Azken hilabeteetan Hernani I eta II proiektuari buruz idatzi diren hainbat iritzi ikusita, transizio ekosozialari buruzko pare bat ideia mahai-gaineratu nahi ditugu.
Amasa-Villabona eta Hernani ez dira salbuespen Euskal Herriko transizio energetikoaren egoeran. Kontsumo energetikoaren oinarrian petrolioa eta gasa kokatzen dira: gure energia kontsumoaren %80! Eta tamalez, gure jardun gehienen bitarteko dira, garraioa, lana, kontsumoa edota etxebizitzan. Inpaktu fosil haundi horri izena jartzeko, PetroHerria terminoa sortu dugu. Denok ados izango gara, eredu horrek ataka zibilizatorio batetara ekarri gaituela: gure lurra xahutzen ari gara, abiadura oso handian eta ondorioak pairatuko ditugu. Bai ala bai. Galdera edo zalantza ondorengoa da, nolakoak izango dira pairatuko ditugun ondorio horiek? Klima-larrialdiaren aurrean ezer egiten ez badugu, lurraren xahuketan sakonduko dugu eta egoera geroz eta okerrago batean murgilduko gara. Dagoeneko overshooting-a 1.5ºC-takoa baino handiago izango dela aurreikusi dute zientzilariek. Aurtengo udan 649 pertsona hil dira gehiegizko beroaren ondorioz -EAE eta Nafarroan-, eta proportzionalki Hernani eta Amasa-Villabona herrietan 8 pertsona hil dira horren ondorioz. Hori da ezer ez egitearen prezioa. Normalizatuta dugun arren, gure bizi estiloak ondorio oso larriak dakarzkigu. Erretzen dugun gasolina litro bakoitzak heriotzak sortzen ditu eta biodibertsitatean galera larriak sortu (IPCC).
Egoeraren aurrean, beharrezkoa dugu transizio justu eta azkar bat. Ondorio kaltegarri horiek minimizatuko dituena. Minimizatu diogu, jadanik hainbat ondorio saihestezinak izango direlako. Eta transizioak denetarik beharko du; instalazio txikiak, ertainak eta handiak. Jabetza publiko, komunitario, mixto eta pribatuak. Ekainean aurkeztu genuen Agertokia 2050 dokumentuan nonnola-zenbat beharko dugun zehazten saiatu ginen. Labur-labur azalduta, beharrezkoa izango dugu kontsumo murrizketa potente bat (%45 ingurukoa), ahalik eta gehien elektrifikatzea honekin eraginkortasuna lortuz, eta azkenik, energia sorkuntzan fosilak berriztagarriekin ordezkatzea (eguzki plaka eta errotak). Azken hauekin, energia-efizientzia handiagoa edukitzeaz gain, burujabetza energetikoa lor daiteke, kanpo-eragileekiko menpekotasuna murriztuz. Proiektu zehatzei begira, ingurugiro organoari dagokio toki guztiak aztertu ondotik zein eremu egoki diren ezartzea. Ingurumenaren Eraginaren Adierazpena positiboa izanez gero, publiko eta herritarra izan dadin borrokatu beharko dugu. Stop Fosilakek nahiko luke instalazio horien jabetza %100 publikoa edo komunitarioa izatea, baina egungo egoeran hori ez da erreala. Epe motzean instalakuntza hauek jabetza partekatuak beharko dituzte azkar egingo badira. Eta atzera kontaketa ezin da eten. Ezer egin gabe igarotzen den segundu bakoitza gure aurka doa.