igandeko me­zan, bikarioak udalak harturiko erabakia irakurri zuen, eta ordainsaria jaso zuen horren truke. Erabakian arau guztiak azaltzen zituen, eta garbi zioen hartutako neurriak aurretik egindako bilera askoren emaitza zirela; ondo hausnarturiko erabakia zen, beraz. Otearen ustiaketa ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. 

Izan zuen garrantziaren erakusle da ere, 1790ean txilarra mozteko eskaera egin zuen herritar bati baimena eman zitzaiola, baina horretarako aitzurra erabiltzera behartu zutela, inguruan zegoen oteari kalterik egin ez ziezaion. Egi­ten bazuen, gainera, dirua or­dain­du beharko zuen. Bitxi­ke­ria moduan, gainera, mozketa irailaren 12tik aurrera egitea derrigortzen zuten, inguruan zegoen iratzeari ere kalterik egin ez ziezaion. 

Tentsioa, Hernani eta Astigarraga arteko mugan
XIX. mendean otea mozteko beharrak bere horretan jarraitu zuen, eta bizilagun asko izan ziren eskaera idatziz egin zu­tenak, batez ere 1840tik au­rrera. Eskaera gehienak ne­gu­an mozteko ziren, landareak lorea bota aurretik, eta ia kasu guztietan karobietan erabiltzeko asmoa zuten. 

Nicolas Arbelaiz hernaniarrak, esaterako, 10 gurdi zakar (otea, iratzea, sasia nahastua...) mozteko baimena eskatu zuen. Horiekin 50 gurdi kare egin nahi zituela zioen, izan ere, aurreko sei urteen uztaren ekoizpena asko jaitsi zitzaiola eta, bere lurrek kare premia handia zutela zioen. Baina Ni­colasen eskaerak bezalakoak asko ziren, 20-30-40 gurdi ote ebakitzeko baimena eskatu zu­tenak, eta noski, honen trukean, «ohitura zen bezala, zegokiona ordainduaz», zioten. Bai­na karobietarako ez ezik, izan zen teila eta adreilu fabrika ireki berriarentzako erregaia falta izan zuenik eta otea mozteko eskaera egin zuenik ere.

Arauak jartzeak, ordea, az­pikeria ere ekarri zuen atzetik, eta liskarrak ez ziren bukatu. XIX. mendearen erdialdera, As­ti­garragako alkateak Herna­ni­ko­ari eskutitz ofiziala idatzi zion. Bertan, adierazten zion As­tigarragarekin muga egiten zuten baserritar hernaniarrak behin baino gehiagotan otea la­purtzen harrapatu izan zi­tuz­­tela euren herriko lurretan; eta hori saihesteko, Hernaniko alkateari neurriak hartzeko eskatzen zitzaion, gainontzean, eurek gogortasun handiagoz jokatuko zutela esanez. 

Urte gutxira, Hernaniko alkateak bandoa atera zuen otea era neurrigabean mozten zela esanez, eta hori aldatu ezean, legeak zioen moduan udalak neurriak hartu beharko zituela adieraziz. 

XIX. mendearen amaieran otea mozteko eskaerak behera egin zuen Hernanin, eta egun bizirik diren testigu zaharrenek ebakitzen zela gogoan duten arren, ez dute horren kontura izandako arau edo liskar berezirik gogoratzen XX. mendean. Otearen beharrak behera egin zuen moduan, horri loturiko ika-mikek ere bide bera hartu zuten, eta landare arantzadunari loturiko ustiapenak eta erabilerak bere lekua galdu zuen, pixkanaka euskal gizartearen memorian zimeltzen bukatu arte. 

 

IBILI ZIRENAK

Ote mozten Hernanin

Aspaldiko kontuez ari garela dirudien arren, oraindik ere ba­dira Hernanin otea mozten ibili izan direnak eta gaia gertutik ezagutu dutenak. Ere­­ño­tzu auzoko baserri batean egin dugu zita gaurkoan. Su­kal­­deko mahaiaren bueltan kontu ha­ue­taz hitz egitea beti da plazera. Eurek ere moztu izan dute otea, bai; baina bes­te landare batzuekin na­has­tuta: «guk za­ka­rra mozten ge­nian ganadu­arentzat azpiak egiteko». Zaka­rra zeri deitzen zioten galdetuta, segituan erantzun dute: «zakarra ez duk otea bakarrik. Zakarra duk, otea, mullua, zingira-belarra eta iñistorra; de­na batera!».   

Udazkena etorri eta egiteko asko izaten zen baserrian, eta haienean ere ez zen lanik fal­ta. Irailean iñistorra edo garoa moztu beharra zegoen, eta as­ko­tan urrira arte luza­tzen zi­ren egitekoak. Urrian, alabaina, sa­garra ere bildu beharra zegoen. «Eta horrela ibiltzen gintuan, eguraldiaren arabera lanak banatzen: euriarekin sagarra biltzen ge­­nian, eta ateri zenean, ordea, iñistorra moztera joaten gintuan». Lan horiek amai­tuta, azaroa iristen zen, eta negurako prestatu beharra zegoen ukuilua. «Aza­roa izaten huen Oindira zakar bila joateko garaia. Han egunak pasa­tzen genizkian». Otea­ren aran­tzak, ordea, ez dira gustuko kontua galtzerdi barrura sartuz gero, eta garai hartan, abarkak eta galtzerdia besterik ez, eta akaso amantarrak eramaten zituzten soinean, eta ondo au­keratu behar zen ebakitzeko eguna. «Hego haizearekin ez genian mozten zakarrik. Otea lehorra egoten duk eta gogorra, eta arantzek min eman dezakete. Hobe izaten duk lainotua eta iparra denean joatea».

Segatzeko makina iritsi bi­tartean, 1967-68 inguru arte, segarekin mozten zuten zaka­rra, eta beraz, otea. «Guk ez ge­­nian igitaria usatzen». Go­go­an dute, esaterako 1965eko urtea: «hil osoa pasa genian mozten. Gure aita gertuko base­rriren ba­teko norbaitekin joa­ten huen goizetik Oindira, eta ondoren, eguerdian, idi-parea hartu eta haien bazkariarekin joaten nin­duan ni. Oindi, ordea, aldapatsua duk, eta zakarra narrarekin arrastaka jaitsi eta gurdira bota­tzen genian. Ahal ba­zen, egunean bidai bat egiten zen». Otea eskuarekin heltzeko ordu­an, arantzekin kontuz ibili beharra zegoen: «txapela esku­an jarri, eta horrekin heltzea iza­ten huen onena!», esan di­gu­te. Sasia zegoen to­kian, ardi-larruarekin esku­ak babesten zituenik ere ezagutu zutela esan digute Ereño­tzun. Zaha­toa­ren larrua ere erabili zuenik bazela esan diegu, baina eurek ez omen dute halakorik ezagutu. Base­rri bakoitzak be­re sistema zuen; kontua eskuan aran­tzarik ez sartzea zen.

Belar-metak, iñistor-metak eta... zakar-metak!
Baserrira iritsita, ordea, la­nak ez ziren bukatzen. Bildutako otearekin, zakarrarekin metak egin beharra zegoen. «Hiru meta klase egiten genizkian: belar-metak, iñistor-metak eta zakar-metak. Etxe inguruan izaten hituen iñistorrarenak eta zakarrarenak. 14 bat egingo genizkian urte har­tan, biak gehituta. Belarrarenak, ordea, 18-20 gehiago».   
    
Ondoren, azpitarako era­bil­­­tzen zuten zakarra. Eurek ez zu­ten ganaduari jaten ema­te­ko erabiltzen otea. In­gu­­ru­ko ba­­serrietan, ordea, ba­da­kite egiten zela. «Haiek, ga­naduari eman aurretik, otea jo behar izaten zuten; eta ho­rretarako, tramankulu be­re­ziak erabiltzen ziren: otaska eta trabiesa».

Jauregi auzoan dagoen Txa­netenea baserriko Julian Apaolazak, ezagutu zuen otaska baserrian. Azaren, aza-lo­rearen eta arbiaren hostoa, pa­­gotsa… txikitzeko erabiltzen zuten, berak ezagutu zuenera­ko. Baina ote bila ere joaten ziren, behiek tiraturiko gurdi­a­­rekin; udazkenean Errekal­de ingurura, eta udaberrian Anda­tzara, hipodromotik gora: «otezuiya axkorarekin moztu eta egurretarako, sutarako era­biltzen genian. Su bizia dik! Baina batzuetan otea beste landareekin nahastua egoten huen mendian (zakarra dei­tzen zaiona), eta kasu horretan segarekin mozten genian». 

Ereñotzun bezala, Julia­nen etxean ere hiru meta mota iza­ten zituzten: «belarra, garoa eta zakarrekin egiten genizki­an metak. Azpitarako, Oindi-menditik ekarritako garoa, gure etxe ondoko basotik jasotako orbela eta lehen aipaturiko zakarra erabiltzen genizkian».

Guztiz aldatu da ordutik gi­zartea; eta horrekin batera, Her­naniko paisaia. Metez in­gu­­raturiko baserririk ez da ikusten egun; metaren bat duenik ere, dagoeneko, gutxi. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!