Garagardotarako lupulua Euskal Herrian: iragana edo etorkizuna?

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Sanz Azkue 2017ko urt. 28a, 01:00

IÑAKI SANZ-AZKUE
Argia aldizkarian argitaratua

Artikulu honen autoreak eskerrak eman nahi dizkie euren etxeko ateak ireki dizkioten elkarrizketatu guztiei, bai eta ikerketan zehar euren informazioa eta laguntza eman dioten guztiei ere. Mila mila esker.

Testigu batek eman zidan lehendabiziko abisua: «lupu­lua­ren hau, kontu misteriotsua huen». Gero konturatuko nin­tzen zerbaitetan behintzat ba­zu­e­la arrazoia. Euren baratzetan lupulu landaketak jarri zituzten testigu gehienak hilik dira, eta euren seme-alaben testigantzak baino ezin ditugu jaso. Artxi­boetan ezer gutxi, eta bertako liburuetan ere aipamenak bakanak dira. Argazkiez, zer esanik ez. Arrastoei tiraka aurkitu ditugu hainbat artikulu zahar, egin ditugu hogei bat elkarrizketa eta artxiboetako dokumentuen kon­tsulta. Eus­kal Herriko lupuluaren historiari arrastoa ateratzeko mo­duan, behintzat, bagara.

Zortzi metroko arbak baratzeetan
«Arba luzeak izaten hituen ba­ra­tze­etan. Eta hauetatik gora igotzen huen lupulua, babarruna be­za­la!». Lupulu landaketak ezagutu zituzten guztiek na­barmentzen dute gauza bera. Guda ostean, lu­puluaren etorrerak baratze as­ko­tako paisaia aldatu zuen. Lu­rre­an sartutako dozenaka makila lodi eta luze haiek arreta deitzen zuten. Eta oraindik ere herritar askok dute irudi hura gogoan. Lupulu landaketetan 6-8 me­tro­ko arba, zurkaitz edo makila lu­zeak jartzen ziren zutik, errenkan, «bata bestetik metro eta er­di, bi metroko distantziara» le­kua eta baserritarraren arabera. Sasi-akaziaz edo gaztainez eginak izaten ziren. Geroago etorriko ziren arba hauek ordezkatuko zituzten alanbreak, lanerako hobeak.
Arbak lurrean sartu aurretik, ordea, izaten zen lana, zulo sakonak egin eta lupulu landare berria sartzen. Lupulua pujatik ateratzen zen. Ez zen ereiten. Horrela, aterako zen landarea emea zela ziurtatuta zegoen. Garagardoa egiteko, landareak emea behar zuen eta. Hauxe izaten zen prozesua: landaretik ateratako puja be­rri­ak mozten ziren. Ondoren, uda­berri hasieran, landatu eta hauen aldamenean sartzen zi­ren arbak edo makilak. Lan­darea hazten zihoan heinean, arbara gidatu eta enborrean gora igotzen zen lupulua: «uda hasierarako 6-8 metroko altuera hartzen zian».
Abuztu erditik aurrera hasten zen lorea botatzen lupulua, iraila erdira arte. Orduan beste une preziatu bat zetorren: lupulu-lorea jasotzeko garaia.

Lupulua (Humulus lupulus)
Lupulua edo zerbeza-loria (Hernani), zerbeza-landaria (Hondarribia), otsaihena (Nafarroa) edo bierbelarra (Iparraldea), Cannabinacea familiako landare belarkara da. Lur azpian errizoma izan ohi du eta bertatik, urtero, lupulu landare berriak jaiotzen dira. Igokaria da, aihena, zurtoinean dituen ile txiki eta sendoak erabiliz beste landareetan edo zurtoinetan gora egiten du, sei-zortzi metrorainoko altuerara iritsiz.
Espezie dioikoa izaki, lore arrak eta emeak landare bereiztuetan izan ohi ditu. Lore emeak (ernaldu gabeak) garagardoa egiteko erabili izan dira XIV. mendetik; izan ere, euren barruan duten lupulina izeneko erretxina da garagardoari usaina eta zaporea ematen diona. Hau dela eta, lupulu landaketetan soilik ale emeak hazten dira.
Egun dozenaka lupulu barietate dauden arren, Euskal Herrian bada bertako lupulua ere, modu basatian erreka ertz eta hezetasun handiko gune epeletan hazten dena.

Emakumeak eta umeak, lupulua biltzen
Europa erdialdean, lupuluaren tradizioa oso errotuta dagoen lekuetan, lorea jasotzea festa handia izaten zen. Jende andana elkartzen zen lupulu landaketetan, jasotzeari berari festa giroa emanaz. Euskal Herrian, ordea, jasotze prozesua oso bestelakoa izaten zen. Lan­da­ke­ta gehienak tamaina txikikoak izan ziren, gomendatu ere hala egiten baitzuten. Ho­ne­la, familia bera izaten zen lo­rea jasotzeaz arduratzen ze­na. «Etxekoak egoten gintuan ja­sotzen. Lan gogorra izaten hu­en. Eguzkiak bete-betean jo­tzen zian eta euriarekin ezin jaso».
Hernanin, ordea, bazen lupulua jasotzera herriko jendea eramaten zuenik ere. Antonino Pagolarena izan zen Gipuzkoako lehendabiziko lu­pu­­lu landaketa, Urumeako erri­­beran, Portu auzoa eta Ka­ra­bel auzoaren artean; eta 1945erako, jada 100 landare zi­tuen sartuak. Urtero-urtero, As­ti­garragako Ergobi auzotik eta Hernanitik familiak joaten zi­ren lupulua jasotzera, Pagola­ren terrenora. «Familia osoa joaten gintuan. Etxean diru gutxi eta zer erremedio! Sos batzuk irabazten genizkian han eta!». Emakumeak eta umeak izaten ziren, batez ere, jasotzen zutenak. «Bi-hiru aste pasatzen genizkian jasotzen, egunero egunero».

Lupulu-lorea, landaretik lehortzeko plantara
Lorea zegokion garaian bildu be­har zen, ez lehenago, ez ge­roago. Horrek ziurtatuko zuen lupulina, garagardoa egiteko erabiltzen dena, bere punturik onenean egotea. Hau dela eta, baserritar askori erakutsi egin behar izan zitzaion, zein zen lorea biltzeko momentu egokia, urte osoko uzta galtzeko arriskua baitzegoen bestela.
Jaso baino egun bat lehenago, lurretik metro erdira mozten zen landarea. Hurrengo egu­nean, arba lurretik atera lan­dare eta guzti eta etzanda jar­tzen zen, altuera txikira, ese­ri­ta ahal bazen edo lurrean bes­te­la, loreak banan-banan moz­te­ko, batzuetan guraizeekin, as­ko­tan azazkalekin. «Guk eskai­le­rekin jasotzen genian», aipatu di­gu beste testigu batek. Ja­so­ta­ko loreak saskietan pila­tzen zi­tuz­ten, hortik zakuetara pasatzeko.
Antonino Pagolaren landaketara biltzera joaten zirenek, pisuaren arabera kobratzen zuten «egunean bertan. Han­txe zakua pisatu eta ordain­tzen zitean». «Ondoren zakuak zaldi-karroan jarri eta Ergo­bira eramaten zitean lupulua». Gainontzeko baserrietan, ahal zuten moduan moldatzen zi­ren zakuak Ergobira eramateko: «anaia, bizikleta zaharra hartu eta atzean zakua jarrita joaten huen!». Bestalde, Mu­tri­ku­tik esaterako, Astigarraga urru­ti zuten, eta trenez ga­rra­ia­tzen zituzten zakuak.
Zakuak Ergobin utzi eta zegokiena kobratu ostean, landaketaren jabeak bere lana bukatua zuen. Hortik aurrera, Estatua edo kasu honetan Fomento del Lúpulo delakoa zen hurrengo pausuaz, pausu delikatuaz arduratuko zena: jasotako lorea lehortu egin behar zen.

Lorea lehortzea
Espainiako Estatuan lupulu landaketak hasi zirenean, ba­se­rritarrak izaten ziren lehor­tzeaz arduratzen zirenak. Le­hor­tzea, ordea, kontu handiz egin beharreko prozesua zen. Gutxiegi edo gehiegi lehortzea, biak ala biak ziren txarrak, eta aurreneko urteetako esperien­tzia eskasa ikusita, Estatuak lorea jaso berri zegoela biltzea erabaki zuen, azken pausua, lehortzea eta fabriketara bidal­tzea, euren esku hartuz.
Lehortzeko, noski, hezetasun gutxiko lekua behar zuen, eguzki askorik gabea, baina haize pixka bat sartuko zena. Baserrietako ganbarak leku egokiak ziren, baina Estatuak bere esku hartu zuenean, lehortze-plantak sortu zituen, sistema askoz egokiagoekin: lehortzeko labeak eta egurrezko kaxoiak zituzten. Ergobi au­zoan zegoen, esaterako, lupulu-lorea lehortzeko planta. Er­go­biko lehortze-plantako labea, koke ikatzarekin zebilen: «gu­re aitak eraman zian gurdikada bat koke Amaratik Ergobira, lupulua lehortzeko plantara».
Behin lehortuta, lupulua prest zegoen fabriketara eramateko eta garagardoa egiteko erabiltzeko.

Lupulu landaketak, Hego Euskal Herrian
Antonino Pagolak 1945ean jarri zuen lupulu landaketan, Es­pai­niako Gobernuko Dirección Ge­neral de Agricultura izan zen sustatzailea. Bertan, Golding edo Dorada de Kent izeneko barietatea sartu zuten, 1914an Leopoldo Hernández Robredo izeneko ingeniari agronomoak Ingalaterratik Galiziara eraman zuena, hain zuzen ere. Harrituta gelditu zen Galizian erreka ertzetan modu basatian hazten zen landarea, Ingala­te­rran garagardoa egiteko landatzen zutela ikusita. Honela, A Coruñan lupulu landaketak sortzeko probak martxan jarri zituen segituan. Modu basatian bazegoen, zergatik ez zen ba bertan landatzerik izango?
Bitartean, gero eta garagardo fabrika gehiago zegoen Espainiako Estatuan, eta denek kanpotik ekartzen zuten lupulua. Alemaniatik eta Austriatik ia kasu guztietan. Galizian lupulua landatzeko egin zituzten probek, ordea, emaitza bi­kainak eman zituzten, eta ikusi zen, gainera, kanpokoa baino prezio hobeagoan ekoiztu zitekeela. Saiakera bat edo beste egin arren, gauzak ez ziren asko aldatu, eta fabrikek kanpotik erosten jarraitu zuten.
1930eko hamarkadaren ha­si­e­ran, landaketa proba berriak egin zituzten Galiziatik kanpo, hiru lekutan: Granadan, Bizka­ian eta Nafarroan, bertako al­dun­diek bultzatuta.
Esperientziaren emaitza onak ikusita, 1949an lupulu landaketak zabaltzen hasi zi­ren: 1950erako Hego Euskal Herrian 20.000 lupulu landare zeuden, 225 nekazariren ardurapean. Bizkaian, Araba iparraldean eta Nafarroako Goi­zue­ta herrian eta Baztan, Ara­kil eta Iruñeko bailaretan ere ezarri ziren. Gipuzkoako hogei he­rritara ere iritsi zen: Hon­da­rri­bia, Oiartzun, Astigarraga, Her­nani, Usurbil, Orio, Gabiria, Mutiloa, Azpeitia, Mutriku, Oñati…
Baserritarrek aholkularitza behar izaten zuten, eta Vicente Ruigómez Velasco izan zen So­ciedad Anónima Españolaren izenean aholkulari lanak egin zituena. Eta itxura guztien arabera, herrialde bakoitzean arduradun bat egon zen Ruigó­me­zen azpitik. Gipuzkoan, au­rre­neko landaketa jarri zuena An­tonino Pagola izan zen. Honek koordinatzen zituen ekarri beharreko landareak, jaso beharreko zakuak eta bakoitzari ordaindu beharrekoak. «Gure aita Antoni­no­re­kin moldatzen huen, hark esaten ziguken baita jasotzeko ga­raia noiz huen ere».
Espainiako landaketa eremuekin alderatuz, ordea, Hego Euskal Herriko kopuruak txikiak izan ziren. Esaterako, Gipuzkoan 1945etik 1958ra 10 hektareatan mantendu ziren landaketak, baina segituan murrizten hasi ziren, eta 1968rako desagertu egin ziren. Nafarroan, 1930ean lehenbiziko probak egin bazituzten ere, 1956an hasi ziren lupulu landaketak sortzen. 3 hektarea izan ziren aurrena, eta segituan 2 hektareatara pasa zen eremuaren azalera; 1966an desagertu zen. A Coruñan, aldiz, 1957an Gipuzkoan baino 12 aldiz lupulu hektarea gehiago zegoen, eta Leonen 17 aldiz gehiago.

Iragana ala etorkizuna?
Lupulu landaketek hogei urte eskas iraun zuten Hego Euskal Herriko baratzeetan. Hauetako askok, gainera, bi-hiru urte baino ez zuten iraun. Hasieran diru-laguntzak jaso zituen sektorea, indarrean hasi zen, baina pixkanaka desagertzeko joera egin zuen eta garagardo fabrikak, berriro ere, lorea kanpotik ekartzen hasi ziren.
Egun, Euskal Herrian ekoizturiko garagardo artisauak indarra hartu duen honetan, badira bertako lupuluaren aldeko apustua egin dutenak. Agian, Euskal Herriko lupulu landaketak ahaztutako historia baino, etorkizuneko historia izango dira.


Txanelan errioa zeharkatu eta lupulua jasotzera!

Antonino Pagola hernaniarra izateak, noski, eragina izan zu­en Urumea bailarak lupuluarekin izan zuen harremanean. Honela, Antoninok bultzatuta, lupulu-landaketak jarri ziren Astigarraga, Hernani eta Goi­zu­e­­tako erriberetan. Astigarragan Desierto baserriaren inguruan landatu zen lupulua, Hernanin Akarregi eta Pagoaga arteko erriberatan 10 familia ezberdinek izan zituzten landaketak (Akarregin, Portun, Ibarluzen, Lizarran...); eta Goizuetan Ola­be­rri­ko errota eta Idoitako askaren inguruetan izan ziren. Gi­puz­koako lehortze planta bakarra ere, Urumeako bailaran izan zen, Ergobin hain zuzen ere.
Oiarbidetarrek ere hara, Er­gobira eramaten zituzten Latxe in­guruan zituzten bi landaketetan jasotako lupuluak. Lan­da­ke­tetako bat Abillats baserri pa­retik hasi eta Latxeko fabrikako etxerainokoa zen, 100 landare inguruz osatua. Bestea, ordea, txikiagoa, Urumearen kontrako aie­kan zegoen. Lupulua jasotzeko, beraz, errioa gurutzatu be­har, eta txanela izeneko ontzi txikia erabiltzen zuten, agaia edo pertiga baten laguntzaz mugitzen zutena. Gogoan dute oraindik ere, aitak behin eduki zuen sustoa: «erriyua hazita zetorren batian, iya presan behera erori hun txanela eta guzti!». Lupulua jaso ostean, zakuetan sartu eta txanelaren bidez Latxera eramaten zuten. Handik, bizikletaren parrilan zakuak jarrita Ergobira eramaten zuten lorea, Antoninoren­gana. Berak erabakitzen zuen lupuluaren kalitatea. «Loria go­rri xamarra bazan, segundakua zan, eta berdia, primerakua».
Urumeako landaketak izan ziren inguruetan, oraindik ere aurki daitezke landaretzan gora igotzen diren lupuluak. Hauek izango dira, agian, Urumea bailarako historia bitxi honen azkeneko arrastoak.

Gerrek utzitako herentzia

1944an, II. Mundu Gerraren on­dorioz, Alemaniatik ez zen lu­pulurik iristen, eta Espai­ni­a­­ko Nekazaritza Minis­te­ri­tzak dekretua atera zuen 1945eko maiatzaren 23an, lan­daketei buruzko legeak eza­rriz. Ga­ra­gar­do fabrikek So­ciedad Anó­ni­ma Española de Fomento del Lúpulo sortu zu­ten, eta Es­pai­niako lupulu lan­­daketen ku­deaketaz ar­du­ratu ziren, beti ere Sección de Fo­men­to­ko­en begiradapean. Ga­ra­gar­do fabriken artean, Hego Eus­kal Herriko fabrika esangura­tsu­enak zeuden: Juan y Teo­do­ro Kutz (Donos­tia), La Cer­ve­cera del Norte (Bil­bo), La Sal­ve (Bilbo), La Viz­caí­na (Bilbo), Cer­vezas Knorr (Gas­teiz). Hauen itzalean, pix­ka­naka lu­pu­lu landaketak He­go Euskal Herrian sartu zi­ren, eta garagardo fabrikak, ahal zuten heinean, bertan lan­daturiko lupulua erabiltzen hasi ziren, garagardoa ekoizteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!