Esku artean duenari zein soinu dagokion jakitea da joaregilearen lana. Eta belarriak erabakiko du eskuek egindakoa egokia den ala ez; berak gidatuko ditu eskuak joarea ondo egitera; joarea belarriarekin egiten baita. Apezetxeatarrenean aitonak hasitakoa bilobak darama orain. Maite dute euren ofizioa; nola gainera! Artzainak, beraz, lasai egon daitezke. Goizuetako joaregileak belarria galduta ere, bihotzarekin egingo bailituzkete joareak.
Aitona Bixente Apezetxea (Leitza Ibero, 1882) izan zen familian aurrena joareak egiten. Zentralean lanean ari zela, ‘karoia’ gastatua zuen joare bat ekarri omen zieten, eta zentraleko arduraduna mekanikoa izanik, berak konponduko zuela esan omen zion Bixenteri. «Eta egin zion karoi berria, baina joareak soinua galdu! ‘orain non da soinua?’ galdetu omen zion Bixentek enkargatuari», esan digu Joxe Antonio Apezetxeak (Goizueta, 1928), Bixenteren semeak. Bixente artzaina zen, eta bazekien zer soinu zegokion ekarri zieten joareari. «Enkargatuak konpondu, baina gure aitak paratu omen zion berriz soinua joareari. Horrela hasi zen joaregile lanetan!».
Aitona Bixenteren garaian 200 arditik gora omen ziren baserriro. Eta bertan, Goizueta inguruan saltzen zuten joarea. «Gero akitu ziren ardiak eta artzainak, eta kotxerik ez aitak kanpoan saltzeko, eta utzi zuten. Orduan hasi ginen anaia eta biok» esan digu Joxe Antoniok. «Aitak lana zaila zela esaten zigun, baina bera etxean ez zen batean anaiak eta biok joare bana egin genuen. Bageneukan soinua hartua belarrietan eta! Aita harrituta geratu zen, eta hala hasi ginen 1947an, bere kontseiluak segituz. Beste anaiak utzi, baina anai gaztea, Juan, hasi zen gero, eta orain horren semeak egiten ditu joareak Lekunberrin».
Joxe Antonio, aita, Jexux Mari (Goizueta, 1964) semearen tailerrean izaten da sarri. Jexux Mari da joaregilea orain, eta berak darama ardura.
Inportantea soinua baita
Joxe Antoniok gogoan ditu hasierak: «Joareak egiteko latoia ezin bilatu ibili nintzen, eta azkenean Bilbon aurkitu nuen». Joarea egiteko neurri jakineko txapa behar baita. Jexux Mari semeak azaldu digu: «Joarea ez da, hartu eta egin. Ze luzera, ze zabalera eta ze txapa lodiko den… gauza asko ikusi behar dira. Txorakeria dirudi, baina ez da gauza bera 0,8 milimetroko txapa edo 1ekoa. Jendeak ez du ulertzen bi milimetro nahikoa dela joareari soinua aldatzeko».
Joxe Antonio eta Jexux Mari zorrotzak dira soinuarekin. «Bada jendea joarea nondik heldu ere ez dakiena. Horientzako igual-igual da soinua. Baina artzaina bada igarriko dio, eta guk behar duen soinua jarri behar diogu joareari», esan digu Joxe Antoniok. «Eta soinua entenditu egin behar zaio joareari; joare bakoitzak bere sekretua baitu».
Joare soinuaren sekretua
Artzainak aziendari jartzen dio joarea, non dabilen jakiteko. Eta artzainak jakiten du normalean zer nahi duen. «Batzuek soinu fineko joarea nahi izaten dute, kanpai txikiaren tipora, dinnn egiten duena. Beste batzuek, ordea, lodia, urrutira hobeto entzuten baita. Motelak ere deitzen diegu beste batzuei; horiek soinurik gabe geratu diren joareak dira».
«Badira artzainak etorri eta soinu bereko 30 joare eskatzen dizkigutenak. Nik 30 berdin ateratzeko 100 egin behar izaten ditut askotan», esan digu Jexux Marik. «Izan ere, joarea labetik atera ostean, zein soinu duen ikusi behar izaten da, eta gero nahi den soinua paratu behar zaio. Joareari soinua joka moldatu behar zaio, joka ekarri mailuarekin». Musikariak instrumentua afinatzen duen moduan, joareari ere dagokion soinua jartzen ibiltzen dira joaregileak.
Askotan soinua artzainaren kapritxora egin behar izaten omen dute. Artzainak ardiak dituen lekuaren arabera, edo duen ohituraren arabera, askotan, joare soinu jakin bat nahi izaten du. Urumea bailara, esaterako, oso malkarra da, basoz, iratzez eta sasiz betea. Gune horietan sasi-ardiak dira nagusi, eta horrenbeste landaredi artean zailak izaten dira ikusten. Hau dela eta, inguruotan soinu ezberdineko joareak nahi izaten dituzte artzainek, ardi bakoitza soinuagatik ezagutzeko. «Artzainak ardia joare gabe badu, pauso asko alferrik eman behar ditu», esan digu Joxe Antoniok irribarrez.
Bi soinukoak eta soinu bakarrekoak
Jexux Mariren arabera, artzainak ardi bakoitza bere soinuagatik ezagutzea posible da: «Joare bakoitzak soinu diferentea du, izan tamainagatik edota batzuetan, tamaina beraren barruan ere soinu finagoak edo lodiagoak izaten direlako».
Badira joareak mingainak txapa jotzean bi soinu ateratzen dituztenak ere. Horiei bi soinuko joareak deitzen diete. Urumea bailaran esaterako estimatuak dira oso, mota horietako joareak errazagoak baitira entzuteko, eta beraz, sasi-ardientzako aproposak. Soinu batekoak, artaldean ibiltzen diren ardiak dituzten artzainek nahi izaten dituzte maizago.
Ba omen dira ardiari joarerik jarri nahi ez dioten artzainak ere. Joxe Antoniori behin artzain batek esan omen zion: «Joareak ez dik ardia egiten», eta Joxe Antoniok erantzun: «gizonik ez duk gorbatarekin egiten baina makina batek erabiltzen ditek!». Zer erantzun jakin gabe alde egin omen zuen artzainak…
Joxe Antonioren belarri finak
Joaregilea ez ezik, artzaina ere izandakoa da Joxe Antonio, eta Jexux Mariren arabera, bere aitaren belarria bezalakorik ez omen du ezagutu. «Aitak soinuaren arabera ezagutzen ditu joareak, eta kontuan izan joareen barruan mota askotakoak daudela: zintzarria, kalaxka, borobila, dunba… 100dik gora modelo daude!».
Behin Eibartik telefonoz deitu omen zion gizon batek Joxe Antoniori. 50 joare borobil behar zituela esan omen zion; hark etxean zuen joare bat bezalakoak denak. Joarea erakusteko Goizuetara joan eta buelta egitea, ordea, gehiegi zela, eta ea nola egin zezakeen galdetuta, Joxe Antoniok zera esan zion: «Jarri joarea telefonoan eta astindu». Entzun orduko, Joxe Antoniok «hori hiruko borobila duk» bota omen zion. Egun batzuetara gizona Goizuetara joare bila etorri zenean barrez esan omen zion «hik telefonoz asmatu duk ba!». Soinu eta neurri jakineko joareak nahi zituen, eta Joxe Antoniok biak asmatu zizkion telefonoz, belarriarekin. 50 ordez, 60 eraman omen zituen.
Semeak miresmenez hitz egiten du aitagatik. Kontatzen digu aita etxeko terrazan jarri, eta mendian beste maldan zeuden ardien joare motak eta neurriak igartzen zituela. «‘Hori dunba 3’ esaten zuen, eta asmatu! Kontuan izan dunba 3 eta 4aren artean zentimetro bakarreko aldea dagoela tamainan, eta berak belarriarekin asmatzen zuen. Orain entzumena galdu du adinarekin baina».
Belarri fina izateaz gain, ordea, entrenamendua ere bazuen Joxe Antoniok, eta irribarrez kontatu digu: «10etako mezetan elizan ginenean, artalde famatuak baziren Goizuetako plazatik pasatzen zirenak joareekin soinu ederra eginez. Elizan adi izaten nintzen, artaldeak noiz pasako, ze artzain izango zen joare haiekin…».
Inguruotan soinu ezberdineko joareak nahi izaten dituzte artzainek, ardi bakoitza soinuagatik ezagutzeko.
Joare bereziak eta gustukoenak
Aita-semeak ez dira guztiz ados jartzen joare kuttunena aukeratzerakoan. Biei ‘Dunba’ edo ‘Pulunpa’ izenekoa gustatzen zaie, 7-8 tamainakoa. «Ardi ederra bada, joare horrekin artzaina ere gustura joaten da!». Baina aitak soinu lodiagoak ditu gustuko, eta semeak finagoak.
Soinu oso finekoen artean dago ‘txintxa’ edo ‘behi-joarea’. «Diotenez erbinudeak errapetik hozkatzen omen du behia, baina txintxak oso soinu fina duenez, hori jarriz gero erbinudeari min eman, eta ez omen da behira gerturatzen», kontatu digute.
Badira gutxi egin behar izan dituzten joareak; berezien artean ‘zerri-joarea’, esaterako. Lehen asko izaten omen zen zerria Goizuetan, eta askotan mendian libre, gainera. Garai hartan, belarrian jartzen zitzaien zerri-joarea: «Zerria ezkurrean denbora guztian mugitzen aritzen da, eta zerri-joarea ez da isiltzen. Horregatik, berritsu samarrak direnei ‘zerri-joarea bezalakoa haiz!’ esaten zaio».
Joaldunentzako ere egin izan dituzte. Aspaldian ez, ordea, joare txikietan baitaude espezializatuak. Azkenak duela 30 urte inguru egin zituzten, eta bat badute oraindik etxean, mimoz gordetzen dutena. Joaldunen artean oraindik beraiek egindakoren bat egongo dela pentsatzen dute, zainduta ondo kontserbatzen baitira.
Jexux Mari Apezetxea: «Aitak soinuaren arabera ezagutzen ditu joareak, eta kontuan izan joareen barruan mota askotakoak daudela: zintzarria, kalaxka, borobila, dunba… 100dik gora modelo daude!».
Etorkizunaz hitz egitean amaitzen da soinua…
Galdetu diegu etorkizunaz, baina ez dute erantzuten jakin. Jexux Marik dio lana badagoela. Momentu askotan ezin iritsi izaten omen da. Huescatik, Frantziatik eta Europako beste herrialde askotatik iristen zaizkio eskaerak gehien bat. Ferian ere asko saltzen omen da bere joarea. «Joaregile gutxi gaude, eta nik gainera txapa lodiarekin egiten dudanez, gero eta eskaera gehiago ditut». Baina ez daki zein izango den etorkizuna. Hiru belaunaldiren ostean, ordenagailuek hartu omen dute eskulanen lekua, eta gazteak erakartzea zaila omen da. Euren lantokian, ordea, izaten omen dira ingurukoak laguntzen, beraz, etorkizunak esango du aitonak hasi zuen soinuak zenbaterako oihartzuna izango duen Apezetxeatarren etxean.
Erreportajea osatu ondoren, Iñaki bera konturatu zen, Elhuyarren hiztegian ez zeudela jasota 'joaregile' eta 'joaregintza' hitzak.
Eta horregatik, beraiekin jarri zen harremanetan. Azaldu zioten, arlo horretan hutsune bat zeukala hiztegiak, eta berari esker konturatu zirela.
Dagoeneko txertatu dituzte bi hitzak, eta 'joaregile' hitzaren sarrerak, honela dio:
iz. fabricante de cencerros
Goizuetako joaregileak: los
fabricantes de cencerros de Goizueta
Alegia, hitzaren adibide gisa, Goizuetako joaregileak txertatu dituzte.
Joareak urratsez urrats
1. Txapa moztu, egin nahi den joareari dagokion tamainan.
2. Kolpeka, txapari joarearen forma eman. Kontuz ibili beharra dago, gehiegi bildu edo behar baino estuago egiten bada, soinua aldatzen da.
3. Belarriak atera eta karoia jarri.
4. Behin forma emanda, latoia jarri. Joare bakoitzak, dagokion latoi gramo kopurua du. Ondoren, paperean bildu eta buztina jarri, lastoarekin nahastuta.
5. Labera sartu 1.340 gradu inguruan, beti ere tamainaren arabera.
6. Labetik ateratzean buztina kendu, lehortu, eta leundu.
7. Ondoren, zein soinu duen ikusi, eta soinua jarri, afinatu.
8. Mingaina erantsi larruarekin, barrengoan sartuta.
9. Eta bukatzeko, uztaia gehitu.