Agur (Antxon) eta ohore (Toñin)

Erabiltzailearen aurpegia Tomax Arotzena Zubeldia

Zalaparta handirik gabe utzi gaituk. Ez hintzen, ez, harrabots handikoa.

Andre kalean sortu hintzen. Mutikotan, beheiti Portura eta duela urte batzuk berriro goiti. Erretreta gazterik hartu izaki, ez duk geroztik txango gutti eman.

Hernaniko futbol taldeko kide, urtetan izan hintzen. Gogoan diagu, baita ere, Lasarteko kros-laisterketaz gozatzera Hernanitik bertara urte anitzetan egin paseotxoa, baita -nola ez?- udako zaldi laisterketak hurbiletik bizitzera. Nonbait, aski ez eta horratx jauzi handi samarra; izan ere, cours de cheveaux (Grand-Prix barne!) oso gogokoak hituen eta urtetan (zenbatsu geuk ez gogoan) Eugenio sozio-lagun izanik hamaika promenade emanak Parisko kaleetan besteak beste. Montparnasse, Jardins des Tuilleries, Luxembourg, Quartier Latin, Montmartre, Bois de Boulogne barna.

Ezin utzi errepaso xume hau Frantziako Tourarekiko izan zaletasuna aipatu barik. Hasi A. Darrigade, L. Bobet, J. Anquetil, E. Merckx hain maite huan F. Gimondi, Indurain, Pantani... Hauen garaipenak, urteak e.a. jakiteko iturri oparoa bezain fidagarria izan haiz. Zenbaki alorrean hagitz ongi moldatu haiz beti. Bai horixe!

Hire hutsunea nabarituko ditek datorren uztailean (Baldo, Eugenio, Joxemari eta Struch.ek) hire lagun minak. Lehenago taldea utzi zutenekin: Pippo, Nikolas, Txikote e.a., horiekin guztiekin izanen haiz jada. Besarkada estu bat denontzat.

Gibelsolasa:

Zertzelada hauekin amaitu aitzin, Hatxe eta Olga gogoan zaituztet, aurtengo gabonetan anaia nagusia Bargotan zai izanen duzue. Musu bana!
 

Tomax Arotzena Zubeldia 
Hire lagunen izenean

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!