Azaroaren 14an, Alderdi Popularrak informazio-mahai bat jarri nahi izan zuen Hernaniko Ezkiaga pasealekuan, Ertzaintzaren babespean. Berrehun bat lagunek eragotzi zuten. Gero, ohiko korua: Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, alderdi parlamentarioak eta komunikabide nagusiak, denak «indarkeriaren» aurka eta «askatasunaren» alde.
PP Espainiako alderdi erreakzionario nagusia da, frankismoaren oinordekoa: Alianza Popular gisa sortu zen, Fraga ministro frankistak bultzatuta. Oinordetza horrek odol arrastoa du Hernanin: hilerriko hormaren kontra fusilatutakoak, talde parapolizialek eraildako herritarrak, atxilotuak, komisaldegietan torturatuak, itxitako egunkariak… Gaur, Voxekin bloke bera osatzen du: Gipuzkoan Senaturako zerrenda kendu du, hari bidea uzteko. Eta haren administrazioek Vito Quilesen gisako agitatzaile faxistei ordaintzen diete.
Ez zuten ba alfonbra gorririk espero, ezta? Jakina dugu, PPko umemoko hori probokatzera etorri zela, denok genekien hori. Baina, aitzakia horren pean herriko plaza hartzen utziko diegu emakumeen, langileen, etorkinen, euskararen eta abarren kontrako diskurtso eta praktikak dituztenei? Ziklo elektoral bakoitzean Vox eta PP herriko plazan ikustea onartu behar dugu? Kultura politiko antifaxistak ezin du hauteskundeetan alderdi elektoralen interesetara mugatu, hauteskundeetatik harago mundua dago eta faxismoaren normalizazioa borrokatu egin behar da.
Bizi ditugun garai berri hauetan arrautza eta petardo batzuk «indarkeria» dira. Familia bat etxetik botatzea, ordea, legea; manifestari bat jipoitzea, ordena; komisaldegiko isiltasuna, prozedura. Kontua ez da zer egiten den, nork egiten duen baizik. Begira bestela hortzetaraino armatutako Nucleo Nazionalekoak...
Ezkerreko alderdiek hobe lukete fokua bestelako biolentzietan jarriko balute, Hernaniko gertakariak errefuxatu beharrean. Horretan ere, ezkerrak ezberdin behar luke eta zoritxarrez, ez da. Ezin dira faxistei aurre egiten dioten gazte nahiz herritarrak kriminalizatzeko kanpaina hauspotu.