IÑAKI SANZ-AZKUE (Argia aldizkarian argitaratua)
Ereñotzuko Auzo Udalak bizimodua auzolanean proiektua jarri zuen martxan 2015ean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailaren laguntzarekin. Honen barruan bildu nahi izan du Harrapazka Egunari loturiko ezagutza eta historia.
Harrapazka Eguna iñistorra ebakitzeko egun berezia zen, eta ohiturak orain dela 75 urte arte iraun zuen; 1941ean egin zen Hernanin azken aldiz, gaurko egunez hain justu, irailaren 10ean. Ereñotzuar askok entzuna duten arren, oso gutxik daki zer zen zehazki. Aranzadi Zientzia Elkarteak, Dobera Euskara Elkartearen laguntzarekin, egun berezi hau bizi izan zuten azken testiguak aurkitu, elkarrizketatu eta grabatzeko ahalegina egin du. Horri guztiari, artxiboko dokumentu zahar eta datu bibliografikoak gehitu dizkio.
Duela gutxi utzi gaituen 98 urteko Hipolito Arregui eta 92 eta 90 urteko Antonio eta Pedro Santa Kruz anaiak izan dira gure testiguak. Hernaniko Harrapazka Egunaren azken testiguak.
Horren bueltan, gainera, ekitaldi berezia egingo dute irailaren 24an, Ereñotzuko Auzo Etxean. 09:30etan hasita, bideo emanaldia izango da aurrena; eta ibilbide gidatua ondoren, Akolatik Igoin-sasira, Harrapazka Eguna egiten zen mendietako pistetatik barrena.
Harrapazka Eguna iñistorra ebakitzeko egun berezia zen, eta ohiturak orain dela 75 urte arte iraun zuen. Horren bueltan, ekitaldi berezia egingo dute Ereñotzun, irailaren 24an.
Baina zer zen Harrapazka Eguna?
Harrapazka Eguna iñistorra ebakitzeko garaiari irekiera ematen zion eguna zen. Hau ospatu arte debekatua zegoen iñistorra moztea, multa jasotzeko arriskuarekin gainera. Egun handia zen zinez, zituen berezitasunengatik, eta baita zuen garrantziagatik ere.
Iraileko amabirjin egunaren (irailak 8) inguruan ospatzen zen urtero, iñistorra gorritzen hasten zen garaian. Udalak bandoa ateratzen zuen, herritarrei noiz eta non izango zen jakinarazteko, eta bertara nahi zutenek joateko eskubidea zuten, herri-lurretan egiten baitzen. Askorentzat iñistorra doan ebakitzeko eguna zen; Udalarentzat, aldiz, iñistorra moztea kudeatzeko edo erregulatzeko modua zen. Izan ere, Harrapazka Egunak bere legeak zituen eta horiek ez betetzeak zigorra zekarren.
Familia bakoitzetik bi-lau (urtearen arabera) pertsonak baino ezin zuten parte hartu, eta bertara igitaia baino ezin zitekeen eraman iñistorra mozteko.
Egunean bertan, landazainak agindutakoan hasten ziren denak ebakitzen. Bakoitzak bere eremua markatzen zuen aurrena bertako iñistorra moztuaz. Lehia estua izaten zen: aldamenean zeudenek baino azkarrago moztea garrantzitsua zen, norberaren eremua handiagoa izateko. Zenbat eta azkarrago moztu, orduan eta handiagoa partzela. Hori zen harrapazka, hitzak berak esaten duen moduan, ahalik eta gehien, ahalik eta azkarren ebakitzea, etxera iñistor gehiago eramateko. Behin buelta guztia markatuta, barrukoa mozten hasten ziren.
«Aurreneko egunean igitaiarekin moztea baino ez zen libre izaten», esan digu Hipolitok. Iluntzen zuenean ematen zitzaion amaiera Harrapazka Egunari. Hurrengo egunean, leku eta ordu berean, iñistorra mozten jarraitu zezaketen, «baina segarekin moztea baimentzen zen». Horrela, iñistor guztia ebaki arte, edo nahikoa hartu arte irauten zuen kontuak.
‘Aaldiya’ eta Harrapazka Egunaren ondoren, ebaki eta mendian lehortzen utzitako iñistorraren bila gurdiekin joateko garaia iristen zen.
Bitxikeriz beteriko egun garrantzitsua
Gure testiguek kontatzen digute nola urrutieneko baserrietakoek orduak egiten zituzten goizean Harrapazka Eguna egiten zen eremura iristeko. Amantarrak eramaten omen zituzten jantzita. Zakuetatik ateratako tela zatiekin (eta beranduago paper-fabriketako mantekin) eginiko galtzetin edo polaina modukoak, abarken gainean jartzen zituztenak. Eta zakutoan eramaten omen zuten jan beharreko guztia, jateko denborarik bazuten, behintzat… Garrafoiak ere eramaten omen zituzten sagardo berriarekin; izan ere, zaharrenen esanetan, «sagardo berriak harrapazka egunerako egina behar zuen». Beste batzuk, ordea, «herriaren kontura joaten ziren bazkaltzera», esan digu Antoniok. Udaleko ordezkariak eta landazainak ere bertan egoten ziren, baita Aldundiko ordezkariren bat ere, «baina haiek jatetxetik ekarritako janaria jaten zuten, e? Eta iñostorra ebaki gabe! Gure kontura!».
Iluntzean ere izaten omen ziren komeriak. Jendeak ilun-bistan ebakitzen jarraitzen omen zuen, eta landazaina zelatan ibiltzen omen zen, arropak aldatu eta txapela alderantziz jantzita ea zein harrapatuko. «Ilargitan lapurtu ederki egiten da», esan digu barrez Pedrok.
Ezinbesteko lehengaia zen iñistorra, ganadua zuen baserritarrarentzat. Ganaduaren azpitarako (oheak egiteko) gauza hoberik ez omen zen. Azpitarako erabilitakoarekin egiten zen simaurra ere, baratzerako ongarria.
«Urrea baino estimatuagoa huen! Orain txerria erretzeko adina ez zen bilduko!», dio Pedro Santa Kruzek, iñistor-tokiak desagertzen ari direla adieraziz.
Istiluak, lehia... eta auzolana?
Istilurik ere ez zen falta, itxuraz: «hi gure partzelara sartu haiz!», «guk ebakitako iñistorra jaso duk!»… Izan ere, harrapazka lehia zen. Eta horrek liskarrak eta komeriak ekartzen zituen. Udalak behin baino gehiagotan atera behar izan zituen bandoak legeak gogoraraziz. Baina iñistorra behar beharrezko lehengaia zen, eta horrek auzolanean lan egitera ere behartzen zituen bizilagunak.
Iñistorra mozteko garaiaren aurretik, aaldiya (araldia) izenekoa egiten zuten (zenbait herritan malobra ere deitzen zioten). Araldia auzolanari esaten zitzaion; iñistor tokietara zihoazen gurdi bideak konpontzeko eta txukuntzeko egiten zen auzolanari. Bertara familia bakoitzak ordezkari bat eramateko betebeharra zuen, eta ezin bazuen bidali, ordezkoa aurkitzea euren lana zen. Udalak bando bidez jartzen zuen eguna, eta bideak konpontzeko taldeak egiten zituen. Inguruan aurkitzen zituzten harri eta materialak erabiliz konpontzen zituzten gurdi-bideak. Gure testiguek, ordea, beste mota bateko kontuak ere gogoratzen dituzte. Izan ere, Udalak ardoa jartzen omen zuen doan, eta ba omen zen jenderik, bertsoak botatzen bukatzen zuenik ere egun hartan…
Aaldiya eta Harrapazka Egunaren ondoren, ebaki eta mendian lehortzen utzitako iñistorraren bila gurdiekin joateko garaia iristen zen. Askok gune jakin batean egiten zuten zita gurdiekin, eta elkarrekin joaten ziren guztiak bata bestearen atzetik iñistorraren bila, «trena bezala!», «gurdi soinu ederrak ateratzen», gure testiguen arabera. Familiakoen artean jende nahikoa ez, eta baserrien arteko auzolana ere izaten zen askotan, bai iñistorra jasotzeko, bai metak egiteko ere.
Emakumeak ere iñistorretan!
Diotenez, iñistor moztea baserri gehienetan «gizonezkoen lana» izaten zen, baita loteen garaian ere. Baina baziren hortan aritzen ziren emakumeak. Maria Rita Miranda 14 urtetatik ibilia da: «iñistor bila juten nitzan. Segakin eta danian ibiltzen nitzan anaiakin. Biltzen eta dena! Eta ahizpa ere juten zan noizbehinka biltzea». Kepa Urreagak ere bere arreba Pili ezagutu zuen iñistorra jasotzera joaten. Ama, ordea, etxean geratzen zen. Izan ere iñistorra udazkenean mozten zen, eta «gure amak udazkenai ziyon beldurrik handina. Lanik gehina ordun izaten zan: babarruna bildu, saarra bildu, iñularra motxa… Gizona mendia jun ta...».
Baina iñistorra moztu eta jasotzeaz gain, etxera eraman ere egin behar zen. Ereñotzun gogoan dute nola ibiltzen zen Pepita Arbide: «gizonak bezela, iñixtorra kargatzen, biltzen eta… Hain atta Antxelmo iñistor pilan lo eta alaba gurdikin». Duela gutxi utzi gintuen Pepitak ere gogoan zituen garai haiek: «atta goiz jeikitzen zan ganaduai pentsua eman eta ikuiluko lanak itea. Hauek bukatzian jeikitzen gintun, 05:30k aldea. Bea karruan lo eta ni ganaduakin aurrian Santa Barbaratik Latxea jute giñan!».
Pago zaharra, jauntxoak eta neska gaztea
Igoin-sasin izaten omen zen pago zahar bat. Eta pago zahar haren azpian elkartzen ziren Udalekoak eta Aldundikoak bazkaltzera, Harrapazka Egunean: Hernaniko alkatea, garai hartako zinegotziak, diputazioko guardak eta herriko guardak izaten ziren han urtero-urtero. Bazkaria Epeleko Etxeberritik edo Fagollagatik ekartzen zieten. Antonio Santa Kruzek gogoan du nola Bernardina Marcok eraman izan zuen bazkaria hauentzat «burun edo bizkarrian. Eta aberia libre bazan, aberiakin». Eta gogoan du ere pasadizo bat: udaletxekoei ardoa zatoan edatea gustatzen zitzaiela eta Bernardina enbutu gabe igo zela konturatu omen zen Igoin-sasin bertan. Akola baserrira joan behar izan omen zuen enbutu bila, berriro Igoin-sasira bueltatu eta jauntxoei ardoa zatoan sartzeko. «Ze amorraziyo ekarri zun!», esan digu Antoniok.
Errenterian ere baziren Harrapazka Egunera joaten ziren neska gazteak. Salbador Zapirain Atañok Txantxangorri kantaria izeneko liburuan ederki asko kontatzen du nola baziren familiak alaba eramaten zutenak: «Aita sasoikoa oraindik, mendia añako bere iru semerekin, eraso zioteken lanari. Baña eten gabeko kaskabar ta euri-jasa artan, etzioteken neskatxari lanean utzi. Ura sukal-zai jarri ziteken. Aterrunetan, berriz, salda beroa ardo-txurrupa batekin edo beste zerbait bixigarri eramaten zieken lanean ari ziran bere aita ta anaiei». Sukaldeko lanak ez ziren nonbait lantzat hartzen, oraindik gertatzen den bezala. Garbi dagoena da, eguraldia zela medio ez zela iñistorretan aritu, bestela bazuela asmoa.
Iñistor mozketak, XVII. mendetik
Bilatu ditugun Hernaniko Harrapazka Egunaren aurreneko aipamenak 1826koak dira, nahiz eta XVII. mendean dagoeneko Hernaniko dokumentuetan iñistor mozketei buruzko aipuak ere azaltzen diren. Ez dakigu ordea, garai haietan mozketa hauek harrapazkan egiten ziren. Harrapazka Eguna, hasieran Hernaniko herri-lur eta zilegimendietan egiten zen. XIX. mende erditik aurrera, herri-lurrak eta zilegimendiak lote eta partzeletan banatu ziren, eta horietako asko iñistor-toki bihurtu ziren. Ordutik aurrera, Igoin mendiaren magalean, Igoin-sasi izeneko eremuan egin zen Harrapazka Eguna, 1941a bitartean. Urte horietan, legeak zertxobait aldatu baziren ere, helburuek lehengoan jarraitu zuten.
Harrapazka Eguna egiten zen, baita ere, Andoainen, Urnietan, Errenterian eta Oiartzunen. Herri bakoitzak bere ezaugarriak bazituen ere, oinarrizko legeak antzekoak ziren.
Herritarrek jarritako izena
1826ko dokumentuan, «corte de alhechos» aipatzen da gure Harrapazka Egunari buruz aritzeko. 1920an, ordea, Hernaniko alkate Gregorio Mendiak sinatutako bandoan, «corte de helechos conocido vulgarmente por arrapatzka» idatzi zuen. Herritarrek urtetan erabilitako izena, beraz, izen ofizial bihurtu zen XX. mendearen hasierarako, eta Udalean bertan ere erabiltzen hasi ziren. 5 urte geroago, 1925an, agertzen da harrapazkari buruz ateratako aurreneko euskarazko bandoa. Eskuz idatzitakoa, gainontzekoak ez bezala. Zera dio: «Alcate jaunaren partetic aicea ematen det, illonen 9 izango dala iñostorren arrapazca, ezdala izango astia coetiac bota arte lengo urtiatan becela». 1942an, Harrapazka Eguna ospatzeko egun bakarra falta zela, Ricardo Rezola alkateak deia egin zuen, kasu honetan ere euskaraz, hau ez zela egingo adieraziz: «Alkate jaunak adierazten dizute. Arrapatzka debekatuba geldintzendala Usoko mendiyan, aldaketa egindako lekubetan». Udalak ateratako bando honek eman zion bukaera Hernaniko Harrapazka Egunari.